'Gu ta gutarrak' gazteentzako beste saio batekin ordezkatuko dute

Kataluniako 'Merli' telesaila euskarara bikoiztuta emango du ETBk urtarrilean. Emakumezkoen kirolari «ikusgarritasuna» emango dio EITBk
Edu Barinaga ETBko zuzendaria, atzo, Eusko Legebiltzarrean.
Edu Barinaga ETBko zuzendaria, atzo, Eusko Legebiltzarrean. EUSKO LEGEBILTZARRA

Urtzi Urkizu

2017ko ekainak 13
Datorren ikasturteko programazioari begira, hainbat iragarpen egin zituen atzo Edu Barinaga ETBko zuzendariak, Eusko Legebiltzarrean, EITBren kontrol batzordean. 2014ko irailaren 29tik hona ETB1en 21:00etatik 22:20erako tartea bete du Gu ta gutarrak saioak, eta datorren denboraldian ez du segituko. Haren ordez, ordutegi berean, Gaztea izeneko programa interaktiboa emango dutela iragarri zuen telebistako zuzendariak. Haur eta gaztentzako programazioan egingo dituzten berrikuntzen inguruan galdetu zuen Elkarrekin Podemosek, eta koalizioak adierazi zuen haurrentzako eta gazteentzako eskaintza ez dela aski.

Barinagak ETBko haurrentzako eta gazteentzako saioak nabarmendu zituen, eta, aldi berean, zenbait datu eman zituen. Azaldu zuenez, 4-12 urte arteko ikusleek ETBren audientzia osoaren %3,9 osatzen dute, eta 13-24 urte artekoek, %4,6. Gaztetxoenen eguneroko telebista kontsumoa adinekoena baino txikiagoa dela ere azaldu zuen: 4-12 urte artekoek egunean 92 minutuz ikusten dute telebista —kate guztiak aintzat hartuz—, eta 13-24 urte artekoek, 96 minutu. Adin tarte guztiak kontuan hartuta, berriz, kontsumoa egunean 218 minutu da. Barinagak nabarmendu zuen telebistak gaztetxoen kezketara eta kontsumitzeko moduetara egokitu behar duela. «Gai izan behar dugu formatuak eta saioak sortzeko, gaztetxoen interesetatik abiatuz, eta guk landu nahi dugun hori haiei gerturatuz».

ETBko iturriek adierazi dute gazteentzako programa berri batean ari direla lanean, eta aurrerago emango dituztela xehetasunak. Gaztea irratiarekin lotura izango duela azaldu zuen Barinagak: «Gazteek haien kezkez hitz egin ahalko dute, modu positiboan eta eraikitzailean».

Bestetik, Go!azen telesailaren inguruko ideia batzuk eman zituen ETBko zuzendariak. Denboraldi berria hilaren 20an hasiko dira grabatzen, eta irailean estreinatuko dute ETB1en. Barinagak aipatu zuen talent bat egiteko aukeraz —Bago!az egin zuten—, musika talde berri bat sortzeko.

Kanpoko fikzioan ere iritsiko da berrikuntzarik ETBra. Aurreneko aldiz katalanezko telesail bat euskarara bikoiztuta emango du kate publikoak: Merli. Urtarrilaren hasieratik aurrera ikusi ahalko da telesaila. Hector Lozanok sortu eta Eduard Cortesek zuzendutako telesailak arrakasta handia lortu zuen Katalunian bere lehen bi denboraldietan: aurrenekoan %18,3ko ikusle kuota, eta bigarrenean, %20,9koa. Filosofia irakasle bat da protagonista —Francesc Orella aktoreak antzezten du—, eta bere ikasleak modu librean pentsatzera animatzen ditu, askotariko iritziak sorraraziz. La Sexta kateak gaztelaniara bikoiztuta eman zuen TV3en telesaila, iaz. Netflixek eskubideak erosi zituen, mundu osoan emateko. Apirilean, hirugarren eta azkeneko denboraldia grabatzen hasi ziren. Kritika onak izan ditu oro har fikzioak, gaur-gaurko gaiei lotua dago, baina polemikak ere piztu ditu; iaz, Societat Civil Catalanak eta Kataluniako independentziaren aurkako zenbait taldek ANCren aldeko propaganda egitea egotzi zioten. ETBk hiru denboraldietako 39 atalak emango ditu.

Berdintasunerako neurriak

Kontrol batzordean, bestalde, EITBko zuzendari nagusi Maite Iturbek bigarren berdintasun planaren balantzea egin zuen. Azkeneko hamar urteetan EITBn «pauso garrantzitsuak» eman direla nabarmendu arren, aitortu zuen «kristalezko sabaia» existitzen dela oraindik emakumeak ardurazko postuetara irits daitezen. Iturbek adierazi zuen EITBko hedabideek indartu egingo dutela emakumezkoen kirolaren «ikusgarritasuna». Era berean, tertulietan emakumezko kolaboratzaileen presentzia indartuko dute. Emakume adituen datu basea eguneratzen ari dira EITBn, saio ezberdinetan haiengana jo ahal izateko.

Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk erdibideko zuzenketa bat aurkeztu zuten —abiapuntua Podemosen legez besteko proposamen bat zen—, EITBri eskatzeko neurriak martxan jartzeko albistegietan euskal kulturaren sustapena eta zabalpena bermatze aldera. Ez zen aurrera atera. Aldiz, EAJren eta PSE-EEren osoko zuzenketa onartu zen —PPren botoekin—. Zuzenketa horren arabera, EITBren erreformarako lantaldean puntu espezifiko gisa sartuko dute euskal kultura sustatzea eta hedatzea bermatzeko beharrezko neurrien azterketa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna