Zaintza partekatua

Indarkeria matxistarengatik auzipetuei zaintza ukatzeko era irekiko du legebiltzarrak

Zaintza partekatuaren legea aldatzea proposatu du EH Bilduk; tramiterako onartuko dute gaur. Zaintza ukatzeko, ez da epai irmorik behar izango

2015eko ekainaren 30ean, legea onartu zuten egunean, hainbat pertsona protestan. JUANAN RUIZ / FOKU.
arantxa iraola
2019ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
2015eko ekainaren hondarrean onartu zuten Eusko Legebiltzarrean zaintza partekatuaren inguruko legea, kritika eta zalantza askoren ostean. EH Bilduk aurka bozkatu zuen, PSE-EE abstenitu egin zen, eta EAJk, PPk eta UPDk aldeko boza eman zuten. Lege haren hauspo izan ziren hainbat eragile. Herri ekinaldi legegile baten fruitua izan zen egitasmoa—Kidetza guraso bananduen federazioaren eskutik ailegatu zen parlamentura—, eta desadostasun keinuak egin zituzten egun hartan legebiltzarrean; izan ere, jatorrizko testua aldatu egin zuten legea tramitatzeko prozesuan, eta legeak ebazten du zaintza partekatua baldintza batzuen arabera ematea: ez du lehenesten kasu orotan. Testu horretan aldaketa bat egitea proposatu du orain EH Bilduk: propio testuan idatzita utzi nahi du indarkeria matxistarengatik auzipetutako gurasoei—oraindik haien aurkako sententziarik ebatzita ez badago ere— zaintza partekaturako eskubidea ukatuko zaiela. Gaur bozkatuko dute aldaketa hori tramiterako onartzea, eta iragarpenek diote baiezko bozak gailenduko direla: EAJk eta PSE-EEk behintzat baieztatu dute alde egingo dutela.

Egun indarrean dagoen legearen arabera, gurasoei halako murrizketak ezartzeko, haien kontrako «sententzia irmoak» behar dira, edo gutxienean ere epaileak biolentzia mota horren «zantzu sendoak» argudiatu behar ditu: horrelakorik gabe ere neurriak hartzea bilatzen du orain aldaketak. Jone Goirizelaiak sinatu du aldaketa proposamena. Euskal Herrian bertan berriki andre eta adingabeei «ondorio oso mingarriak» utzi dizkieten bortxazko eraso larriak jazo direla esan du, eta aurre egin behar zaiola horri.

Zaintza bakarrik ez

Testu berriaren bidez, zaintza partekatua ukatzeko ez ezik, legea erabili nahi dute bortxa matxistagatik auzipetuta dauden gurasoei seme-alabekin komunikatzeko eskubidea ukatzeko ere. «Eskubide hori epailearen erabakiz bertan behera utzi ahalko da», azaldu du EH Bilduko ordezkariak proposatu duen erreforman. Ororen gainetik, aldaketa horien bidez «adingabeen eskubideen berme eta babesak kontuan hartu» behar direla adierazi du. Erantsi du antzeko neurriak Europako hainbat tokitan hartuta daudela, eta Espainiaren administraziopeko erakundeek oraindik horrelako araurik ebatzi ez badute ere, aukera bultzatu egin behar dela: «Eusko Legebiltzarra lehena litzateke».

Behin proposamena tramiterako onartzen bada, gero horren gaineko zuzenketak egiteko era izango dute gainerako taldeek. PSE-EEko ordezkariek, esaterako, atzo nabarmendu zuten «findu» beharreko aldagaiak ikusten dituztela koalizio abertzaleak proposatu duen testuan; muinean bat datoz, hala ere, ororen gainetik umeen eskubideak lehenesteko helburuan. Abstentzioaren aldeko hautua eginda, legea onartu zenean «bakarrik» geratu zirela esan zuten atzo, eta haien ekarpena egiteko modua ikusten dutela orain erreforma honetan.

Erasotzaileen %97

Testua birmoldatzeko arrazoi sakonak daudela argudiatu du EH Bilduko ordezkariak aldaketaren aldeko zioetan. «Hainbat azterketak diote indarkeria matxistarengatik urruntze agindua duten gizonezkoen %97k epailearen aldetik haurren bisita erregimena onartua dutela eta hainbat kasutan zaintza partekatua ere bai», adierazi du. Halaber, gogorarazi du hainbat erakundek abisu emana dutela adingabeek halako egoeretan usu izaten duten «babes falta» dela eta. «Ikusten da instantzia judizialetatik berehalako neurririk hartzen ez bada, indarkeriazko aitatasunari onespena ematen zaiola». Horren ondorioak aski larriak direla ohartarazi du: «Ezin dugu inola ere onartu azkenaldian adingabeen aurrean jazotako emakumeen hilketak, adingabeen hilketak edo haurrei egin zaizkien jazarpen sexual edo psikologiko larriak bezalako kasurik berriz gertatzerik». Iaz gertatu ziren kasuen artean, esaterako, aparteko oihartzuna izan zuen Maguette Mbeugouren hilketak. Bilbon izan zen; senarrak hil zuen, lepoa moztuta, bikotearen umeak etxean zirela. Bikotekidearen aurkako salaketa jarria zuen andreak epaitegian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.