Gonbidatua ere bere kasara

ETB1eko 'Gure kasa' saioan formatua aldatu dute, euskal kulturaren munduko gonbidatuei protagonismoa emateko. Orduz geroztik, ikusle datuak asko hobetu ditu.
Maider Zabalegi musikaria kantuan azalduko da <em>Gure kasa</em> saioan, hilaren 12an.
Maider Zabalegi musikaria kantuan azalduko da Gure kasa saioan, hilaren 12an. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Urtzi Urkizu -

2017ko abenduak 2
Kameralari talde bat batzartuta dago Miramongo 22. platoan, grabaketa nola izango den finkatzen. Julen Telleria aurkezlea azaldu da, gidoiarekin —hiru ordu lehenago eman dio Joseba Olagarai gidoilariak—. Gure kasa-n, alboan izaten du Antton Telleria anaia: «Lehen esperientzia izaten ari da telebistan. Lehen bi asteetan tentsioa nabaritu nuen, baina ondo aurkitu dut jokatu beharreko pertsonaia». Programako lehen asteetan Kutxa Beltza izeneko tarte bat zegoen, gazte batzuen gorabeheren edukiekin. Baina formatua aldatzea erabaki zuten duela hiru aste, platora joaten diren gonbidatuei protagonismo osoa emanda. Eta, horri esker, saioa ikusle datu askoz hobeak lortzen ari da.

Zaloa Mendez zuzendariak saioaren bide berriaren helburua azaldu du: «Nahi genuke saioa euskal kulturaren esparru bat izatea, baina modu entretenigarri batean. Txikiak eta nerabeak baditugu, eta orain helduak harrapatu nahi ditugu. Formatu familiarra izatea da helburua».

Astean lau gautan ematen du ETB1ek saioa —saskibaloia ez badago—. Horretarako, hemezortzi lagun ari dira Miramonen lanean: produkziokoak, erredaktoreak, gidoilariak, editoreak eta koordinatzaileak. Grabazio egunetan, ostegun eta ostiral arratsaldetan, ETBko langile batzuk batzen zaizkie, 40ra iritsi arte.

Unai Etxabe zuzendariordea —taldeko ezkorrena dela diote— orduari begira dago: «Beti sentsazioa dugu berandu gabiltzala». Grabazio guztiak ere ez dira berdinak. Maider Zabalegi musikaria zuzenean kantatzekotan da —Urbil Artolaren eta Gorka Urraren laguntzaz—, eta argiztapena fin-fin egin behar dute. «Zuzeneko musikak funtzionatzen du, baina ondo argiztatu behar da», esan du Etxabek. Argi guztiak eta kamerak bere tokian, Zabalegik kantatu du berea —hilaren 12ko saioan ikusi ahalko da—.

Egun bereko beste protagonista Mikel Aiestaran kazetaria da. Krispeta batzuekin, zinema areto batean balego bezala jarri dute, Telleria anaiekin. «Arrisku handiko programa» iragarri du Aiestaranek, baina jokoan sartu da gero, berehala eta umore onez.

Eguneko bigarren grabaketan, Txirri, Mirri eta Txiribiton izan dituzte. Fermin Etxegoienek esan zuen behin BERRIAn euskaraz telebistan ariko diren pertsonaiak amaitu egiten direla. Julen Telleriak aitortu du euskaldunon komunitatea txikia dela: «Interes berezia dutenen atzetik gabiltza. Batzuek ezezkoa emango digute, baina uste dut esparru ezberdinetako jende hain ezezagunarekin ere egin dezakegula programa». Mendezek nabarmendu du baliabide guztiak gonbidatuen elkarrizketetara bideratu nahi dituztela: «Adibidez, pertsonaiei buruzko inkestak grabatzen ditugu. Elkarrizketak hobeto armatzen ari gara».

Elkarrizketetan, bestalde, neska gotika bat azaldu ohi da, umore berezia jarriz: Zurine. Aitziber Garmendiarekin egiten duten makillaje lana ez da nolanahikoa. Hala esan du Garmendiak: «Pertsonaia sinisten saiatzen ari naiz, horretan sartzen. Nerabeetan fijatu naiz pertsonaia eraikitzeko. Haien hizkera ere imitatzen dut». Gonbidatuak pertsonaiarekin jokoan sartzen direla iruditzen zaio. Eguneko lehen grabaketan, banana saldo batekin azaldu da Zurine, tximinoen munduko eguna delakoan.

Saioan, bestalde, Iban Garcia youtuberrak grabatzen dituen bideoak daude, Ihintza Irizar talentuen bila ibiltzen da, eta Nerea Alias kazetaria gaztetxoentzako youtuberra bihurtu da.

Atal berriak sartu dituzte

Saioaren berritasunen artean, Markel Alberdi igerilaria atal berri bat egiten hasi da. Onintza Enbeita bertsolariak eta Ana Goitia saioko kazetariak Hauxa bi atala egiteari ekin diote, umorezko tonuan. Enbeita gonbidatu gisa joan zenean, harekin berbetan aritu zen Goitia: «Zerbait elkarrekin egin behar genuela komentatu genuen. Gauza asko berdin bizi ditugu, gainera. Enbeitak oso pozik hartu zuen proposamena».

Eta atal berrien artean berriena, Maddalen Arzallus bertsolariak Hitzen zaindaria-rena egingo du. Herriz herri ibiliko da, hitzak jasotzen. Aste honetan, adibidez, Astigarragan (Gipuzkoa) grabatu dute, Agin Labururekin —hilaren 14an emango dute—. Mendez gustura dago atalarekin: «Hitz oso politak ateratzen dira». Josebe Iturriozekin ere grabatu dute atal bat, Ordizian (Gipuzkoa).

Publikoan aldaketak egiteko asmoa dute programako arduradunek. Egun, 15 urte inguruko gazteak joaten dira nagusiki. Helduak ere nahiko lituzkete eraman, baina grabaketen ordutegiak zailtzen die hori.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna