Noiz sortua: 2017-10-19 00:30:00

'Nomofobikak' websaila Bilboko Seriesland-en estreinatuko dute

Telesail digitalen jaialdia datorren astean egingo dute. Euskara hiru lanetan entzungo da, eta hiruretako bat Alemaniara iritsiko da
Seriesland websailen jaialdia Bilbon aurkeztu zuten atzo.
Seriesland websailen jaialdia Bilbon aurkeztu zuten atzo. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Urtzi Urkizu -

2017ko urriak 19

Aurreko bi urteetan Bilbo Web Fest izena zuen nazioarteko websailen jaialdiak, baina aurrerantzean Seriesland izango da. «Esaten ziguten izenak webekin lotzeko arriskua zegoela, eta telebistako telesailekin lotu nahi izan dugu. Garrantzitsuena edukia da guretzat, telesailak. Horregatik berritu dugu irudia», azaldu du Rose of Dollsek, jaialdiko sortzaile eta zuzendariak. Hilaren 24tik 27ra egingo dute Seriesland Bizkaiko hiriburuan, eta, aurreneko aldiz, euskarazko websail bat estreinatuko dute: Nomofobikak.

Euskal Screenings atalean aurkeztuko dute Nomofobikak, Euskal Herriko beste zazpi lanekin batera. Sakelako telefonoen adikzioa duten pertsonek smartphone-a etxean ahazten dutenean sentitzen dutena jasotzen du fikzioak. Sakelakorik gabe bizitzeko ezina pairatzen duten bi emakumeren gorabeherak kontatzen ditu. Olatz Beobidek eta Amaia Lizarraldek jokatzen dituzte bi andre protagonisten rolak: Aycyber eta Catalink. Terapia esperimental aitzindari bati ekingo diote, sakelakoarekin duten adikzioa gainditzeko. Pedro Fuentes da ekoizpenaren gidoilariburua eta zuzendaria. Errealizadorea, berriz, Joserra Camacho da. Euskarazko antzerkigintzan eta zineman aritutako hainbat aktore agertuko dira saioaren sei ataletan: Kepa Errasti, Paco Sagarzazu, Asier Hernandez, Iñigo Aranburu, Klara Badiola, Ramon Agirre eta abar. Datorren asteazkenean proiektatuko dute websaila Bilboko Multi aretoetan, 18:00etan. Ondotik, azaroaren 2tik aurrera herritar orok ikusi ahalko du telesaila Interneten —webgunean bi atal jarriko dituzte hamabostean behin—.

Euskal Screenings atalean, bestalde, euskara entzungo da beste bi ekoizpenetan, Hari Gorria eta Eguzkiaren Bila websail elebidunetan. Hari Gorria Eder Ruiz Mugikak zuzendu du, eta fantasiazko istorio bat kontatzen du, banpiroak tartean. Eguzkiaren bila Iker Bilbaok eta Alberto Lagunak zuzendu dute. Lurraren kontrola bereganatu nahi duen elkarte baten istorioa kontatzen du. Sail berean emango dituzte Anarquía, Denon Lurraldea, Diary of My Generation, Hobocop eta This is English websailak. Euskal Herriko zortzi ekoizpen horiek nazioartean esportatzeko aukera zabalik izango dute. Serieslandeko zuzendariak nabarmendu duenez, Miamiko (AEB), Hego Koreako eta Siziliako (Italia) jaialdietako programatzaileek beren herrialdeetara eraman ahalko dituzte Euskal Herriko websailak. «Alemaniako Die Seriale jaialdiaren kasuan, euskara entzuten den hiru telesailetako bat proiektatuko du datorren urtean».

Jaialdiaren ohorezko saria Juanma Bajo Ulloa zinemagileari emango diote, zinema digitalean egin zituen urratsengatik —2001ean, Pipi: Missión improbable lana egin zuen—.

Sektorearen azoka

Jaialdiak, era berean, aurreneko aldiz Seriesland Market azoka antolatu du, sektoreko profesionalei zuzendua. Asteartean inauguratuko dute, 11:00etan, EITBren Multibox aretoan. Ikus-entzunezko 45 enpresa bilduko dira azoka horretan. Tartean izango dira Paramount, MTV, Studio+, Comedy Central, Globomedia, Nicklodeon eta RTVE. Rose of Dollsek esan du azokako ekitaldi asko «heziketara» bideratuak izango direla: «Banaketa Europan eta majors-ekin nola hitz egin izango dira hitzaldietako gai batzuk. Erakusmahai batzuk jarriko ditugu, ekoizpen etxeek proiektuen inguruko bilerak egin ditzaten».

Jaialdiaren sail ofizialari dagokionez, aurreko bi urteetan bezala punta-puntako websailak lehiatuko dira Bilbon; Zeelanda Berriko High Road —Emma Thompson aktorearekin—, Rockzeline ekoizpen etxearen Seraphim eta Argentinako Noche de paz izango dira lehian, beste 27 lanekin batera. 25 herrialdetako 88 websail proiektatuko dituzte datorren astean Multi aretoetan. Sari guztiak Guggenheimen banatuko dituzte, hilaren 27an.

Teknologia berriak ere aurkeztuko dituzte Bilbon; Paige Raynesek, adibidez, Immersion sistema aurkeztuko du —bideo, publizitate eta bideo jokoetan erabil daitekeen murgiltze sistema berritzaileena—. George Reesek Amerikako Seeka TV eduki digitalen plataforma aurkeztuko du.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Osakidetzako langile bat Txagorritxuko laborategi batean lanean. ©Gorka Rubio, Foku

Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du Osakidetzak arriskuan jarri dituela langileak

Ainhoa Larretxea Agirre - Mikel P. Ansa

Osagileen sindikatuek jarri zuten salaketa, eta ekainaren 16an egin zuten epaiketa. ESK sindikatuak Nekane Murga Osasun sailburuaren eta Osakidetzako zuzendaritzaren dimisioa eskatu du. Osakidetzak, ordea, «positibotzat» jo du ebazpena, epaileak atzera bota dituelako sindikatuen «eskari gehienak».

Jendea paseoan, konfinamendua arintzeko lehen fasean. ©JON URBE/ FOKU

Jaurlaritzak ziurtatu du COVID-19aren agerraldiak «kontrolatuta» daudela

Irati Urdalleta Lete

Beste hamalau positibo eta hiru hildako daude. Jaurlaritzak pentsatu du neurriak areagotuko dituela jende pilaketak «mantenduz eta orokortuz» gero

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna