Pastor
DARWIN ETA GU

Amona, ama, alaba

2018ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Trenean zer gertatu zaion azaldu du ama gazteak, irratian. Alaba txikiagaz zihoan, eta umeari eskuko telefonoa utzi dio, jolasteko. Hor jardun du haurrak. Hor izan ditu hainbat kolore, zeinu, joko eta soinu. Ordu erdiko atsedena amarentzat; ordu erdiko gozamena alabarentzat. Dena ondo joan da, harik eta ondoko eserlekuko emakume zaharrak alde egiteko jaiki, eta hauxe esan dion arte:«Oso txarto hezten ari zara alaba. Ez zenion telefonoa utzi behar».

Ama gaztea sumindu du «emakume zahar ozpinduak»—halaxe definitu du—. Ez da ama txarra umeari telefonoa uzteagatik. Haurra ordu erdiz jolastu da. Eta? Teknologia berriak, sakelako telefonoak barne, ez dira kaltegarriak ondo erabiliz gero.

Hortxe dago koska: ondo erabiltzen jakitea. Gabonak datoz eta telebistako zenbait iragarki arazo hori aireratzen hasi dira. Euskaltelek itun moduko bat sinatzeko proposatu die haurrei. Sakelakoak ez lieke errealitatean bizitzea oztopatu beharko, lagunekin aurrez aurre egotea, komunikatzea. Ikea multinazionalaren iragarkiak, aldiz, panorama gordina erakutsi digu. Gabonek etxekoak hobeto ezagutzeko aukera eskaintzen digute. «Sare sozialak beti egongo dira hor, baina zure familia ez da beti egongo. Orduan, aprobetxa ezazu», esan du bideoko neska batek. Ikeak deskonektatzeko eskatu digu, gero berriro konektatzeko. Abenduaren 24tik urtarrilaren 1era arte bere sare sozialen mugimendua etengo duela jakinarazi du. Marketin ederra.

Ikearen bideoko beste neska bat konturatu da celebrity baten bizitzaren gorabeherak hobeto ezagutzen dituela familiako kideenak baino. Zu ere berdin antzean zabiltza. Kim Kardashian-en amodio, rollotxo, flirt eta gau bateko jardunaldi guztien xehetasunak irakurri dituzu, Kanye West-ekin ezkondu zen arte, baina ez dakizu zure amonak, mahaiko beste izkinan dagoen andre zahar «txotxolotzen hasiberri» horrek Zinemaldira etorri zen galai baten begiak txoratu zituela, eta gogoa aztoratu. Eta gau zoro bat igaro zuela harekin, eta aktoreak Ameriketara joateko eskatu ziola, baina berak, ezetz. Felixi ez zion ezer esan —zer esango zion hari, bada, zera zela, laztanetan eskasa eta ohean mahaspasa?—. Gero Felix utzi, eta Antonekin ezkondu zen, zure aitonarekin. Amonak gustura asko azalduko lizuke bere sekretua, etxeko inork ez dakiena. Zu haren begietako kutunena zara —txikitatik izan zara, badakizu— eta zurekin konpartitu nahi luke burua galdu aurretik, baina zuri ez zaizu interesatzen.

Amona joan egingo da, eta zuk hor segituko duzu, zeure sare sozialekin. Ikearen su-eten komertzialari ez diozu kasurik egingo, noski. Ez zara deskonektatuko; ez dituzu Eguberrietan antsiolitikoak hartu nahi. Nolaz egongo zara astebetez sare sozialik erabili gabe, zeure mezu, selfie, bideo eta beste kontuak lagunei bidali gabe? Ez duzu denbora alferrik pasatu gura amonaren txorakeriak entzuten. Sare sozialei lotuta segituko duzu. Eta telefonoari atxikita.

Sakelakorik gabe ez zara ezer. Zure sozializazio luzearen prozesuaren oinarria izan da. Zure amarekin hasi zen. Irratiko amaren modukoa da ama. Hark ere maite zintuen txikitan. Hura ere jolasten zen arratsaldero zurekin, eta ipuin bat irakurtzen zizun gauero. Hark ere utzi zizun telefonoa tren edo jatetxe batean ordu erdiz jolasteko, baina ez zara gogoratzen. Oso txikia zinen.

Sakelakoa lehengaia duzu, arnasa bezain garrantzitsua. Telefonoa zure bizitza osoaren gordailua da. Ez duzu agendarik behar. Hortxe dituzu bilduak datu guztiak: telefono zenbakiak, kontaktuen informazioa, zure eta besteen argazki eta bideoak, kanta gustukoenak, zenbait mezu inozo, eta hainbat kitzikagarri, zure azterketen datak, zure hilekoa noiz izango den. Eta hurrengo bikotekidearekin esperimentatu nahi zenukeen teknika ustez zoragarri hori, Mikel, oraingoa, zera delako, lausenguetan demasa, baina larrutan eskasa. Guztia duzu telefonoan, baina zerbait falta da zure bihotz barrenetan. Eta amonaren sekretua zure oroitzapenetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.