'Aitaren etxea' euskaraz emango du Greziako kate publikoak

Cannesko MipTV azokan sinatu dute akordioa Pausokak eta telebistak. 'Tu al norte y yo al sur' ETB2ko saioa Norvegian egokituko dute

Ander Azurmendi eta Josean Bengoetxea izan ziren Aitaren etxea telesaileko aktore protagonistetako bi. ETB.
urtzi urkizu
2016ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
ETB1ek Aitaren etxea telesailaren hamabost atalak eman zituen irailaren 30etik urtarrilaren 6ra. ETBko zuzendaritzak atal gehiago ez grabatzea erabaki zuen, ikusle kopuruak «txikiak» zirela eta ekoizpena «garestia» zela argudiatuz. Baina Pausokaren ekoizpenak interesa piztu du etxetik kanpo. Hamabost atalak euskaraz emango ditu Greziako telebista publikoak hemendik hilabete batzuetara, grezierazko azpidatziekin. Aurreneko aldia da euskarazko telesail bat Euskal Herritik kanpoko telebista batek erosi eta ematen duena. Hala baieztatu du Euskal Telebistak.

Negoziazioak iaz hasi bazituzten ere, Pausoka ekoizpen etxeak eta Greziako telebista publikoak Cannesko (Okzitania) MipTV nazioarteko azokan —atzo amaitu zen— sinatu dute akordioa. Xabier Zabaleta telesaileko ekoizlea «oso pozik» azaldu da akordioa itxi eta gero. «Pausokakoek hamabost atalak eman dizkiegu Greziako telebistakoei, gaztelaniazko transkripzioarekin batera. Orain, grezierara itzuliko dituzte, azpidatziak jar ditzaten. Bestetik, atal bakoitzaren hasieran sartzen genituen elkarrizketak emango dituzten ala ez zalantzan daude».

Jabi Elortegik zuzendu zuen Aitaren etxea, eta aktore protagonisten artean Loreto Mauleon, Ander Azurmendi, Kandido Uranga, Nagore Aranburu eta Josean Bengoetxea zeuden. 1950eko hamarkadako Euskal Herriko herri batean garatzen ziren tramak, maitasun istorio bat tartean, baita orduko politika eta lan gatazken kontuekin ere.

Pausoka ekoizpen etxeak beste akordio bat itxi du Cannesen: Norvegiako telebista publikoari Tú al norte y yo al sur formatua saldu dio —ETB2k joan den udazkenean eman zuen—. «Hango ekoizpen etxe bati enkargua egingo diote formatua Norvegiako errealitatera egokitzeko». Norvegiako erosketak «ate berriak» zabaltzeko aukera emango diela uste du Zabaletak.

Pausokaz gain, Euskal Herriko beste hainbat ekoizpen etxetako kideak izan dira aste honetan MipTV azokan. Expressive Media Projects banaketa enpresak, adibidez, Eskamak kentzen telesaila aurkeztu du, baita Eneko Atxa sukaldariari buruzko dokumental bat ere.

Aurreko asteburuan, gainera, MIPFormats egitasmoan JOK Films ekoizpen etxeko Secret chef saioa aipatu zuen. Eta MIPDOC-en Morgan Freeman etxeak The story of God lana aurkeztu zuen. Jokin Etxeberria JOK Filmseko ekoizleak esan duenez, The happymeter experience saioaren probako atalaz mintzatu dira asteon nazioarteko bi banatzaile eta bi telebista garrantzitsurekin.

Prime Time Media, The Blackout Project, Happymeter, Baleuko eta Competencia Estudios Euskadi enpresak Cannesen izan dira egunotan, baita EITBko ordezkaritza bat ere.

'Dating' saioak, puri-purian

Zabaletak kontatu duenez, azokan duela urte batzuk baino sukaldaritza eta musika talentuen saio gutxiago izan dira. «Modan, orain, dating saioak daude». The Wit konferentzianhainbat dating aurkeztu dituzte: Hear me, love me, see me saioan, neska bati hiru hautagairen lagunak, familiak, etxeak eta bizitza estiloak aurkeztuko dizkiote, eta horietako bat aukeratuko du mutila ikusi gabe; A shot at love saioan, ezkongai xelebreak bikote bila ibiliko dira, aditu batzuen laguntzaz; Married by mom and dad saioan, lau gizonek eta lau emakumek gurasoei eskatuko diete bikotekide egokiena aukeratzeko; Date my avatar saioan —laster Cuatrok estreinatuko du— neska batek hitzordua jarriko du mutil batekin, fisikoki oraindik ezagutzen ez badu ere.

Abenturako reality ugari aurkeztu dituzte egunotan Cannesen. Heriotzarekin lotutako formaturen bat edo beste ere eraman dute; With love from above saioan, hiltzera doan pertsonak mezu edo opari bat utziko dio maite duen norbaiti.

Fikzioan, Internet bidezko telesailek harrera beroa izan dute: aipagarrienen artean, Australiako Low life komedia eta Frantziako Random zientzia fikziozko drama daude. Bestalde, TVEren El ministerio del tiempo telesaila Txinan egokituko dute. Mediaset taldeak Pau Freixas kataluniarrak zuzendutako Sé quien eres aurkeztu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.