Aurpegi berak, talde ezberdina

Gaizka Garitanok Athleticen ardura hartu zuenetik urtebete beteko da laster. Ordutik dena aldatu da taldean: jokamoldea, itxura eta, batez ere, emaitzak.

JAVIER ZORRILLA / EFE.
haritz gallastegi
2019ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Futbol talde bat krisitik ateratzeko hartzen den lehen erabakietako bat entrenatzailea aldatzea izaten da. Erabaki hori nahikoa ez bada, jokalari berriekin taldea indartzea izaten da bigarren pausoa, merkatuak uzten duenean. Proiektu guztiek izaten dute aurpegi berriak ekartzeko premia. Inguruan ilusioa sortzeaz gain, taldean lehiakortasuna areagotzen dute jokalari horiek. Baina Athleticen ez dago aukera askorik horretarako. Azken urteotan, jokalari on asko fitxatu baino, zituen erabakigarrienak galdu ditu. Hala ere, klubak egoera gaitza irauli du azken urtean. Iazko azaroan, laino beltzak ziren nagusi San Mames gainean, taldea sailkapenaren zuloan baitzegoen. Egun, eguzki printzak ageri dira laino artetik. Bere dohain eta mugekin, Athletic ondo lehiatzen ari da. Taldearen itxuraldaketak ez dauka sekretu handirik, eta Gaizka Garitano (Derio, Bizkaia, 1975) entrenatzailearen eskutik ailegatu da.

ENTRENATZAILEAREN ISLA IZATEN ARI DA TALDEA

Bere aginduetara dituen futbolarien arabera, entrenatzaile batek jakin behar du nola jokatu behar duen taldeak. Jokalari on batek, berriz, teknikariak eskatzen diona barneratu behar du, eta zelaian egiteko ahalmena izan behar du. Bada, Garitanoren mezuarekin bat egin dute futbolariek. Haren lehen erabakia izan zen jokalariei burutik kentzea Eduardo Berizzok proposatzen zuen futbola. Egungo Athletic ez da kapaz argentinarrak eskatzen zuena gauzatzeko. Sormena falta zaio horretarako. Beraz, taldeari pauso bat atzera egiteko eskatu, elkartu, eta pitzadura guztiak ixten ahalegindu da teknikaria. Baita lortu ere. Izan ere, Athletic inoizko lanik onena egiten ari da defentsan. Oso aukera gutxi ematen ditu. Aurkariei ikaragarri kostatzen zaie zuri-gorrien arean protagonismoa izatea. Ligakoak bakarrik ez, Europako txapelketa indartsuenetako talde guztiak aintzat hartuta ere, gol gutxien sartzen dizkieten taldeen artean dago. Jokatzeko era aldatzeak erdiko atzelariei egin die mesede. Iñigo Martinez, Yeray eta Unai Nuñez denen ahotan daude. Klub asko ari dira erreparatzen haien jokoari. Atzean sendoa izateaz gain, talde serioa, langilea eta konpromiso handikoa da. Hau da, Garitanok jokalari gisa zituen dohainak azaleratu ditu.

SAN MAMESEN, GOZATZEN

Irabaztea izaten da talde guztien helburua. Etxean zein kanpoan berdin balio dute garaipenek, baina zaleek askoz gehiago gozatzen dute hiru puntuez harmailan daudenean, telebistatik begira baino. Bada, Garitanoren aginduetara, Athletic indartsu egin da San Mamesen. Urtebetean norgehiagoka bakarra galdu du —Valentziaren kontra—. Hori gutxi ez, eta gehienetan taldearen jokoak bat egin du zaleen nahiekin. Athleticek aukera asko sortzen ditu etxean. Erraz iristen da kontrarioaren area ingurura, baina azken pasea edo errematea egiterakoan sena falta zaio oraindik. Asko erein behar du uzta apur bat jasotzeko. Hala ere, jarraitzaileak gustura daude taldeak eskaintzen dienarekin. Baina, batez ere, lortutako emaitzekin daude pozik. Kanpoan, aldiz, bestelakoak dira kontuak: askoz ere hauskorragoa da talde zuri-gorria. Zer hobetu asko dauka, baina Lehen Mailako ia talde guztiek dute arazo hori.

UNAI SIMON ETA UNAI LOPEZ,APUSTURIK SENDOENAK

Lehen taldearen ardura eman ziotenerako, Garitanok ondo ezagutzen zituen jokalariak. Hasieratik erakutsi zuen zeintzuk ziren bere gustuko futbolariak. Teknikariaren aukera balekoa izan zela erakutsi zioten, gainera, futbolari horiek. Taldea jaitsierako postuetatik atera, eta ia Europan sartu zuten. Zuri-gorriek lan bikaina egin zuten Garitanok ardura hartu zuenetik, baina gabeziak ere ikusi zitzaizkien. Sormenean zuen hutsune nagusia, eta oraindik ere hala dauka. Hori dela eta, taldea orekatuagoa izate aldera, euskarrian Unai Lopezen aldeko apustua egin du teknikariak. Errenteriako (Gipuzkoa) erdilariak ez zuen asko jokatu aurreko sasoian, baina defentsako lanean hobetu du azken hilabeteotan. Horrek hamaikakoan egoteko ateak ireki dizkio. Iker Muniainekin batera, bera da baloiarekin ideiak argien dituen jokalaria. Lehen aldia da Athleticen segidan jokatzeko aukera eman diotela, eta apurka-apurka ari da egonkortzen. Geroz eta zalantza gutxiago eragiten duen futbolaria da, baina oraindik gehiago erakutsi beharko du zelai erdiko nagusia izan gura badu.

Zuri-gorrien entrenatzaileak atean egin du beste hautu nagusia. Unai Simonek aurrea hartu dio Iago Herrerini. Murgiako atezaina gaztea da, eta denetarik egin du denboraldiaren lehen zatian. Baina, txarretik bainoago, onetik askoz gehiago duela erakutsi du. Oinarekin jokatzerakoan hobetu beharra dauka, eta akats larriak ere egin ditu tarteka. Baina partida askotan erabakigarria izan da haren ekarpena. Kepa Arrizabalagaren lekukoa hartzea ia ezinezkoa da, baina Lehen Mailako atezain ona izateko aukera paregabea dauka. Talentua dauka, eta bere onena erakusteko talde aproposean dago.

HARROBIAK EZ DUDENA EMATEN

Athletic ondo ari da lehiatzen; esku artean dituen baliabideei etekina ari zaie ateratzen. Baina Garitanok gustura hartuko lituzke zelai erdiko sortzaile bat, erdiko aurrelari bat edo eta ezker hegaleko erdilari bat. Taldearen erasoko jokoa hobetzen lagunduko lukete jokalari horiek. Baina merkatuan aukera gutxi dago, eta interesgarriak diren jokalari apurrak fitxatzea ezinezkoa da. Arrazoi ezberdinak tarteko, Fernando Llorente, Ander Herrera eta Mikel Oiartzabal Bilbotik urrun daude. Hortaz, etxekoen aldeko apustua egin behar du; eta horrek pazientzia eskatzen du. Gazte gutxi daude bigarren taldetik igo eta berehala onenen artean lehiatzeko gai direnak. Muniain, Laporte eta Keparen gisako jokalariak oso lantzean behin ateratzen dira harrobitik. Gainerakoek ez dute aipatutakoen maila, eta, gainera, Lehen Mailan balekoak izateko denbora behar dute. Iñigo Cordoba, Asier Villalibre, Gaizka Larrazabal eta Oihan Sancet daude zerrenda horretan, besteak beste. Eskatu egin behar zaie, eta, aldi berean, zaindu egin behar dira.

BEDERATZI PUNTU GEHIAGO

Aurreko denboraldiko eta aurtengo Athleticen arteko aldea islatzeko neurgailu egokia irabazitako puntuak dira. Berizzo hamalaugarren jardunaldian kaleratu zuten. Athletic jaitsiera postuetan zegoen, 11 punturekin. Egun, bederatzi puntu gehiago ditu; hogei, partida bat gutxiago jokatuta. Argi gorria piztuta eta zulora begira zegoen, eta txapelketako talderik onenen inguruan dago orain. Urtebete pasatu ondoren, helburuak ere aldatu egin dira, hortaz. Atzekoak gutxietsi gabe, Athleticen xedea sei onenen inguruan sailkatzea da. Sailkapenaren erditik gora egotea, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.