Hedabideetako emakumeek ere planto

BERRIA egiten duten emakumeek bat egin dute greba deialdiarekin. Webgunean, soilik grebarekin lotutako berriak emango dira gaur

BERRIAko emakumeak Andoaingo egoitzan egindako batzar batean, gaurko greba prestatzen. BERRIA.
urtzi urkizu
2018ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Euskal Herrian 1.609.809 emakume daude gaur mobilizazioetara deituta. Tartean dira euskarazko komunikabideetako andreak, eta horietako askok egingo dute bat mugimendu feministak deitu duen grebarekin. BERRIA egiten duten emakume guztiek greba egingo dute gaur, eta horrek eragina izango du eguneko zerbitzuetan eta hurrengo eguneko egunkarian; Gipuzkoako eremu batzuetan ez da egingo banaketarik, eta BERRIAren estilo liburuan ez da kontsulta zerbitzurik izango, ez Twitterren, ez estilo liburuko webgunean. Irakurleek greba egunaren inguruko informazioa jaso ahalko dute gaur webgunean, eta gai horrekin lotutako albisteak baino ez dira eguneratuko. Grebako mobilizazioen berri ere emango du biharko paperezko edizioak.

[YouTube]https://youtu.be/RFcSOH9HsQs[/YouTube]

Azkeneko asteetan, BERRIAko emakumeek hainbat batzar egin dituzte, greba deialdiarekin nola bat egin eztabaidatzeko. Egun osoko greba egitea erabaki dute. Atzo arratsaldean, bideo bat zabaldu zuten; greba feministarekin bat egiten dutela irudikatzen dute bertan. Halaber, BERRIAKO EMAKUMEAK ERE GREBAN tituluko iritzi artikulua argitaratu zuten atzo —grebarekin bat egiteko arrazoiak eman dituzte bertan—. Lurraldeetako Hitza astekarietako emakumeek ere egun osoko greba egingo dute gaur.

Eskualdeetako Hitza-tako andreek modu batean edo bestean bat egingo dute lanuzteekin. Tolosaldeko Ataria-n (Gipuzkoa), adibidez, emakumeek planto egingo dute, eta gizonezkoen ardura izango da greba feministak ematen duena irakurleei eta entzuleei helaraztea.

Hamaika telebistan ohiko emisioa etengo dute, eta bertan behera utziko dituzte eguneroko saioen ekoizpen lanak. «Ohiko emisioa eten, eta Martxoaren 8ko grebaren berri emango du Hamaikak», iragarri dute telebistatik. Mobilizazioetako irudiak ikusi ahal izango dira ezohiko albistegietan.

Arrosa irrati sarean, Grebrabidea egingo dute gaur arratsaldean, Zebrabidea magazinaren ordez. Saio horretan, greba egunaren berri emango dute kaletik, emakumeei protagonismoa emanez.

Euskal Herriko mugimendu feministak deia egin du sare sozialetan #M8Planto traola erabiltzeko.

Zerbitzu minimoak EITBn

Argia aldizkarian, emakumeek planto egingo dute, eta soilik gizonek egingo dute lan. «M8 deialdiari buruzko langile batzarra baliatu dugu gizon eta emakumeen arteko desorekez hausnartzeko, zaintza lanez eta etxetik kanpoko ordainpeko lanez. Adibidez, mahai gainean jarri da kazetari gehienak gizonezkoak izatea, saltzaile gehienak emakumezkoak, eta adiministrazioko langile guztiak emakumezkoak». Argia-ko emakumeek aho batez onartu dute deialdiarekin bat egitea.

Goiena taldean, emakumeek lanuztea egingo dute 11:00etatik 15:00etara, eta gizonek beteko dituzte zerbitzu minimoak.

Info7 irratiko emakumeek lau orduko lanuztea egingo dute —ez dute emitituko Kale Gorrian saioaren lehen partea—. Irrati horretako webgunea egunean bi aldiz eguneratuko dute soilik.

Euskal Irratietan, emakume guztiek greba egingo dute, eta ez da haien ahotsik entzungo programazioan; ez dituzte ordezkatuko emakumeek egindako saioak, eta horren ordez musika jarriko dute, mezu batekin.

Gasteizko Hala Bediko andreek iragarri dute irratia «mugimendu feministara eta emakumeei zerbitzura» egongo den tresna izango dela; grebaren berri emango dute egun osoan.

Iruñeko Eguzki irratian, greba deialdiaren berri emango dute 10:00etatik 13:00etara; sindikatuetako ordezkariak elkarrizketatuko dituzte, eta kaleko konexioak egingo dituzte.

Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak bat egin dute Las periodistas paramos plataformaren manifestuarekin; Hego Euskal Herriko, Espainiako, Herrialde Katalanetako eta Galiziako 7.000 kazetarik baino gehiagok sinatu dute manifestua. Bestalde, aipatutako bi elkarteek #emakumekazetariak8M traola erabiltzea proposatu dute: «Emakume izanik, zure kazetaritzaren ikuspuntua partekatzera animatzen zaitugu», esan dute.

EITBko irratietan, gutxieneko zerbitzuak izango dituzte: Euskadi Irratian eta Radio Euskadin, hogei minutuko albistegiak egingo dituzte eguerdian eta arratsaldean, boletinez gain. ETBk ohiko programazioa igorri zien atzo egunkariei, baina ohartarazi zuen aldaketak egon daitezkeela programazioan, lanuzteak direla eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.