ETB2k 'El lector de huesos' saioa estreinatuko du igande honetan

Krimenak ikertzen ariko dira Dani Alvarez kazetaria eta Francisco Etxeberria auzi medikua. Zortzi atal grabatu dituzte, oraingoz

Francisco Etxeberria auzi medikua atzo, Aranzadi elkartean, El lector de huesos saioa aurkezten. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Donostia
2016ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Auzitegi zientzia oinarri hartuta, hainbat hilketa aztertuko dituzte datozen zortzi igandeetan ETB2ko El lector de huesos saio berrian (22:20). Francisco Etxeberria auzi medikuak auzitegi teknikak erakutsiko dizkio Dani Alvarez kazetariari —Radio Euskadiko goizetan aritzen da esatari—, hezurrek ematen duten informaziotik abiatuta. Biktimen gorpuzkiak aurkitzen dituzten unetik abiatuko dute ikerketa, hilketa gertatu den lekua zehatz aztertuz. Bigarren pausoa, berriz, laborategian hezurren azterketa nolakoa izan zen erakustea izango da. Horri esker, denboran atzera egingo dute, eta delituaren kontakizuna atzekoz aurrera egingo dute, hiltzaileak utzitako arrastoetatik abiatuta. Modu horretan berregingo dute krimenaren puzzlea.

K2000 ekoizpen etxeak asmatutako telebista formatua da El lector de huesos. Igor Zabala eta Teresa Diaz de Basurto dira programaren zuzendariak. Aranzadi zientzia elkarteko egoitzan egin zuten saioaren aurkezpena, atzo, eta Zabalak nabarmendu zuen formatua «originala» dela: «Gure historia hurbilean gehien hunkitu gaituzten krimenak berreraikiko ditu saioak, aurretik plazaratu gabeko ikuspuntu batetik: auzitegi teknikak eta kriminologia». Auzi bakoitzari lotutako auzitegi teknika ezberdinak erakutsiko dizkio Etxeberriak Alvarezi. Diaz de Basurtok azaldu zuenez, hainbat adituren laguntza izango dute atal bakoitzean: «Ertzaintzaren laguntza izan dugu, eta Medikuntza Institutuko auzi medikuek ere gurekin lan egin dute, baita hainbat abokatuk eta kriminologok ere». Bestalde, zuzendariak iragarri zuen saioaren narratiba «zinematografikoa» dela: «Asko zaindu dugu narrazioa. Atal bakoitzean, fikziozko birsortzeak egongo dira».

'Breton auzia', hasteko

Igande honetan, estreinako saioan, Espainiako hegoaldeko hilketa baten ikerketa egingo dute: Breton auzia. Kordoban bi haur hil zituen haien aitak, eta Etxeberriaren lana erabakigarria izan zen ikerketan. Datorren astean, berriz, Txetxu Ezkerra abokatua hil zuen ganaduzalearen auziaz ariko dira. Asunta Basterraren auzia, Amaia Azkuerena eta Aintzane Garairena ere ikertuko dituzte datozen asteetan. 1936ko gerrari begiratuko diote atal batean, Otsaportilloko (Nafarroa) eta Legarreako (Gaztelu, Nafarroa) leizeetan egindako aurkikuntzak jasota. Joxean Lasaren eta Joxi Zabalaren hilketaren atalarekin amaituko da El lector de huesos-en zortzi ataleko sorta.

Auzi horietako batzuetan parte hartu du Etxeberriak, eta beste batzuetan ez. «Ikerketa batzuetan desadostasunak daude, eta hori ona da: lagungarri dira eztabaidan», esan zuen Etxeberriak. Auzi medikuak hainbat eskakizun egin zizkion ETBri, baiezkoa eman aurretik. «Programa honek bokazioak sortu behar ditu. Gazte dezente ikasten ari dira, eta krimenak ikertzen hasteko prest daude. Irakasle gisa, argi dut bokazioak sortu behar dituela». Beste baldintza bat ere behar du izan saioak, Etxeberriaren arabera: «XXI. mendean gaude, eta krimenen ikerketak logikaren, zientziaren eta teknologiaren bidez konpondu behar dira. Krimenen ikerketak ezin dira egin, telefilm batzuetan ikusi dugun moduan bultzaka, oihuka eta tiroka». Auzi medikua gustura dago, bestalde, saioko lantalde teknikoak «gauzak argi» izan dituelako eta lana «seriotasunez» egin delako.

Alvarezek aitortu zuen «esfortzu handia» izan dela berarentzat saioa egitea, irratiko albistegien «zorroztasunera» ohituta dagoelako. «Ukitu zinematografikoa du saioak, eta ez naiz aurretik horretarako entrenatu. K2000 eta Berde Produkzioak etxeetako lankideek gidatu naute». Lau hilabeteko lanaren ostean, ikus-entzuleen erantzuna jasotzeko «irrikaz» dago Alvarez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.