Gemma Sangines Saiz.
Euskaldunak eta euskal kultura. IRITZIA

Kontsumitzaile baldintzatuak

2018ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Aurrekoan, fallero-en munduan sartu nintzen buru-belarri. Nahi gabe, eta hainbeste urtean Valentzian bizi izan eta gero, lehenengo aldiz neure burua behartuta ikusi nuen mundu horretan parte hartzeko.

Aukera izan nuen Fallak grina kutsagarriz bizi dituen familia baten etxean sartzeko. Etxe barrenekoak argiro salatzen zuen salbuespen egoeran zeudela: jantziz beteriko pertxak, azpiko gonak, txalekoak, kaxak bata bestearen gainean, gauzaz gainezkaturiko aulkiak, eta jendea presaka. Izango zen berriz ere baretasuna Sant Josep eguna pasatutakoan, cremà egindakoan. Valentzia erdi-erdian, honela esan zidan mesede egiten ari zitzaidan emakume abegitsuak: «Barkatu gaztelaniaz hitz egitea; dena ulertzen dizut, baina ez dakit valentzieraz hitz egiten».

Pasadizo hori etorri zait burura euskal kontsumoa buruan nerabilela. Ez da hain ezberdina Herrialde Katalanetan eta Euskal Herrian gertatzen dena. Gero eta datu eta testigantza gehiagok aditzera ematen digute euskaldunei gertatzen zaien horixe gertatzen zaiela bretoiera, gaeliko, kurduera eta samiera hiztunei ere.

Jokabidearen ebaluazio psikologikoan kontuan hartu beharreko disposizio aldaeren artean, irispidetasuna eta eskuragarritasuna daude. Erretzeari utzi nahi dion kalamu kontsumitzaile batek errazago izango du terrazako landareak kentzen baditu (eskuragarritasuna) eta saltzen dion inor ez badu inguruan (irispidetasuna). Era berean, seme-alabekin euskarazko film bat ikusi nahi duen euskaldunak Eguberrietan baino ez du kasik horretarako aukera, gainerako urte sasoietan ez baitago pelikularik. Orain gehiago dira euskarazko produktuak, baina hutsaren hurrengoa hizkuntza nagusiari dagozkion kopuruen aldean: 1/10, baikorrak bagara. Bestalde, gizarte balioak ere inguruaren araberako disposizio aldaerak dira. Zer pentsatzen dugun edo gure inguruak zer onartzen duen jokabide bati buruz: horrek eragina du jokabide hori gauzatzeko probabilitatean.

Oraindik gogoan dut nola joan ginen familian, orain dela bi urteko abuztuan, Donostiatik gertu dagoen zinema areto batera, eta nola erantzun ziguten, lauretako marrazki bizidunetako filma euskaraz emango zuten galdetzean: «Ez, hau saio normala da». Leihatilakoak ezin hobeto laburtu zuen nolako egoeran bizi garen.

Gure inkontziente kolektiboan kontsumitzaile lasaiari buruz dugun ereduan ez da sartzen euskarazko produktuak erostea. Euskarazko kulturaren kontsumoa, oraindik, militantziari lotuago dago, eduki ideologikoa duen produktu mota bati, aldarrikapenari. Esaterako, ingelesezko eta espainolezko musikaren erauntsia nonahikoa da kontsumitzaileak eskura dituen kanal gehien-gehienetan; ondorioz, ekintza aktibo bat da euskarazko musika aditzea, eta bila ibiltzeko ahalegina eskatzen du. Eta denok ez gaude bila ibiltzeko prestaturik edo gogoz. Are gutxiago, hori «normal ez izatea» bada. Gure portaera pasiboa bada, hizkuntza nagusian izango gara erabiltzaile. Ez da ideologia: eskuragarritasuna da, berriz ere.

Hizkuntz politikan, esku hartzeko bi modu nagusi bereizten dira: goitik beherakoa (erakundeak, legeak, arauak...) eta behetik gora doana (zer egiten duten hiztunek, eta horrek nola moldatzen duen errealitate soziala). Biztanleen hizkuntz ohituretan eragiteko jardun goitik beherakoak sendoa eta sistematikoa izan behar du. Administrazio batek konplexurik gabe jarduteko eskatzen badie hiztunei (txantxangorriak barne), eta, aldi berean, hizkuntz eskubideak urratzen badizkie, indefentsioa eta babes gabezia sortzen ditu biztanle kaltetuen artean (hizkuntza minorizatuaren hiztunen artean), bai eta inpunitate pertzepzioa ere beste aldean (hizkuntza nagusiaren hiztunen artean). Basozaintza politikan basoberritzeko dirua inbertitu eta aldi berean piromanoen kontrako legerik ez izatea bezala da. Baina, gogoeta psikologiko edota etikoetatik harago, sendotasunik gabeko politika bat egitea dirua gaizki kudeatzea da. Beraz, konpondu egin behar litzateke, efikazagoa izan dadin.

Valentziari helduta, horra hor adibide bat ezin argiago erakusten duena nola ekarri duten hizkuntz egoera jakin bat PPren agintaldiko urteetan erauntsian aplikatu dituzten hizkuntz politikek eta ereduek, eta nola egoera horretan guztiz normala den identitate valentziarraren folklorizazioa, hainbesteraino non falleren biribileko mototsak ezinbestekoak baitira, eta valentziarren hizkuntzan mintzatzea, berriz, hautu apetatsua.

Administrazioek lan egin lezakete euskarazko produktuak ugaritzeko, hizkuntza nagusiaren mendeko dependentzia arintzeko (hor dago norabide bakarreko elebitasunaren gehiegikeria: euskaraz dagoen guztia espainolez ere jarri behar da, baina alderantziz ez) eta hizkuntzaren beharra sustatzeko. Eta kontuan harturik euskaldunek lehen ere egiten dutela—behetik gora— produktuak bilatzeko lan aktiboa, kontsumitzaile pasiboei erreparatu behar litzaieke bereziki, eta erraztu era askotako kultur produktuen ekoizpena, era askotako kontsumitzaileengana iristeko. Ezinbestekoa da oraingo dinamika gainditzea, biztanle sektore berarentzat egiten baitira beti euskarazko produktuak: euskal kulturaren kontsumitzaile aktibo eta militanteen sektorearentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.