Egoitz Urrutikoetxea. Josu Urrutikoetxearen semea

«Aita zuten xede, estrategia aldaketan bete duen funtzio politikoagatik»

Ekhi Erremundegi Beloki.
Paris
2019ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Zer balorazio egiten duzu auzi saioaz?

Abokatuek atera dituzten ondorioetan gauza bat biziki argi aditzera eman dute: Espainiako Justiziak egiak erdizka azaltzen ditu; egia erdiak gezurrak dira. Lau prozeduretan bada bultzada politiko bat, eta horrek erantzuten dio momentu politiko jakin batean Espainiako Estatuak duen behar bati; trofeo behar bati.

Hori dago jokoan?

Uste dut abokatuek agerian utzi dutela prozeduren instrumentalizazio bat badela. Gure iduriko, gizateriaren kontrako krimen prozedura hori zentzugabekeria da. Noiz eta Francoren gorpuzkia desobiratu duten, noiz eta ehunka mila hildako eragin dituen frankismoaren erantzukizunak inoiz argitu ez diren. Gaur egun horrelako prozedura bat egoteak, nire iduriko, korapilo bat erakusten du memoria ariketa horretan. Orain, uste dut korapilo hori Frantzian askatu beharko dutela, Espainiatik dituzten presioak hor daudela kontuan hartuz.

Abokatuek behin baino gehiagotan esan diote epaileari, nolazpait ere, Espainiako autoritateak beraz trufatzen ari zirela.

Nik uste dut gaurko saioan hori agertu dela. 1980ko ekintza ETApm-k hartu zuen bere gain. Oroitarazi behar da ETApm-ko kide anitz PSOEn direla, eta gobernuan direla. Nik auzo lotsa izanen nuke Espainiako epaile bat izango banintz, baina, iduriz, ez dute halakorik. Azpimarratzekoa da aitaren auzipetzea prozedura horretan 2005eko irailean gertatu zela; Genevako elkarrizketa prozesua abian zenean, denen begietara. Espainiako autoritateek bazekiten elkarrizketak abian zirela eta nor ziren euskal aldearen ordezkari. Agerikoa da badela egiazko bultzada politiko bat.

Zaragozakoa ere ezbaian jarri dute.

1996. eta 2000. urteen artean behin-behineko espetxealdian egon zen lau urtez, jakinarazi zioten prozedura hori, prozedura horretatik aske gelditu zen, eta 2000. urtean libre utzi zuten, beste erremediorik ez zutelako. Ondotik, prozedura hori ireki zuten, eta uste dut bi gauza azpimarratu behar direla: iturburuan AVT eta Guardia Zibilen elkartea daude, eta prozedura hori Guardia Zibilen zerbitzu sekretuek aurkeztutako txosten batean oinarrituta ireki zuten. Guardia Zibilak izan ziren biktimak, Guardia Zibilen elkarte batek du bultzada egiten prozesua berriz irekitzeko, eta Guardia Zibilek berek dute ikerketa eta txosten bat aurkezten inputazioa berriro zabaltzeko. Horrek bakarrik ongi aditzera ematen du egoera zein den. Abokatuek aitaren atxiloketaren egunean berean egin zituzten adierazpenak aipatu dituzte. Ikerketa zerbitzuek aita zuten helburu, hain justu, estrategia aldaketaren sekuentzia honetan bete duen funtzio eta rol politikoagatik.

Frantziako prozedurak luzatuko dira, badirudi Espainiako eskaerena ere luzatu dela. Nola bizi du hau guzia Josu Urrutikoetxeak?

Gaizki. Gaizki. Damoklesen ezpata buru gainean du, eta badaki eztabaida berez ez dela juridikoa, politikoa dela. Eta nago, gaur-gaurkoz, Frantziako Justizia ez dagoela presio politikoetatik aske. Badago izugarriko menpekotasuna, eta horrek asko baldintzatu dezake. Nahiz eta, ikusi dugun, hemen bezala, Espainiako Justizia gezurretan ari zaiola. Ustez independentea den Frantziako Justizia instrumentalizatzen ari da Espainiako Justizia. Alde batetik, itxaropen zerbait badu abokatuak egiten ari diren lanari dagokionez, baina nolabaiteko etorkizun beltza ikusten du, funtsean, erabaki politikoa izan baita orain arteko egoerara ekarri duena, eta, erabaki politikoa izanen da hemendik aurrera. Zer zentzutan gauzak aldatuko diren... Hori jakiterik ez dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.