Pentsioen geroa. Mercedes Ayuso Gutierrez. UBko Ekonomia katedraduna

«Sistema mistoak aukera emango luke pentsio minimoak handitzeko»

Jasangarritasun faktorearen defendatzaile sutsua da katedraduna: «Ez da bidezkoa zuk erretiroa hartzen duzunean nik baino gehiago jasotzea, gazteagoa zarelako eta bizi itxaropen handiagoa izango duzulako».

JON URBE / FOKU.
Jon Fernandez.
Donostia
2018ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Ez zaio gustatzen alarma sozialik sortzerik pentsioen inguruan. Alabaina, Mercedes Ayuso Gutierrezek (San Leonardo de Yague, Espainia, 1970) dozena batetik gora arrisku aletu zituen atzo, Donostiako Miramar jauregian egindako hitzaldian: arrisku demografikoarena, bizi itxaropenarena, dependentziarena, familia egituren aldaketarena, ordezkatze tasarena, inflazioarena, zergena, likideziarena, inbertsioarena...

Bartzelonako UB unibertsitateko Ekonomia katedradunak dio bere asmoa ez dela inor beldurtzea, errealismoa sustatzea baizik, «zifretan oinarritutakoa».

Gutxien-gutxienez, kezka sortzen du zuk azaldutako arriskuen diagnostikoak.

Ez da alarmarik sortu behar. Nagusien beldurra da pentsiorik gabe geratzea. Baina pentsio publikoak ez dira desagertuko; ez dago hori onartuko duen gobernurik.

Baina pentsio duinak egongo dira?

Hortxe hasten da eztabaida. Pentsio sistemaz hitz egiten duzunean, lau kontzeptuz hitz egiten da: jasangarritasuna, nahikotasuna, ekitatea eta efizientzia. Horietako bakoitza nahikoa izan daiteke sistema egituratzeko. Ideala da lau arazoak konpontzea, baina ez da erraza. 2013ko erreformak, batez ere, sistemaren jasangarritasuna zeukan helburu.

Pentsioetarako diru sarrerak eta pentsioen gastua orekatzea.

Erraza da azaltzea: gastu handia badaukat, eta diru sarrerak ez badira handitzen, zer gertatzen da sistemarekin?

Defizitarioa dela.

Eta pentsioak txikitu egiten direla. Gastua txikitzeko pentsioak murrizten dira.

Jasangarritasun faktoreak gehiago murriztuko ditu. PPren gobernuak deitutako adituen batzordean egon zinen jasangarritasun faktorea definitzen.

Belaunaldien arteko ekitatea bilatzen du. Demagun zuk eta nik urte kopuru bera lan egiten dugula, baina ni hamar urte zaharragoa naiz. Zuk erretiroa hartzen duzunean, nik baino bizi itxaropen handiagoa izango duzu.

Beraz, zenbat eta bizi itxaropen handiagoa, orduan eta pentsio txikiagoa?

Hori da. Urte kopuru bera lan egin badugu, ez da bidezkoa zuk erretiroa hartzen duzunean nik baino gehiago jasotzea.

Eta bidezkoa da, AFIk aurreikusi legez, pentsioak 2045ean orain baino %15 txikiagoak izatea jasangarritasun faktoreagatik?

Lau kontzeptuena errepikatuko dut: oso zaila da erantzun global bat ematea. Nahi baduzu justizia, nahi baduzu nahikotasuna... Den-dena nahi baduzu, ederra da: diru sarrerak badauzkazu, ba, primeran. Baina arazoa da hauxe dela daukagun egoera ekonomikoa.

Pentsio sistemaren gastua txikitzeari baino gehiago, diru sarrerak handitzeari begiratu behar genioke, ez duzu uste?

Aztertu beharko lirateke beste sistema mota batzuk, kotizazio-pentsio harremanetik harago. Baina hori egiturazko aldaketabat litzateke, epe ertain-luzerakoa.

Pedro Sanchezek aipatu zuen aukera bankuei zerga bat jartzea pentsioak ordaintzeko. Ideia ona iruditzen zaizu?

Kotizazio gabeko pentsioak, esate baterako, estatuko aurrekontuekin pagatzen dira, eta ez kotizazioekin. Nik uste dut zerga sistemak lagundu dezakeela kotizazioetan oinarritutako sistema, baina uste dut ez dela soluzioa izan behar.

Zergatik ez?

Batetik, arriskua dagoelako pentsioak pagatzeko adina diru ez biltzeko; bestetik, bankaren edo teknologiken gaineko zerga batek eragina izan dezakeelako ekonomian. Ezin da pentsioez hitz egin biztanleria aktiboa kontuan izan gabe; izan ere, biztanleria aktiboak pagatzen ditu pentsioak.

Hain zuzen, Gipuzkoan, %7,7 da langabezia tasa, baina, hein batean, prekaritatearen bizkar: soldatapekoen %31 aldi baterakoak dira. Lan merkatua gakoa da pentsioak bermatzeko.

Erabat ados. Engranaje bat da: pentsioetan ari gara zentratzen, baina uste dut lan merkatuaz ere asko eztabaidatu behar dela. Aztertu behar da prekaritatea, gazteak nola ari diren sartzen lan merkatuan... Azken batean, horiek pagatzen dute pentsio sistema: pentsio sistemaren muina sistema produktiboan dago.

BGAE borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeak erabiltzearen aldekoa zara.

Sistema mistoak ere banaketa sistemak dira, mundu guztiak ez baitauka aurrezteko gaitasunik. Sistema mistoan denek izango luke bermatua pentsio duin bat.

Zenbatekoa da pentsio duina?

Eztabaida zaila da. Sistema mistoak bi oinarri ditu: batetik, bermatuta legoke pentsio publiko minimoa; eta, bestetik, BGAEen adarra ere estatuak arautuko luke, eta esfortzua langileak eta enpresariak egingo lukete.

Sistema mistoak ez du arrakalarik sortzen langile aberatsen eta pobreen artean?

Ez luke zertan hain esajeratua izan. Bakoitzak bere soldataren arabera aurreztuko luke, eta soldata ezberdintasunak beti egongo dira. Ez dut uste sistema mistoa txarra litzatekeenik, ondo diseinatzen bada eta ondo kudeatzen bada.

Pentsiodunek 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzen dute. Zer deritzozu?

Sistema misto bat izanez gero, aukera gehiago dago pentsio publiko minimoa handitzeko. Zergatik? Gastuaren pisu guztia ez daukalako estatuak, badauzka sistema produktiboak ere: horrek maniobra tartea ematen dio estatuari. Eta inportantea da pentsio minimoak handitzea: nire ustez, pentsioen igoerak bermatu behar badira, batez ere minimoenak bermatu behar dira. Pentsio minimoek pertsonaren bizimodua bermatu behar dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.