Katalunia. Euskal Herriko erreakzioak

Quebec, «eredu eta zubi»

Lehendakariak Quebecera bidaiatuko du datorren astean. Harreman ekonomikoak garatzea du xede. Bitan gauzatu dute autodeterminazio eskubidea han, eta lege bat dute

Iñigo Urkullu lehendakaria, aurrean Philippe Couillard Quebeceko lehen ministroa duela, 2015ean Parisen eginiko bilera batean. FERNANDO PEREZ / EFE.
jokin sagarzazu
2017ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Quebecera bidaia ofiziala egingo du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak datorren astean, urriaren 30etik azaroaren 3ra. Kanadako estatu federaleko probintzia bat da Quebec, eta hango arduradun instituzionalekin bilduko da Urkullu: Philippe Couillard lehen ministroarekin lankidetzarako memorandum bat sinatuko du, bi herrialdeen arteko «harreman politikoak, ekonomikoak eta kulturalak estutzeko». Jaurlaritzak azpimarratu duenez, lehen aldiz bilduko dira bi gobernuak «erakunde harremanak» garatzeko.

Egungo egoeran, esanahi politiko berezia du Jaurlaritzak Quebecera bidaia egiteak. Bitan gauzatu dute autodeterminazio eskubidea han: 1980an eta 1995ean —bietan irabazi zuen ezezkoak—. 2000tik, Kanadak badu lege bat halako erreferendumak arautzeko. Gobernuko bozeramaile Josu Erkorekak adierazi duenez, «eredu bat» da Jaurlaritzarentzat, «legezkotasuna eta printzipio demokratikoa batzen dituelako».

Egun, PLQ alderdi liberalak agintzen du Quebecen, eta ez dago haren lehentasunen artean erreferenduma egitea. Lehen ministroarekin, parlamentuko kideekin eta Ekonomia, Berrikuntza eta Zientzia ministroarekin eta Kanpo Harremanetarako buruarekin bilduko da Urkullu eta harekin doan taldea: Arantxa Tapia Ekonomia sailburua eta Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkaria. Hango Euskal Etxeetako kideekin ere izango dira, eta han dauden euskal enpresa batzuk bisitatuko dituzte. Bi hitzaldi emango ditu Urkulluk: Montrealeko Nazioarteko Harremanetako Kontseiluan eta Laval Unibertsitatean.

Erkorekak azaldu duenez, Quebec «lehentasunezko bazkide bat» da Jaurlaritzarentzat, «kultura eta hizkuntza aniztasunaren babesagatik, berrikuntzagatik eta ingurumenarekiko konpromisoagatik». Jaurlaritzak bereziki harreman ekonomikoak garatu nahi ditu herrialde horrekin. CETA Kanada eta Europako Batasunaren arteko nazioarteko merkataritza ituna behin-behinean abian jarri ostean, «zubiak» eraiki nahi ditu Quebecentzat euskal lurraldeak izateko Europako atea, eta Quebecek errazteko euskal produktuak Kanada eta AEBetako merkatuetan sartzea.

Horrekin batera, Euskadi-Basque Country 2020 nazioartekotzeko planean sartuko da, Jaurlaritzarentzat «estrategikoak» diren herrialdeen sarean, Akitania, Bavaria, Flandria, Queretaro, Jiangtsu eta Cundinamarcakarekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.