Aldakorregia egia izateko

Euskadi Irratiari iaz baino 56.000 entzule gutxiago eman dizkio EGMk. 2017an, 51.000 entzuleko gorakada eman zion. Adituek ohartarazi dute laginak oso txikiak direla.
EITBn fidagarritasun handiagoa ematen diete CIESen datuei EGMk ematen dituenei baino.
EITBn fidagarritasun handiagoa ematen diete CIESen datuei EGMk ematen dituenei baino. BERRIA

Urtzi Urkizu -

2018ko apirilak 19
AIMC enpresak Estudio General de Medios ikerketaren urteko lehen neurketa plazaratu zuen atzo; Hego Euskal Herriko hedabideen datuak plazaratu zituen hor. Muturreko aldaketak nabari dira batzuetan. Horien erakusle EGMk Euskadi Irratiari emandako datuak: atzo, 75.000 entzule; 2017ko apirilean, 131.000; eta 2016ko apirilean, 80.000.

Edorta Arana eta Arantza Gutierrez EHUko irakasleek ohartarazi dute inkesta horretako lagina txikia dela. «Horren eraginez, olatu batetik bestera eta urte batetik bestera aldaketa handiak daude datuetan», azaldu du Aranak. Gutierrezek nabarmendu du EGM «estatu mailakoa» dela. «Hego Euskal Herriko partzialari dagokionez, lagina oso txikia da. CIES enpresak egiten dituen ikerketak hurbilagokoak dira», esan du irakasleak.

Iritzi berekoa da Urko Aristi, EITBko irratietako zuzendariordea: «Errealistagoak izaten dira CIESen datuak». Iaz, EGMk Euskadi Irratiari 131.000 entzule eman zizkionean, datua «tentuz» hartu beharrekoa zela aitortu zuen. Hau esan du orain: «Gorabeherak eta datuen dantzak oso handiak dira. Ziur nago Euskadi Irratiak ez dituela hainbeste entzule galdu urte batean».

Aranak uste du lurraldeka ematen diren datuak ondorioak ateratzeko «eskas samarrak» direla, lagin txiki horren eraginez. «Oso datu gutxirekin egiten dira estrapolazioak. Eta hortik ateratzen diren datuak desbideratuak izan daitezke». AIMCko iturrien arabera, irrati datuak lortzeko 3.130 inkesta egiten dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 709 Nafarroan.

Arana ez da fio datu aldakorrekin; izan ere, haren ustez, irrati entzuleak «oso fidelak» izaten dira. «Entzuleen kontsumoa fidela da. Urte batetik bestera jendea ez da aldatzen. Eta entzule gehienek irrati bat edo bi entzuten dute normalean. Joko horretan ez da mugimendu askorik izaten. Gehienek gustuko irratia entzuten dute: bat. Gehienez, bi». Oso bestelakoa da telebista kateen kontsumoa, eta hor kontsumitzailea zortzi eta hamar kateren artean ibiltzen da jauzika.

Gutierrezek ohartarazi du, bestalde, irrati kate handiek promozio bereziak egiten dituztela EGMko neurketak egiten diren egunetan, «jende gehiago harrapatzeko». Irakaslea gehiago fio da AIMC enpresak berak egiten duen beste neurketa batekin: kontsumo orokorrari dagokiona.

Gutierrezek, bestalde, adierazi du halako inkesta gehienetan albo batera uzten dituztela euskarazko komunikabideak. «Pare bat aldiz egin didate inkesta, eta ez didate galdetzen euskarazko komunikabideen inguruan. Ondorioz, besteak atalean aipatu behar izaten ditut BERRIA eta Argia».

Gaztea, musika irratien lider

Aristiren iritziz, joerak begiratu behar dira. Joeren artean, ondoriozta daiteke Gaztea musika irratietan liderra dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, neurketa gehienetan. «CIESeko aurreko neurketan bigarrena gelditu zen, mila entzulegatik. Baina ikusten da Gaztea lehen tokian dagoela ia beti», azaldu du EITBko irratietako zuzendariordeak. EGMk Gazteari eman dizkion datuekin uzkur da, ordea: «Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 94.000 entzule eman dizkio, eta eragin esparrua aintzat hartuta, 96.000. Gazteak Nafarroan soilik 2.000 entzule izatea ez da errealista».

EGMren azken neurketaren arabera, EITB taldeko irrati multzoak 402.000 entzule ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta eragin esparruan. Datu hori «nahiko erreferentziazkoa» iruditzen zaio Aristiri: «Talde osoko entzule kopurua nahiko finkoa da neurketa gehienetan. Horri eusten diogun bitartean, ondo goaz», gaineratu du. Telebistako datuei dagokienez, neurketak dio ETBk 769.000 ikusle dituela.

Bestetik, EGMk 40.000 entzule eman dizkio Radio Vitoriari. Hori da EGMn azken bost urteetan erdietsi duen daturik onena. SER irratia da nagusi Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, duela 25 urte baino gehiagotik; atzoko neurketak 249.000 entzule eman dizkio, azkenekoak baino %3 gehiago. Radio Euskadik 165.000 entzule ditu, iaz baino 33.000 gutxiago.

AIMC enpresak 50 urte daramatza neurketak egiten. EGMn berrikuntzak iragarri dituzte, bai metodologian bai metriketan. Interneteko irratiaren alorrean, bereizten hasi dira zenbat entzuten den streaming bidez eta podcast-etan. Aristiri interesgarria iruditzen zaio halakoei heltzea: «Izan ere, neurketen sistema zaharkitu samar gelditu da. Kontuan hartu behar da egun jende askok sakelako telefonoan entzuten duela irratia. Aro berri bati eman behar zaio bidea».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna