Eutanasia. Eragileen erreakzioak

Eutanasia: oraingoan bai?

Heriotza duinaren aldeko eragileak baikor mintzatu dira Kongresuan eutanasia arautzeko irekitako bideaz. PSOEren proposamena hobetu daitekeela uste dute, baina itxaropentsu daude.

arantxa iraola
2018ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Bolo-bolo ibiliko da bolada batean eutanasia hitza Espainiako Kongresuan; izan ere,jarduera hori legeztatzeko eta arautzeko lehen urratsa egin du parlamentuak, PSOEren lege proposamena tramiterako onartuta. Ez da, gainera, gaiaren inguruan Kongresuan martxan dagoen egitasmo bakarra; maiatzetik aztertzen ari dira Kataluniako Parlamentuan iaz eutanasia zigorgabetzeko eskatuz onartu zuten proposamena; Espainiako Zigor Kodearen arabera, delitu bat da, eta propio hori zehazten duen 143.4 artikulua aldatzea da eskakizuna. DMD heriotza duinaren aldeko elkartean «pozik» dira proiektu horiek Kongresuan eztabaidagai daudela ikusita. Oraingoan, bai, eutanasia arautzeko aukera badagoela ikusten dute. «Baikor gaude», adierazi du Concha Castellsek, DMD elkarteak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkariak.

PSOEk Espainiako Gobernuan agintea hartuta, gainera, aldaketarako aroa heldu den esperantza dute. Badakite, ordea, bidea ez dela erraza izango. Elkarteko Espainiako ordezkari Fernando Soler Grandek bide malkartsua irudikatzen du aurrean. Lege orok izaten duen bide luzeari erantsi behar zaio gai honek eragiten dituen mesfidantzak eta dudak. «Zuzenketak aurkezteko epe bat egongo da; ez da itxia, eta luzatu egin daiteke». Kongresuko batzorde batean eztabaidatu, eta Senaturako bidea egin beharko luke ondoren lege proposamenak; PPk du han gehiengoa, eta atzerapena handitu dezake horrek. Ondoren testua berriz Kongresura itzultzea lortzen bada, «gehiengo osoa» beharko du han, lege organiko bat baita. Oraingoz, jarrera irekia erakusten ari dira alderdiak, PP, UPN eta Ciudadanos kenduta —azken horrek ordezko testu bat aurkeztu du, zaintza aringarrien inguruan, eutanasia aipatu gabe—, baina ez dago argi zein jarrera hartuko luketen taldeek balizko bozketa batean. «Goizegi da oraindik sobera pozteko», onartu du Solerrek.

Paradoxa bat ere gerta daiteke bidean: Kataluniatik heldutako proposamena onartzea aurrena, eta, beraz, gaiaren gaineko araudi bat izan aurretik, eutanasia zigorgabetzea. Zigor zuzenbideko katedraduna da Kataluniako UOC Unibertsitatean Josep Maria Tamarit Sumalla, eta horren arriskuaz ohartarazi du: «Arautze bat egitea da egokiena. Arautu egin behar da; jakin behar da zein baldintzatan zigorgabetzen den,eta horrek esan nahi du zehaztu behar dela non egiten den, nork egiten duen, eta zein kasutan». Gainerakoan, osasun arloko profesionalek «babesgabetasun juridikoa» senti dezakete. «Abusuetarako» bidea ere zabal daiteke. Horregatik, DMDko kideek uste dute akaso «logikoena» litzatekeela bi proiektuak batzea parlamentuan.

«Gehiegizko» kontrola

PP, UPN eta Ciudadanos kontra izanda ere, aurrera egiteko era ikusten dute legeztatzearen alde dihardutenek. Castells: «Esperantza dugu lortzeko». PSOEk ehundu duen proposamenari hobekuntzak egin dakizkiokeela uste dute; izatez, iaz Podemosek beste proposamen bat aurkeztu zuen, baina ez zen aurrera atera: «Hura gehiago gustatzen zitzaigun». Edonola ere, orain eztabaidagai dagoen testua abiapuntu bat izan daitekeen esperantza dute. «Oso pozgarria litzateke onartzea».

Proposamenari ikusten dizkioten arazoen artean dago iruditzen zaiela galbahe gehiegi jarriko dituela eutanasia eskakizunei onespena emateko. Herbehereetako eredua dute gogokoen DMDn, eta hangoa baino zorrotzagoa da, diotenez, PSOEk ondu duena. «Legearen artikulatua nahiko ongi dago», onartu du Castellesek. «Baina ez zaigu gustatzen eskaria egin eta hamabost egunera berriz itzuli behar duela eskatzaileak sendagilearengana; hark baietza eman duenean, berriz, beste mediku batekin, espezialista batekin egin behar du kontsulta. Eta gero bi medikuen txostenak batzorde batera eraman behar dira». Hark izango du azken hitza. Lar gogorra deritzote: «Kontrolatu egin behar da; baina mediku bat, beste mediku bat, batzorde bat... Gehiegizkoa da». Hala ere, aintzat hartzeko urratsa litzateke. Ezinbestekoa, Tamaritentzat: «Argi dago helduko dela uneren batean; gizartea heldutasuna lortzen ari da alde horretatik. Erabaki beharko da jendeak noiz joan nahi duen hemendik, eta nork lagunduko dion horretan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.