«Testuingurua» behar zuen dokumentalak, Iturberen ustez

EITBko zuzendari nagusiak legebiltzarrean esan du 'Barrura begiratzeko leihoak' lanak ezker abertzalearen ikuspegia jasotzen duela

EITBko LABek elkarretaratzea egin zuen atzo Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren aurrean. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2015eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Urriaren 25ean ETB2k Barrura begiratzeko leihoak eman zuen. Handik bi egunetara, PPren eta PSE-EEren salaketen ostean, Jaurlaritzak eta EITBk erantzun egin zuten. Josu Erkorekak adierazi zuen Jaurlaritza ez zela ETBko programazioan sartzen, baina Iñigo Urkullu lehendakariak joan den ostiralean esan zuen filma ez zela eman behar. EITBren zuzendaritzak urriko aste hartan «iritzi askearen eremuan» kokatu zuen lana. Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak atzo Eusko Legebiltzarrean esan zuen «horrelako lan bat testuinguruarekin» eman behar zuela ETBk.

Iturberen arabera, ezker abertzalearen ikuspegia jasotzen du dokumentalak. «Baina ezker abertzalearen ikuspegia ETBn jasotzeak ez du esan nahi EITBren ildo editorialak horrekin bat egiten duenik». Dokumentala eman baino bi egun lehenago, EITBk prentsa ohar bat bidali zuen lana iragartzeko, eta oharrean, preso politikotzat jotzen ziren protagonistak —horien artean daude Irati Tobar eta Jexux Mari Zalakain; Tobar Segiko kide izateagatik zigortua, eta Zalakain Egin-eko administrazio kontseiluko kide izateagatik espetxeratua—. EITBko zuzendari nagusiaren arabera, oharrean preso politikotzat jo ziren ekoizpen etxeko press book-etik atera zirelako hitzak. «Gero zuzendu zen hori, eta zuzendutako oharrean ez ziren preso politikotzat jo».

PSE-EEko, PPko eta UPDko ordezkariek EITB kritikatu zuten atzo, dokumentala emateagatik. Ez, ordea, EH Bilduk. «EITBk errealitate guztiak islatu behar ditu. EITBk bake eta bizikidetzarekin konpromisoa badu, preso politikoek tokia izan behar dute», esan zuen Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkideak.

Iturbek nabarmendu zuen EITBk bere ildo editorialean konpromisoa duela «terrorismoari zilegitasuna kentzeko».

PPko Llanos ETB1en alde

EITBko Kontrolerako Batzordean, irrati-telebista publikoaren egoeraz kritika gogorrak egin zituzten oposizioko taldeetako kideek. PPko Nerea Llanosek gogorarazi zuen ETBk beste kate autonomiko batzuek baino ikusle gehiago galdu dituela, eta ETB1en egoerarekin kezkatuta azaldu zen. «Aurreko hilean, ETB1en gehien ikusi ziren 40 emanaldien artean 25 kiroletakoak izan ziren. Tartean ziren mexikarren rantxerak. Zer ekarpen egiten diote rantxerek euskarari?». Areago jo zuen EAEko PPko idazkari nagusiak: «ETB1 da ETBn zentzu gehien duen katea».

EITBko zuzendari nagusiak argudiatu zuen ikusle galera handiena 2005etik 2010era izan zuela ETBk, eta, besteak beste, aldaketa teknologikoei, aurrekontuetako murrizketei eta Espainiako Gobernuak talde pribatuen mesedetan egindako legeei egotzi zien taldearen egoera. Autokritikarik ez egitea leporatu zioten PSE-EEko, PPko eta EH Bilduko ordezkariek. EAJko legebiltzarkide Luke Uribe-Etxebarriaren ustez, aldiz, ETB «ondo» doa. «Albistegietan lider da ETB; sekulako meritua du». Oposizioko taldeen iritziz, albistegiak EAJren eta Jaurlaritzaren aldekoak dira.

Legebiltzarraren aurrean LAB sindikatuak elkarretaratzea egin zuen, EAJ, PSE, PP utzi pakean EITB! lelopean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.