Nazio gisa definitu, nazioarteratzeko

Euskal diplomaziarako oinarriak zeintzuk izan behar luketen eztabaidatu dute EHUko udako ikastaroetan. Esan dute herri estrategia bat beharrezkoa izango dela nazioarteko harremanak garatzeko.

Donostia
2018ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Ez da leku txarra Miramar jauregia gai diplomatikoez hitz egiteko, han egin diren askotariko bilerengatik, handik pasatu diren agintariengatik. Han aritu dira egunotan, EHUko udako ikastaroetan, XXI. mendean euskal diplomaziak izan beharko lituzkeen oinarriei buruz hizketan. Atzo, mahai ingurua egin zuten Xabier Barandiaran Deustuko Unibertsitateko irakasleak, Mikel Burzako EAJko Nazioarteko Harremanen arduradunak, Urko Aiartza Amaiurko senatari ohi eta abokatuak eta Aguirre Lehendakari Centerreko arduradun Gorka Espiauk. Lau hizlarien arabera, nazioarteko harremanak izateko herri estrategia bat behar da, eta horretarako «Euskal Herria zer den definitu eta erabaki» behar da aurrena.

Barandiaranen arabera, «herriak» bere burua «birdefinitu» behar du, eta, hori egindakoan, herri estrategia jarri ahal izango da martxan. Nazioartean mugitzeko egitura politiko propioak behar direla azaldu du, eta egun estatua dela horretarako egitura.

Aiartzaren iritziz, euskal estatua sortzea «ideala» izango litzateke, baina «estatua bai, estatua ez» eztabaida beharrean, uste du orain garrantzitsuago dela «norabide bakarrean» estatu mailako egitura politikoak sortzea edota egokitzen joatea.

Burzakok uste du estrategia bat adosteko aintzat hartu behar direla Euskal Herriaz bertan esaten direnak eta Euskal Herritik kanpo esaten direnak. Azpimarratu du indar abertzaleek —Euskal Herria naziotzat dutenek— izan behar dutela horren motorra, eta horretarako bat egin behar dutela EAJk eta ezker abertzaleak. Laurak ados daude ideia horrekin.

«Pragmatismoa» izan da hizlariek mahai gainean jarri duten beste kontzeptuetako bat. Guztiek aipatu dute ezinbestekoa dela pragmatikoak izatea, estrategia «efektiboa» izan dadin. Uste dute «gutxieneko printzipio» batzuk behar direla; «gutxi baina onak» izan behar dutela, eta «ongi adostutakoak».

Estrategia posible horri jarraikiz, pentsatzen dute Euskal Herriaren aitortza eta nazioarteratzea txanpon beraren bi aldeak direla. Horrekin loturik, EAEko instituzioek Nafarroako Gobernuarekin eta Ipar Euskal Herriko erakundeekin lanean hastea babestu dute. Aiartzak, halaber, uste du Espainiako Estatuak nazioartera jauzi egiteko zubi izateari utzi behar diola.

Europaz ere mintzatu dira. Egungo Europak eredu «kontserbadorea» duela azaldu dute, eta hango erakundeetatik ez dela etorriko «konponbidea». Baina Burzakok azaldu du Europa dela «gure etxea»: «Gustatu edo ez, hala da, eta barnetik egin beharko dugu lan, aldatu nahi badugu». Bi hitzetan laburbildu du Euskal Herriak zer rol jokatu behar duen: «eragitea» eta «konplizitateak» bilatzea.

Lau adituen arabera, «antzera» dauden nazioekin elkartzea eta elkar laguntzea funtsezkoa izango da eragiteko. Lan horretan, Espiauk ezinbestekotzat jo du Kataluniarekin aliantza egitea eta estrategietan bat egitea. Baita Europatik kanpo ere; Seul, Kolonbia, Quebec eta halako hiri eta herrialdeekin, besteak beste.

Diaspora langai

Hizlariek uste dute diasporak ere osatzen duela euskal komunitatea, eta positiboki baloratu dute atzerrian daudenek nazioartean egindako lana. Dena den, kritikatu dute hamarkadetan haiekiko harremana kulturarekin eta batez ere folklorearekin lotuta egon dela .

Burzakok goraipatu egin du euskal diasporak nola eutsi dion bere identitateari historian zehar. Azaldu du orain arte egindako lana handia izan dela, baina estrategia berri bat behar dela. Uste dut egun euskal diasporak «oso egitura likidoa» duela, eta solidotu eta indartu egin behar dela, bertako kideak ere euskal nazioaren aldeko eragile izan daitezen beren herrialdeetan.

Bestalde, Aiartzak adierazi du oso garrantzitsua dela euskal herritarrak nazioarteko diplomaziaren egituretan egotea. Azpimarratu du asko direla mundu osoan dabiltzan «baina antolatu gabe dauden» euskaldunak, eta adierazi du haiekin biltzeko moduak ere aztertu behar direla, Euskal Herriaren «ordezkari eta eragile» izan daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.