Torrak nazioarteko bitartekaritza eskatu du auzia konpontze aldera

Aragones Generalitateko presidenteordeak uko egin dio Gorenean deklaratzeari, U-1arekin lotuta ikerketapean dagoelako Katalunian

Igor Susaeta.
2019ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Atzo, Sant Jordi eguneko adierazpen instituzionalean, Quim Torra nazioarteari zuzendu zitzaion. Azken urtean beste hainbatetan egin bezala, Generalitateko presidenteak nazioarteko bitartekaritza eskatu zuen Kataluniako auzia konpontzeko. «Europari eta nazioarteko komunitateari eskatzen diogu, berriro, esku har dezala auzi hau modu demokratikoan konpontzeko», nabarmendu zuen Torrak. Ingelesez helarazi nahi izan zuen mezu hori.

Generalitateko presidenteak «preso politikoak eta erbesteratuak» izan zituen gogoan bere diskurtsoan, eta Espainiako Estatuaren «errepresioa» kritikatu zuen. Haren esanetan, «epaiketa politikoak» ezin dira onartu, eta salatu zuen «indarkeria» eta «mehatxuak» erabiliz isilarazi nahi dela «pertsonen ahotsa». Torraren ustez, Espainiaren eta Kataluniaren arteko gatazka politikoa «aukera bat» da demokraziarentzat.

Bestalde, atzo, Espainiako Auzitegi Gorenean, Pere Aragones Generalitateko presidenteordeak uko egin zion Kataluniako buruzagi subiranisten aurkako epaiketan deklaratzeari. Joan den abuztuan, Bartzelonako 13. Instrukzio Epaitegiak Aragones ikertzeko eskatu zion Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiari, 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren finantzaketa dela eta—Ekonomia Kontseilaritzako idazkaria zen orduan—. Auzitegiak ez du ireki presidenteordearen kontrako auzibiderik, baina ez du ikerketa posiblea artxibatzeko eskatu. Horrenbestez, Aragonesek Manuel Marchena epaiketako epaimahaiburuari gutun batean jakinarazi zion «materialki ikerketapean» dagoela.

Aragones Gorenera joan zen atzo —Vox herri akusazioak eskatuta eseri zen lekukoen aulkian—, baina Marchenari adierazi zion ez zuela deklaratu nahi , eta epaimahaiburuak ontzat jo zuen eskaera. Gorenetik atera ostean, Generalitateko presidenteordeak salatu zuen U-1a hainbat auzitegitan ikertzeak «babesgabetasuna» eragiten diela. Azpimarratu zuen, gainera, egoera «absurdoa» dela.

Bien bitartean, 2017ko uztailean Generalitateko kontseilari izateari utzi ziotenetako hiruk deklaratu zuten atzo Gorenean: Jordi Janek (Barne), Jordi Baiget (Enpresa), eta Meritxell Ruizek (Hezkuntza). Haien esanetan, gobernuan zeuden bitartean ez zen aldebakartasunaz hitz egiten, «irtenbide adostu batez» baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.