Iturbek esan du erregulazio txostena hobea dela langileentzat

EITBko zuzendari nagusiak administrazio kontseiluaren mandatua bete beharra nabarmendu du Eusko Legebiltzarrean

EITBko langileen ordezkariek elkarretaratzea egin zuten atzo Eusko Legebiltzarraren aurrean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2015eko otsailaren 24a
00:00
Entzun
EITBko irratietako 79 langileri eragingo dien erregulazio txostenarekin aurrera egitea defendatu zuen atzo Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak Eusko Legebiltzarrean; berak eskatu zuen agerraldia. Hainbat argudio eman zituen egoera hori justifikatzeko, eta adierazi zuen langileentzat kaleratze kolektiboak baldintza hobeak ekartzen dituela kaleratze indibidualak baino. Neurri «aringarriak» negoziatzeko prest azaldu zen.

2003an hasi ziren merkataritzako kontratuak sinatzen, EITBko zuzendari nagusia Andoni Ortuzar zela. 2010ean, Lan Ikuskaritza amaitu zenean, EITBko irratietan merkataritzako kontratua zuten esatariak kontratu mugagabeko langile egin zituzten. Iturberen arabera, aurreko legegintzaldian 1.100 langile izan ziren une batzuetan EITBn. «Hori ezzen jasangarria. Ez zen ekintza planik zehaztu». Iturbe 2013ko martxoan iritsi zen kargura. «Ezegonkortasunari aurre egiteko, sindikatuekin negoziazioak izan ziren», azaldu zuen atzo EITBko zuzendari nagusiak. «Sindikatu batekin [LAB] akordioa egon zen lan eskaintza publikoa egiteko». Beste sindikatu batekin elkarrizketetan jarraitu zuen zuzendaritzak.

Iazko apirilean, EITBko administrazio kontseiluak, bi hereneko gehiengoarekin, Eusko Irratian enplegu deialdi publikoa egitea onartu zuen. «Eta EITBko zuzendaritzak mandatu hori bete behar du. Lan eskaintza publikoko 49 lanpostutarako deialdia egin, eta 30 lanpostu amortizatzea».

EH Bilduko legebiltzarkide Unai Urruzunok eskertu egin zuen aurreko zuzendaritzetan egindako «akatsen» inguruko irakurketa Iturbek egin izana. «EITB kinka larrian jarri zuten aurreko zuzendaritzen erabakiek». Lan eskaintza publikoaren ostean, bestalde, 2016rako egiturazko lantaldearen negoziazioa adostu zuen EH Bilduk EITBrekin. «Erregulazio txostenarenbideak hautsi egiten du adostutakoa, eta baldintzatu egiten du egiturazko lantaldearen negoziazioa», gaineratu zuen Urruzunok.

Iturbek, aldiz, adierazi zuen legea betetzeko hartu behar izan dutela erregulazio txostenaren bidea. Azaldu zuenez, Espainiako Auzitegi Gorenaren 2014ko ekaineko epaia bete beharra du EITBko zuzendaritzak. Epaiak dio administrazio publikoak, langile mugagabe ez-finkoak betetzen duen postua amortizatu behar duenean langileen estatutuan finkatutako prozedurari jarraitu behar diola. Kasu honetan, enplegua erregulatzeko txostena.

Oposizioko beste taldeak ere enplegu erregulazioaren aurka azaldu ziren. Mikel Unzalu PSE-EEko legebiltzarkideak esan zuen aurretik gaizki hartutako erabakiak daudela jatorrian: «Hasieratik esan genuen hau enplegua erregulatzeko espediente bat izango zela». Lan eskaintza publikoa gaizki kudeatu dela salatu zuen Unzaluk. Nerea Llanosek, bestalde, esan zuen hasiera-hasieratik azaldu zela PP lan eskaintza publikoaren aurka.

Gorka Maneiro UPDko legebiltzarkideak Iturberi behin eta berriz galdetu zion ea dimisioa aurkeztu behar duen.

EAJko Luke Uribe-Etxeberriak Iturberen kudeaketa eta erabakiak defendatu zituen.

Eusko Legebiltzarraren kanpoan, Eusko Irratiko langileen hogei ordezkarik elkarretaratzea egin zuten, enplegu erregulazioaren aurka. «Iturberen argudio batzuk entzunda, adierazi nahi dugu irratia pertsonak garela, eta ez dagoela ekoizpen etxerik, telebistan bezala», esan zuen Ana Arbuluk Eusko Irratiko zentro arteko batzordeko bozeramaileak.

24 orduko greba gaur

Eusko Irratiko zentro arteko batzordeak deituta, 24 orduko lanuztea egingo dute gaur Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Radio Vitorian, Gaztean eta EITB Musikan. Greba deialdia babestu dute ELAk, ESK-k eta CCOOk; LAB izan da mobilizazioarekin bat egin ez duen sindikatu bakarra. 16:30ean manifestazioa egingo dute Bilboko kaleetan.

Bestalde, gaur EITBko administrazio kontseiluko bilera egingo dute. PSE-EEk eskatuta, Iturbe kargutik kentzearen inguruan bozkatuko dute. EH Bildukoek atzo esan zuten ez dutela dimisio eskaera babestuko. Gaurko bileran, aldiz, erregulazio txostena lehenbailehen erretiratzeko eskatuko dute koalizio abertzalekoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.