Telesailen kulturari buruzko jaialdi bat egingo dute Donostian

Mahai inguruak eta proiekzioak egingo dituzte, maiatzaren 29tik ekainaren 2ra. Telesailen loraldia ikuspuntu kritikotik landu nahi dute

Patxi Presa, Denis Itxaso, Jon Paul Arroyo eta Maria Jose Telleria, atzo, jaialdiaren aurkezpenean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2018ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Udaberri honetan, telesailen bi jaialdi garrantzitsu egin dituzte: bata, Cannesen (Okzitania), eta bestea, Lillen (Frantzia). Apalago, baina telesailen loraldia ikuspuntu kritiko eta ludikotik lantzeko asmoz, Crossover jaialdia antolatu dute Gipuzkoako Diputazioko Kultura Departamentuak eta Kultur Factory enpresak. Donostian egingo dute lehen jaialdia, maiatzaren 29tik ekainaren 2ra. Mahai inguru gehienak Koldo Mitxelena kulturunean egingo dituzte, eta telesailen proiekzioak, Tabakaleran —ekitaldien sarrera doan izango da, eserlekuak bete arte—.

Euskarazko ekitaldi bakar bat egongo da jaialdian: hilaren 30ean, Flashforward: fikzioa errealitatearen aurretik izenburuko mahai inguruan parte hartuko dute Katixa Agirre idazleak, Gaizka Izagirre telesailen blogari eta kritikariak eta Irati Jimenez idazleak —Xabier Paia ariko da moderatzaile—. Modu honetan planteatu dute gaia antolatzaileek: «Azken urteotan, ezagutzen ez dugun etorkizunaren isla izateko ahalegin handia egin dute telesail ugarik, dela distopia futuristak baliatuz, dela pertsonaia, rol edo narratiba berriak erabiliz». Hainbat telesail ezagun erreferentziatzat hartuz ariko dira solaskideak gai horren inguruan.

Movistar+, HBO eta AXN

Donostian aurkeztu zuten atzo Crossover, eta Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirolak diputatuak jaialdia antolatzeko arrazoien berri eman zuen: «Kulturaren arloan eta ikus-entzunezkoaren alorrean, iraultza handiena telesailen fenomenoa da une honetan. Agerian gelditzen ari da telesailen indarra berebizikoa dela; aditu askok diote gidoigintzaren talentuaren parte handi bat telesailetan dagoela». Kontsumo ohiturak ere asko aldatu direla gogorarazi zuen Itxasok. «Ez dugu nahi jaialdi hau aisialdirako eremu bat bakarrik izatea; eztabaidatzeko eta ikuspuntu kritikotik begiratzeko asmoa dugu».

Mahai inguruak ez ezik, telesailak egiten ari diren profesionalen aurkezpenak eta estreinaldi bereziak ere egingo dituzte. Movistar+, HBO eta AXNren telesailen proiekzioak egingo dituzte Tabakalerako zinema aretoan: hilaren 31n, Movistar+ plataformaren El día de mañana telesailaren aurrestreinaldia egingo dute —Mariano Barroso zuzendariak solasaldi batean parte hartuko du egun berean—; ekainaren 2an, Bron telesailaren denboraldi berriko lehen atala emango dute AXN katearen eskutik, eta, egun berean, HBO katearen Succession ikusi ahalko da —Lilleko Series Mania nazioarteko jaialdia hasteko estreinatu zuten, apirilaren 27an—.

HBOren estreinaldi berezi bat ere izango da jaialdiaren azkeneko egunean: HBOren Fahrenheit 451 filmarena. Ray Bradburyren eleberri distopikoa 1953an argitaratu zuten, eta, gero, François Truffaut zinemagileak film bat egin zuen, 1966an. Bertsio berriaren zuzendaria Ramin Bahrain da, eta aktore protagonistak, Michael B. Jordan eta Michael Shannon.

Aipatutako proiekzio horiek jatorrizko bertsioan egingo dituzte, gaztelaniazko azpidatziekin. Euskarazko azpidatzirik ez da egongo aurten; jaialdiko antolatzaileen arabera, telesail horiek estreinaldiak dira, eta plataformek ez dute aukerarik ematen aurrez edukia izateko eta, horrenbestez, euskaraz azpidazteko.

Proiekzioez gainera, Kutxa kultur plazan —Tabakaleran— bi ekitaldi berezi egingo dituzte ekainaren 2an: #Birraseries solasaldian, gogoko telesailak defendatuko dituzte —garagardoak lagun— Amaia Garcia kazetariak, Gaizka Izagirre kritikariak, eta Valentina Morillo eta Marina Such Fuera de series webguneko erredaktoreek.Lau lagun horiei Alvaro Onieva kazetaria eta Mikel Sanchez podcaster-a gehituko zaizkie, #Pechakucha Tres Series Top izenburuko solasaldian.

Bestalde, true crime generoarekin —benetako krimenetan oinarritutako generoa— lotutako bi ekitaldi antolatu dituzte: mahai inguru bat Helena Taberna zinemagilearekin, Justin Webester dokumental egilearekin eta Elias Leon Siminiani zinemagile eta ekoizlearekin. Eta Siminianik berak —non fiction-aren bidea hartu du—, Elias Kerejereta zinema eskolaren eskutik, master-class bat emango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.