Mendi ibilbidea
Albertiako eraztuna

Hostozabaleko basoak bete-betean hartzen duen zoko paregabea da Albertia mendia. Legutio hiribildura gerturatu baino ez da egin behar mendigunearen handitasunaz jabetzeko. Udaberriaz gozatzeko bazter ezin liluragarriagoa da. Abiapuntua Legutio (Araba) herriko San Roke parkea da (hilerri zaharra). GR-38 zidorraren nondik norakoak dakartzan taula bat ikusiko dugu haren parean. Ibilbide honetan zehar GR zidorrak lagun ditugularik ere, kontuan hartu behar da zenbait ibilbide arrasto bilduko direla gure xendara. Naturzaintza, Lautadako Bira eta Arrain eta Ardoaren zidorra, beste askoren artean. Adi, beraz.
Aramaio aldera doan errepidea hartuko dugu GR 282 zidorraren eskutik. Lehen urratsak egitearekin batera, ibar pintoreskora doan galipota laga, eta Albina presagainerantz abiatzen den basabideari jaramon egingo diogu. Jaitsiera xumearen ostean, Bostibaieta ibaiaren gainetik igaro, eta ezkerretik jarraituko dugu hosto firfira leunaren abaroan.
Aurrerago, ibaiaren ertzean eraikin batzuk antzematen ditugula, basabide nagusitik irten, eta eskuinera egingo dugu atzera pauso batzuk emango bagenitu bezala. Aurrena, ur-biltegi bateraino lagunduko digu basabide horrek. Eraikin handiago bateraino, hurrena. Azkenik, magalean gora jarraitzeko gonbita egingo digu bide hareatsuak. Paduretako bazterrean, malda jadanik gozatuta, sigi-saga bideratuko gaitu bidexkak, betiere amezti gaztea itzurtzeko asmoz.
Larragoiengo zelaia
Aldatsa makur eginda, bide nagusia bazter egin eta eskumatik jarraikitzen duen bidexkari oratuko gatzaizkio. Bidezidorra urratuz joango gara apurka-apurka, nagitasun gozoan. Zuzia argimutilaren gainean bezalaxe, halaxe agertuko zaizkigu berehala ehun urtetik gorako pago mardulak. Ziurrenik aurrerago nagusituko zaigun paisaiaren atari. Gosegarri on batek gosea piztu behar duela, pagadi trinkoak magal osoa jantzaraziko du gero. Erne ibili bertaratzean; izan ere, eskuinaldeko sakonunean, mazelaren ezkutuan, harrizko aterpe edo haitzulo kurios bat dago.
Xenda behinenean berriz, hegiz hegi jarraituko dugu. Une batez, bide zabal batera irtenda, Albertiako tontorrera doan aldatsari muzin egin eta mazela zeharkatzeari eutsiko diogu. Zidorrari gortea eginez, Larragoien (Erregoien) izena hartzen duen zelaira iritsiko gara berehala. Lepo xumea bezain interesgarria da, biribilgune horretatik abiatzen baitira makina bat bide.
Gaur egun Albertiako basoak sosegua eta edertasuna ezagutzen dituen bezala, parajeok momentu latzak ere pairatu zituzten 36ko gerra garaian. Inguruko bazterrak korritu baino ez da lurrazalak maskaratuta dituen zauriez ohartzeko. Larregoiengo monumentua altxatu zuten orain dela urte batzuk garai latza memoriara ekartzeko xedez.
Albertiara doan zidorra alde batera lagata, zelaia alderik alde zeharkatu eta Legution marraztutako eraztuna ixtera abiatuko gara orain. Tontorra gainean dugula, hegia korritzen duen basabideari ekingo diogu. Lehen bidebanatzean, eskuinekoa hartu eta maldan behera segituko dugu. Albertiaosteko iturria antzemango dugu bizkor, ezkerraldeko mazalean irekitako arrakalari ura saltoka dariolarik. Minutu batzuk ibilian-ibilian, eta lepo batera helduko gara. Zurezko zutoin bat egon ohi da han. Basabidea uzteko ordua da. Ezkerrera egingo dugu lepoko bidebanatzean, eta, Pagola errekak hondeatu duen ibarrari begia kendu gabe, Albertiako harrobi zaharrera helduko gara.
Harrobia atzean utzi eta basoak lagunduta, Albinako Goikopresatik igaro eta Legutiorantz bideratuko ditugu gure pausoak.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.