Elkarri begiratzeko garaia

Foro Sozialak askotariko biktimen arteko topaketa antolatu du. Maria Jauregi eta Pero del Hoyo batu dira. Memoria «oso» eta «osatua» eskatu dute guztiek.
Isidro Murga, Petri Romero, Maria Jauregi, Peru Del Hoyo, Jone Artola eta Pablo Martinez, Foro Sozialak antolatutako jardunaldian, Donostian.
Isidro Murga, Petri Romero, Maria Jauregi, Peru Del Hoyo, Jone Artola eta Pablo Martinez, Foro Sozialak antolatutako jardunaldian, Donostian. JON URBE / FOKU

Maider Galardi F. Agirre -

2019ko otsailak 24
«Ezin da ahaztu gertatu dena. Oinarrizkoena da elkar ulertzea, eta, horretan, guztiok ados egon behar dugu». Foro Sozialak atzo, Donostiako Miramar jauregian, antolatutako biktimen topaketan Maria Jauregik esandako hitzak dira. Funtsean, hori baitzen jardunaldiaren xedea: han bildutakoek elkarri entzutea, eta parekoaren minaren berri izatea, etorkizunean elkarbizitzarako oinarriak jarri ahal izateko. Urteotan jatorri desberdinetako indarkeria jasan duten hainbat kide elkartu ziren mahai inguruan. Lehenik, hauek aritu ziren hizketan: Peru del Hoyo, Kepa del Hoyo espetxean hildako euskal presoaren semea eta Maria Jauregi, ETAk hildako Juan Mari Jauregiren alaba. Ondoren hartu zuten hitza Petri Romero PSEko batzarkideak, Pablo Martinez Langraizko espetxeko (Araba) langile ohiak, Isidro Murga euskal preso ohiak eta Jone Artola euskal preso baten senideak.

Hunkituta hasi zen hizketan Jauregi, eta gogora ekarri zuen aita hil zuten eguna. Aurrez ere horren inguruan arituak zirela aipatu du: «Lasa eta Zabalaren epaiketaren ostean esan zidan ez zekiela nork hilko zuen lehenago, ETAk ala Galindok berak». 19 urte zituen Jauregik orduan, baina ez du inoiz «gorrotorik» izan.

Del Hoyok ere 19 urte zituen 2017ko uztailaren 31an, aita espetxean hil zenean. Inoiz ez zuen aita aske ikusi, eta kontatu du bere haurtzaroa eta nerabezaroa aita espetxean edukitzeagatik baldintzatuta egon dela. Azaldu zuen aurrez ere aritu arren, psikologoekin lan egin zuela aitaren heriotzaren ostean. Prozesu horretan aberasgarriena gurasoak preso dituzten beste haur eta gazteekin egindako saioak izan direla oroitarazi zuen: «Sentitu nuen nik sentitzen nuen gauza bera sentitzen zutela».

Elkarren minak mahai gainean jarri zituzten, baina baita elkarguneak topatu ere: «Zubiak eraiki behar dira. Elkar errespetatu behar dugu, ezberdinak izan arren», esan zuen Jauregik. Bat egin zuen Del Hoyok, baina ohartarazi zuen instituzioek oraindik ere ez dietela batzuei eta besteei aitorpen bera egiten.

Aitortza eta memoria

«Ezin da ukatu biktimak garela», ohartarazi zuen Del Hoyok. Aitaren heriotza ez ezik, bestelako desabantailak ere izan ditu urteotan. Aurrena, espetxe sistemaren eta urruntzearen ondorioz egindako bidaia guztiak: «Penintsulatik atera gabe hainbatetan eman diot buelta munduari espetxera egindako bidaiengatik». Hil ostean, umezurtz pentsiorik gabe gelditu dela ere salatu zuen, legeak esaten duelako hamabost urtetan kotizatu behar dela.

Jauregik nabarmendu zuen «biktima guztiak» aitortu behar direla, eta lan egin behar dela alde guztietako «terrorismoak» gaitzesteko: «Ez zait gustatzen konparazioak egitea, baina larria da estatu batek bere aparatu guztiak erabiltzea indarkeriaz aritzeko». Horregatik, edozein lekutatik etorrita ere, bortxakeria guztiak gaitzetsi behar direla ohartarazi zuen: «Ezin da inolako indarkeriarik justifikatu. Berdin dio jatorriak. Pertsona guztien eskubideak defendatu behar dira». Eraiki beharreko memoriak, beraz, «inklusiboa» izan behar duela uste du Jauregik, baina, betiere errespetuan oinarrituta.

Hari horretatik tiraka, euskal presoei egindako harreren inguruan ere aritu zen: «Ulertzen dut hainbat urtean ikusi gabeko senide bat libre ikusteak eragiten duela poza, baina ulertu behar da ETAren biktimei ere min egin diezaiekeela». Bestela uste du Del Hoyok: «Ongi etorriak ez dira terrorismoaren gorazarre, zigorra bete duten horiei harrera egitea baizik. Senide horiek azkenean libre ikustea ospatzea da». Edonola ere, min horiek ulertuta, harrerak espazio pribatuan egin daitezkeela ere iradoki zuen.

Oraindik ere egiteko bide luzea dagoela azaldu zuten bi biktimek, eta urrats horietan garrantzitsuenetako bat espetxe politika aldatzea dela nabarmendu zuten.

Egiteko dagoen lanaz

«Sinisten dut bigarren aukeretan. Espetxe politikaren xedea da gizarteratzea, eta, hori positiboa izan dadin, norberak ikusi behar du zer egin duen, eta aitortu behar du gaizki dagoela egin duena», ohartarazi zuen Jauregik. Del Hoyok, ordea, esan zuen espetxe politikak ez duela gizarteratzen, eta urruntzeak eragina duela. Argi esan zuen Jauregik: «Presoek beren etxetik hurbil egon behar dute. Urruntzea senitartekoentzako zigorra da».

Hain justu, Artolak, Ugaitz Perez euskal presoaren amak, esan zuen senide izate hutsagatik indarkeria jasan duela urteotan, eta indarkeria hori jasaten segitzen dutela senideek egun ere. Bestelako biolentzia motak jarri zituzten mahai gainean gainontzeko kideek. Romerok, esaterako, gogorarazi zuen bizkartzainekin bizitzea «norbere bizitzaren jabe ez izatea» dela, eta «lotsa» ere sentiarazi ziola urte horietan guztietan. Alde biko bazterketa bizi izan zuela kontatu zuen Martinezek: «Espetxeetako langile izanda, ETAren mehatxua genuen, baina ELAko kide izateagatik gure lankideek baztertu gintuzten». Urte luzez jasan beharreko kalte ekonomikoez aritu zen Murga.

Hori lantzeko, «heldutasuna» beharrezkoa dela azpimarratu zuen Romerok, eta ondorengo belaunaldietan jarri zuten esperantza: «Akaso, garai horietan nik ez nuke Mariaren aita agurtuko. Gaur, badakit nire alaba Mariarekin elkartuta, solasaldi polita izango zutela», esan zuen Murgak. Enpatia, elkar entzutea, ulertzea, eta aitorpena. Horrekin bai, horrekin ados ziren guztiak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna