Arrauna

Oriok iaz utzitako lekuan heldu dio Euskotren ligari

Aurreneko jardunaldia irabazi du Coruñan, eta aurreneko lau puntuak batu ditu. Donostiarrak oso maila ona eman du, 4,62 segundora

Itziar Olasagasti eta Nerea Badiola, atzoko garaipena ospatzen. EUSKOTREN LIGA.
Aitor Manterola Garate.
2020ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Oriok irabazten jarraitzen du Euskotren ligan. Atzo ere aurrena izan zen, Coruñako (Galizia) estropadaren lehen jardunaldian, eta iazko garaipen segida luzeari beste katebegi bat gehitu zion. Joan zen urtean, bigarren jardunaldian egin zion ihes udako garaipen bakarrak, eta ordutik, dena irabaztea lortu zuen, txapelketak eta Kontxako Bandera barne.

Ondo lortu zuen menderatzea bere burua, lehenik eta behin. Hasiera kaskarra eman ziolako atzoko estropadari. Semaforoa berde jarri zenean, trainerua ondo jarri gabe izan balu bezala harrapatu zion hasierak, eta aurreneko arraun kolpeetan, beste hiru taldeek aurrea hartu zioten: Hondarribiak lehen kaletik, Arraun Lagunakek bigarrenetik, eta Donostiarrak hirugarrenetik. Azkeneko talde horrek aukera izan zuen Orio atzerago lagatzeko aurreneko metro horietan, baina ez zuen lortu, eta bigarren minuturako, Nadeth Agirre patroitzan duen taldea jarri zen estropada buruan. Horrela jarraitu zuen lanak amaitu bitartean.

Eremua txar-txarra ez bazegoen ere, zikina zen kanpoaldean, eta arraunean ondo egin beharra zegoen gauzak bere onetik ez ateratzeko. Orio eta Donostiarra ondo moldatzen ari ziren zeregin horretan, baita Hondarribia ere. Lehen luzeko lan erdiak ondo pasatuta zituztenean, Nerea Perez patroiaren arraunlariak bost segundo galerarekin ziren Oriorekiko, eta Donostiarrak hiru baino ez zizkien kentzen. Baldar zihoana Arraun zen, Galiziako eremu hori batere gustuko ez duela agerian utziz. Laugarren minutu eta erdirako, hamar segundo galduak zeuzkan Oriorekiko.

Estu zihoazen lehen bi sailkatuak ziabogaren bila, bizpahiru segundoren barruan biak ere. Hirukoa izan zen aldea lan erditan Orioren alde. Txikia, inondik ere. Ez zegoen atzoko estropada erabakita. Atzetik, Hondarribiak bederatzi segundo zeuzkan galduta Oriorekiko, eta hamalau Arraunek. Bi talde horiek atzoko garaipenaren lehiatik kanpo ziren, baita banderarenetik ere.

Bigarren luzearen lehen erdian, Xanti Zabaletak zuzentzen duen taldeak koska handitu zuen Maialen Arrazola arraunlari eta entrenatzailearen kuadrillarekiko, eta bost segundora ere igo zen bien arteko aldea. Hortik aurrera, ordea, Donostiarra hasi zen aurkari zuzenari gaina hartzen, eta bi segundora ere jaitsi zuen aldea. Baina azkenean, 4,62ra igo zuen Oriok, eta horixe du fabore gaurko, bandera zeinek irabaziko ariko direlako atzoko lehen biak. Egundoko ezustea litzateke Hondarribiak edo Arraunek trapua astintzea, atzean geratu zirelako atzo:18 segundo galdu zituzten aurrenekoek, eta 23 iaz ligan bigarren izan zen taldeak. Hain zuzen, atzoko konturik deigarriena horixe izan zen, Arraunek ez zuela maila eman, neguko estropadetan erakutsi zuen hori.

Beste muturrean Donostiarrarena dago aipatzeko. Taldea alferrik ez duela indartu erakutsi zuen, eta bide horretatik segitzen badu, estu hartuko du Orio. Gaur bertatik hasita, Coruñan zeinek irabaziko ariko baitira (11:40).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.