Sei hilabete telesailik gabe

'Eskamak kentzen' amaitu zenetik, ETBk ez du telesailik eman. Azkeneko 25 urteetan, ETBk ez du inoiz halako hutsune luzerik izan fikzioan. 'Go!azen' hilaren 18an iritsiko da.
<em>Goenkale</em> kendu zutenetik, bolada luzeak eman ditu ETBk telesail berririk eman gabe.
Goenkale kendu zutenetik, bolada luzeak eman ditu ETBk telesail berririk eman gabe. ETB

Urtzi Urkizu -

2016ko azaroak 10
Sei hilabete betetzen dira gaur ETBk Eskamak kentzen telesailaren azkeneko atala eman zuenetik —gehiago ez grabatzea erabaki zuen telebistak—. Orduz geroztik, fikzioan hutsune nabarmena izan du telebista publikoak: ez du telesail berririk eman. Datozen egunetan, Go!azen telesailaren sustapena egingo dute, eta hilaren 18an estreinatuko dute Pausokaren ekoizpena. Baina sei hilabeteotan egon den hutsunea adierazgarria da, azkeneko 25 urteetan ez baita inoiz hainbeste denbora pasatu telesailik eman gabe.

ETBk 1990eko apirilean estreinatu zuen bere lehen telesaila, gaztelaniaz: Juntos y revueltos. Euskarazko lehena urte bereko urriaren 5ean iritsi zen: Hau da A.U., Aizpea Goenagaren eta Elena Iruretaren eskutik. 1991ko urtarrilaren 7an estreinatu zuten Bi eta bat, eta hurrengo hiru urteetan beste hainbat telesail estreinatu zituen ETBk: Bertan zoro, Beni eta Marini, Penelope-Enea, Flamingo Berria, 64, Duplex, Amaren etxea... 1994ko urriaren 1ean Goenkale estreinatu zuen Euskal Telebistak, eguneroko telesail bat; eta hainbat denboralditan, astean bost egunez telesail bat emateaz gain, beste ekoizpen batzuk ere egin zituzten Euskal Herrian. 1990etik 2000ra, hogei telesail ekoitzi zituzten.

2016. urtean, Eskamak kentzen-en hamabi atal eman dituzte —2015eko bigarren seihilekoan grabatu zituzten—. Eta urte osoan Go!azen-en hamar atalak baino ez dira grabatu. Kopuruz, behintzat, bada aldea 1990eko hamarkadan ekoizten zenarekin.

Izaskun Arandia zinemagile eta (H)emen (h)ere elkarteko presidenteak uste du ETB gaur egun herren dagoela hain fikzio gutxirekin: «Fikziorik gabeko telebista ez da telebista. Adibidez, BBCk hasieratik egin du fikzioaren aldeko apustu handia, eta bertako fikzioa besarkatu eta sustatu du. ETBk fikzioa bere programaziotik desagerraraztea justu kontrako politika egitea da». Telesail gutxi egiteak eta emateak arlo askori egiten dio kalte, Arandiaren iritziz: «Telebista katea bakarrik ez, industria ere berarekin zulora eramango duen erabaki bat da».

Inguruko beste herrialde batzuetan apustu handiagoa egiten dute fikzioarekin. Galizian, esate baterako, 2015-2016ko denboraldian eguneroko telesail bat eman zuten (O Faro), eta beste bost telesailen atalak ere bai. ETBn, Goenkale amaitu zenetik, Aitaren etxea eta Eskamak kentzen telesailen denboraldi bakarra ekoitzi dute, eta, orain, Go!azen iritsiko da. Aitaren etxea Greziako telebista publikoak eman zuen, euskaraz, grezierazko azpidatziekin, ekainean eta uztailean. Ia aldi berean, telesail hori gaztelaniaz bikoiztua emititzen aritu zen ETB2.

Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak honako hau esan zuen Martin Ugalde foroan ekainaren 2an: «Pentsatzen dugu fikzioa egin behar dugula, fikzioa euskaraz, baina ez ditugu baliabide nahikoak urte osoan fikzioa emateko moduan». Denbora epe luzeagotan fikzioa ematekotan, «audientziak horrela eskatzen duelako» izan beharko luke, EITBko zuzendari nagusiaren ustetan. «Baina audientziak hain txikiak direnez, ba, ez digu konpentsatzen». Iturberen arabera, «rating-kostua orekatua bada eman dezake etekina fikzioak».

Beste eskaintza batzuk ere aintzat hartu behar direla nabarmendu zuen EITBko zuzendari nagusiak. Audientziaren eta kostuaren arteko proportzioa «oso desorekatua» bada beste formatu batzuentzat baliabide gutxiago gelditzen direla adierazi zuen: «Interesgarriak eta berritzaileak izan daitezkeen beste formatu batzuk, gizarteak parte hartzeko modukoak izan daitezkeenak, ez dituzu egiten. Oreka zaindu behar da. Audientzia handiagoa lortzen duten saioak bilatu behar dira». Ekitaldi berean, EITBko arduradunak azaldu zuen ETB1eko telesail baten atal batek 80.000 euro inguruko kostua duela.

Fikzioak datu txikiak ematen dituela esan zuen Iturbek, baina, ohi bezala, datuen interpretazio bat baino gehiago egin daiteke. Eskamak kentzen telesailak %2,5eko ikusle kuota lortu zuen batez beste, otsailaren 23tik maiatzaren 10era; epe horretan, ETB1 katearen batez besteko kuota %2 izan zen. Beraz, telesailak puntu erdi gehiago izan zuen kateak baino. 2010ean, Go!azen-en lehen denboraldiko atal batzuek %40ko ikusle kuota gainditu zuten 4-12 urteko neska-mutikoen artean. Baina, hala ere, ETBk kendu egin zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna