Pastor
DARWIN ETA GU

Brinkolarako treneko neska

2020ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Txamarra beltza du. Prakak grisak dira eta izterretan urratuta daude, oraingo modak agintzen duen legez. Zapatilak ere beltzak dira. Orkatilak airean, galtzerdirik gabe. Bufanda lodi luzea lepotik zintzilik darama. Atzazal batzuk, ez guztiak, arrosaz pintatuak ditu. Eta esku artean, liburu bat, azalez horia, mamiz gorria: Marx, Engels. Manifiesto del Partido Comunista.

Brinkolarako treneko neskak apenas altxatzen dituen begiak liburutik. Unibertsitatera joateko adina du, baina liburua irakurtzea ez da irakasle batek bigarren lauhilekorako agindu dion lana. «Nire gustukoa da eta irakurtzen ari naiz», esan du, irribarretsu.

50 urte baino gehiago igaro dira 68ko Maiatzetik eta Woodstock jaialditik. Orduko iraultzaile eta hippy happy flower asko lehengo pentsamoldera bihurtu dira, utopiari muzin eginez. Komunismo odoltsuaren oinarriak ezarri zituen liburua irakurtzen ari dela esango liokete Brinkolarako treneko neskari. Utopiak porrot egin duela. Alta, kapitalismoak bake nahiz gerra garaian baino odol gehiago isuri duen sistema ekonomikorik badago historia garaikidean? Kapitalismoak munduko herritar guztien ongizatea bermatuko duela pentsatzea ez da utopia?

Kapitalismoa erlijioa dela adierazi zuen Walter Benjaminek, Kapitalismus als Religion amaitu gabeko entseguan. Filosofo alemaniarraren arabera, kapitalismoa agian inoiz existitu den erlijio zorrotzena da. Kultu horrek «iraunaldi etengabea» du, sans trêve et sans merci —tregoa eta errukirik gabe—. Benjaminek iradoki zuenez, kapitalismoak errudun sentiarazten gaitu: inoiz ez dugula nahikoa irabazten pentsatzen dugu; inoiz ez dugula nahikoa produzitzen pentsatzen dute. Hori dela eta, lotsa sentitzen eta sentiarazten dugun alferrontziak gara.

Mundua aldatzen ari da. 1848ko liburu batek zenbateraino balio du egun? Kapitalismoa garai berriei egokitzen ari zaie—edo garai berriak kapitalismoari—. Adituek azaldu digute: egun inor gutxik jartzen du auzitan produkzio-bideen jabetza pribatua. Beste agenda bat garatzen hasi gara: klima larrialdia, emakumeak ardatz dituen borroka, sexu-orientazioa, animalien eskubideak... Baina zer erantzun du arazo horientzat guztientzat kapitalismoak? Eta kapitalismoak berak ezarritako eta garatutako jarraibideei segitzen arituko bagina arlo horietan?

Espainia iparraldeko hiriburu batean gertatu berri da: jatetxe begano bat, % 100 cruelty free. Negozioa ondo doa, baina sukaldean mutil bat dago, lan baldintza txarretan. Jadanik 100 ordu baino gehiago zor dizkio nagusiak. Erreklamatzera joan da, eta hark kaleratu egin du. Cruelty free, horixe. Ez dituzte animaliak torturatzen. Gizakiak esplotatu, bai. Antzeko zenbat kasu egongo dira gure euskal oasian?

Geure burua salbatzeko borrokan ari gara, gizarte atomizatuan galduta. Lankidearen burua eta eskubideak zapalduko ditugu, beste erremediorik ez badago. Zer egingo diogu, bada. Salbazio indibiduala arazo kolektiboak konpontzen saiatzeko. «Nahi baduzu, ahal duzu», esaten digute autolaguntza guru santu orbangabeek —Osho-ren 96 Rolls Royce-ek helburu bakarra zuten, hark esana: gu jelosiaren eta inbidiaren kalteaz ohar gintezen. Bai, ados, gizona, bai, kar, kar, kar—. «Ortzia da muga», entzuten dugu. Eta guk sinetsi eta erosi. Eta ortzi horretara iristen ez bagara, gurea da porrotaren erantzukizuna. Bitartean, erosketa, musika, joko, bidaia, abentura eta festetan murgilduta segitzen dugu. Brinkolarako treneko neska Manifestu komunista irakurtzen ari da. Guk aspaldi irakurri genuen Manifestu kontsumista.

Ostegun arratsa da. Brinkolarako treneko neskak liburuko beste orri bat irakurtzen bukatu du, eta hurrengora jo du. Bizkaian eta Gipuzkoan futbol giroa da nagusi, bertako taldeek Espainiako eta Kataluniako hamaikako onenen kontra jokatuko baitute. Autobidean izaniko lur-jausian bi langile desagertu dira, baina bizitzak aurrera segitzen du. Amiantoak ez dezala partidetan espero ditugun emaitzen poza pozoitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.