Ai Laket-ek oso arriskutsutzat jo du 'Superman' droga

PMMA pilulak azaldu dira azken boladan Euskal Herrian.Estasia izango balitz bezala saldu ohi dituzte, erosleak ohartarazi gabe

Superman-en S logotipo formadun PMMA pilula. BERRIA.
2015eko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Toxikotasun maila handiko PMMA drogaren kontsumoak dozena bat hildako eragin ditu Europan eta AEBetan azken hilabeteetan. Euskal Herrian, Lezoko (Gipuzkoa) kasuak piztu du kezka. Ertzaintzak Superman pertsonaiaren logotipoa duten 239 PMMA pilula aurkitu zituen uztailaren 9an, 34 urteko gizon baten heriotza ikertzen ari zela. Orain, Ertzaintzak berak baieztatu egin du pilulek PMMA zutela, eta erne jokatzeko eskatu du. Arriskutsutzat jo ditu Ai Laketdrogen erabiltzaileen elkarteak.

Euskal Herrian lehen PMMA dosiak apirilean aurkitu zituzten; Santurtzin (Bizkaia) lehenbizi, Ertzaintzak, eta Gipuzkoan, hilabete berean, Ai Laket drogen erabiltzaileen elkarteak. Guztira, sei hilabetean, lau pilula atzeman dituzte —Lezokoak kontatu gabe—.

Ai Laket-eko kide Ricardo Caparrosek azaldu du pertsona batzuei «MDMA [estasia] izango balitz bezala» saldu dizkietela PMMA pilulak. Horren arriskuez ohartarazi du, PMMA estasia baino «potentzia handiagoa» duen bizigarria delako, eta estasiaren dosi berean erabiliz gero «oso arriskutsua» izan daitekeelako. Informazio asko dago PMMAren toxikotasunaren inguruan, Caparrosek azaldu duenez: «50 miligramoko kontsumoarekin, hainbat erabiltzaile ospitaleratu dituzte, eta, Drogen Europako Behatokiaren arabera, 400-500 miligramoko dosiak heriotza eragin dezake». Gainera, PMMAren efektuak MDMArenak baino «geroago» agertzen direnez, kontsumitzaile batzuek dosia handitu dezakete, «eta, horrekin batera, toxikotasuna».

Caparrosek mezu bat helarazi die kontsumitzaileei: «Analisia da tresna bakarra substantzien konposizio zehatza ezagutzeko; itxurak, koloreak edo neurriak ez du pilula baten konposizioa ezagutarazten». Ai Laket elkarteak azterketa «doakoa eta isilpekoa» egiten duela gogorarazi du. Hala ere, «substantzia susmagarri bat» kontsumitzea erabakitzen dutenei gomendio bat eman die: «Normalean baino dosi txikiago bat hartu, eta denbora bat itxaron lehen efektuak sumatu arte. Efektuak ez badira esperotakoak, gelditu momentuan lagin horren kontsumoa».

Zer da PMMA?

«PMMA duten pilulek kolore arrosa edo laranja, diamante forma edo Supermanen S logotipoaren forma izan ohi dute», Caparrosen arabera. Hainbat modutan kontsumi daiteke, baina piluletan agertu ohi da, «aizun bezala», eta «erabiltzaileak jakin gabe». Substantziaren izen osoa parametoximetafina da. «Ez da sustantzia berria: duela urte batzuk sendagai gisa erabiltzen zen, eta, 70eko hamarkadatik, legez kanpokoa da Espainiako Estatuan. Hala ere, Europako zenbaitherrialdetan legezkoa da oraindik».

Substantzia bizigarria denez, Caparrosek azaldu du «hitz egiteko gogoa eta euforia» direla ohiko sintomak, baita «gosea, logura eta nekea murriztea» ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.