Mugarik Gabeko Kazetarien ustez, Kataluniako giroa «itogarria» da

Erakunde horren arabera, prentsa askatasunak okerrera egin du. Barnils taldeak dio erasoen %65 manifestazio unionistetan gertatu direla

Espainiako batasunaren aldeko manifestazio bat, Bartzelonan, iazko urrian. ALBERTO ESTEVEZ / EFE.
urtzi urkizu
2018ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Mugarik Gabeko Kazetariak elkarteak azaldu zuen prentsa askatasunak okerrera egin duela Espainian eta Herrialde Katalanetan, eta munduko estatuen sailkapena aurkeztu zuen. Prentsa askatasunaren zerrendan, Espainia bi postu jaitsi da, eta 31. tokian da orain. Frantzia 33. tokian jarri dute, sei postu gorantz eginda. Mugarik Gabeko Kazetarien arabera, Frantzian «kezka» sortzen du komunikazio talde handien kontzentrazioak eta kazetaritzatik at beste sektoretan dituzten interesak. Ohartarazi dute areagotu egin dela politikariek eta pertsona boteretsuek hedabideen informazioan duten eragina.

Espainiaren sailkapenaren atzeraldiaren fokua Kataluniako prozesu independentistaren inguruko gertaeran jarri ditu erakundeak. «Suminez zeuden jende oldeek sarri eragotzi egin dute kazetarien lana, independentziaren aldeko zein kontrako manifestazioetan». Erakundearen arabera, urriaren 1eko erreferendumak giro «itogarria» eragin zuen kazetarientzat. «Independentistak ez diren kazetarien aurkako jazarpena areagotu egin zen sare sozialetan. Kataluniako agintarien diskurtsoak jazarpen hori areagotu zuten».

Irakurketa horren inguruko ñabardura zehatzak egin ditu Elisenda Rovirak, Ramon Barnils kazetari taldeko presidenteordeak: «Erreferendumaren alde dauden hedabideetako kazetariek ere jazarpena pairatu dute. Hainbat ideologiatako kazetarientzat areagotu dira zailtasunak». Edonola ere, Rovirari iruditzen zaio begirada «oso murritza» izatea dela sare sozialetako jazarpena nabarmentzea. «Eraso fisiko ugari egon dira. Eta datua argigarria da, zentsuraren mapan jaso dugun moduan: 2017ko irailaren 6tik abenduaren 21ra, kazetariei egindako 37 eraso edo mehatxu gertatu ziren Katalunian, eta horien %65 Espainiako batasunaren aldeko manifestazioetan gertatu ziren. Erasoen %8,1 manifestazio independentistetan gertatu ziren».

Mugarik Gabeko Kazetarien iritziz, «tentsio giroa» hilabete askotan luzatu da. Erakunde horren iritziz, zenbaitetan Kataluniako Gobernuko prentsa arduradunek sustatu egin zituzten kazetarien aurkako «lintxatzeak» sare sozialetan. Aipatu dute, halaber, poliziek kazetariei euren lana egitea eragotzi zietela zenbaitetan.

Rovirak nabarmendu du, bestalde, azken hilabeteetan eraso ugari egon direla Kataluniako hedabide publikoen aurka: «Manifestazio unionistetan, TV3eko kazetariek logotiporik gabeko mikroekin joan behar izan dute. Bestela, ezinezkoa izango lukete lan egitea. Sabadellen, ekitaldi batean, mossoek kazetari batzuk aterarazi behar izan zituzten, TV3eko kazetariekin nahasi zituztelako». Barnils taldeko kazetariak gogorarazi du eskuin muturreko talde batek eraso egin ziola Catalunya Radioren egoitzari,eta kristalak hautsi zituela. Urriaren 27an gertatu zen hori, eta Mugarik Gabeko Kazetariek ere jaso dute euren txostenean.

Rovirak ohartarazi du Herrialde Katalanetan eta Espainian asko okertu dela prentsa askatasuna azken hiru urteetan. «2017. urtean, 245 gertaera jaso genituen zentsuraren mapan; 2016an, kopurua erdia izan zen: 122 gertakari». Kazetariak uste du kontu hori «are okerragoa» bilakatzen ari dela aurten. Rovirak salatu du, bestalde, Espainiako legeen arabera gertatzen ari direla prentsa askatasunaren aurkako eraso batzuk —«tartean mozal legea-ri lotutakoak»—, baina ez dutela legitimitaterik nazioarteko zuzenbidearen eta giza eskubideen ikuspuntutik.

Norvegia eta Ipar Korea

Mugarik Gabeko Kazetariak erakundeak munduko herrialde guztietan prentsa askatasuna nola dagoen aztertu du. Estatuen zerrendan, Norvegia dago lehen tokian —iaz bezala—. Beste muturrean Ipar Korea dago, azken, 180. tokian. Turkia 157. dago —bi postu beherago—. Europan daude zerrendan gehien jaitsi diren herrialdeak: Maltak hemezortzi postu egin du behera, eta 65. tokian dago; Txekiar Errepublika 11 postu jaitsi da, eta 34. tokian da; Serbiak hamar galdu ditu, eta 76. lekuan da; eta Eslovakia lehen baino hamar postu beherago dago, 27.ean. Eslovakian zein Maltan kazetariak hil dituzte azken hilabeteetan.

Mugarik Gabeko Kazetarien idazkari Christophe Deloirek nabarmendu du kazetarien aurkako gorrotoa areagotu egin dela mundu osoan. Deloirek kritikatu du agintari politikoek bide ematen diotela gorroto horri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.