BERRIAk telebista saio bat egingo du gaur armagabetzeaz

Kazetak luze eta zabal emango du egunaren berri bihar, Baionan. Euskal Irratiek egingo duten irratsaioa BERRIAren webgunean entzungo da

Bakearen artisauek, pertsona esanguratsuen babesarekin, agerraldia egin zuten martxoaren 23an. ISABELLE MIQUELESTORENA.
urtzi urkizu
2017ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Aurreko egunetan bezala, gaur, bihar eta etzi BERRIAk modu berezian erreparatuko dio ETAren armagabetzeari, haren inguruko gako guztiak irakurleengana zabaltzeko. Internet bidezko zuzeneko telebista saio bat egingo du gaur BERRIAk, 12:00etatik aurrera. Oihana Elduaien kazetaria ariko da aurkezle lanetan, eta gonbidatuak Eguzki Urteaga Euskal Herriko Unibertsitateko soziologia irakaslea eta Nekane Altzelai Foro Sozialeko kidea izango dira. Andoaingo (Gipuzkoa) erredakzioan egingo dute programa. Amaitu ostean, edonoiz ikusi ahalko da webgunean.

Larunbatean, BERRIAren lantalde handi bat ariko da egunaren berri ematen, goizean goizetik, webgunean eta sare sozialetan. Zuzeneko kontakizuna egingo dute, armagabetzearen inguruko ertz guztiak azaltzeko. Webgunean, bideoak jarriko dituzte, eta tartean zuzeneko irudiak ikusi ahalko dira. Bideo iruzkinak ere sareratuko ditu egunkariak. Twitterren eta Facebooken eguneko gertakarien berri emango du kazetak; kazetariek erabiliko duten traola #armagabetzea izango da.

Igandean, BERRIAren papereko edizioan gai nagusia armagabetzea izango da. Baionan gertatzen den guztiaren berri emango dute, eta, bestalde, atzera begira jarriko dira, iritzien eta analisien laguntzarekin.

Hamaika telebistak zuzeneko saioa egingo du larunbatean. Baionako kaleetan, Ekhiñe Atorrasagasti eta Irati Elizalde kazetariak egongo dira. Halaber, analisiak egingo dituzte Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusi ohiak eta beste hainbatek. Beñat Zarrabeitia kazetaria, berriz, Bilboko estudioan izango da informazio gehigarria emateko.

ETBri dagokionez, gaur armagabetzeari buruzko solasaldia egingo dute ETB2ko La Noche en Jake saioan, 22:20an. Politikarien mahaian, Jose Manuel Bujanda, Jone Goirizelaia, Jesus Egiguren, Juana Bengoetxea eta Patxi Zabaleta ariko dira solasean. Kazetarien mahaian, berriz, Alberto Surio, Ana Garbati, Martin Garitano, Danilo Albin, Juan Carlos de Julian eta Fernando Lazaro. Larunbatean, berriz, zuzeneko bi saio egingo dituzte ETB1en eta ETB2n: euskarazko programa Estepan Aldamiz-Etxeberriak eta Amaia Cayerok gidatuko dute, 10:15etik 13:30era —Egun on Euskadi eta Ahoz aho saioetako lantaldeak elkarlanean ariko dira—. Gaztelaniazkoa En Jake saioko lantaldeak egingo du —Prime Time Media ekoizpen etxea—. Xabier Lapitzek gidatuko du, 10:15etik 15:00etara. Bi saioak Bilbotik egingo dituzte.

Irratsaioak Baionatik

Euskal Herriko hainbat irratik ere Baionatik egingo dituzte saioak, gaur eta bihar. Euskadi Irratiak, adibidez, gaur Lapurdiko hiriburuan egingo du Albiste Faktoria, 08:00etatik aurrera. Maite Artolak gidatuko du armagabetzeari buruzko saio berezia. 08:30ean, Mixel Berhokoirigoin ekintzailea eta Mixel Etxebest Mauleko auzapeza elkarrizketatuko dituzte. Ondoren, solasaldia egingo dute Rufi Etxeberria Sortuko kidearekin, Joxe Felix Azurmendi kazetariarekin eta Andoni Unzalu PSE-EEko kidearekin. Hainbat pertsona esanguratsuren hitzak ere jasoko dituzte, tartean Maixabel Lasarenak eta Asun Lasarenak. Bihar ere, Euskadi Irratiak armagabetzearen inguruan gertatzen den guztiaren berri emango du.

Euskal Irratiek emankizun berezia egingo dute larunbatean, 09:00etatik aurrera. Chao kaian jarriko dute estudioa, eta han ariko dira aurkezle lanetan Pantxika Arranbide eta Kristof Arotzarena esatariak. Eguneko prentsaurrekoen berri emango dute, herritarren lekukotzak jasoko dituzte, eta estudio txikian gonbidatu ugari izango dituzte. Era berean, Luhusoko (Lapurdi) atxiloketetatik gaur arte gertatutakoa errepasatuko dute saio berezian. Arratsaldeko ekitaldia ere zuzenean emango dute, amaitu arte. Internetetik ere zabalduko dute goizeko saioa eta ekitaldiaren emankizuna, streaming bidez eta sare sozialetan. Euskal Irratietako hamar lagun ariko dira Baionan egunaren berri ematen. Era berean, Euskal Irratietako irratsaio berezia BERRIAren webgunean entzun ahalko da.

Info7 irratiak zuzeneko bi irratsaio berezi egingo ditu bihar Lapurdiko hiriburutik, Naiz-ekin batera: 10:00etatik 12:00etara eta 14:00etatik 17:00etara. Jon Mikel Fernandez ariko da aurkezle lanetan, eta haren alboan mintzatuko dira Iñaki Altuna, Beñat Zaldua eta Goizeder Taberna kazetariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.