Nahia Quincoces. Eskiatzailea

«Gogorra da lasterketa txarrena hemen egitea»

DAVIDE FERRARI.
Unai Ugartemendia.
Bareges
2016ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Asteburu beltza izan da Nahia Quincocesentzat. Larunbatean min hartu zuen, eta igandean ez zuen parte hartu.

Lehenik eta behin, nola izan zen larunbateko erorikoa?

Bigarren jaitsieran, lurrera erori nintzen, eta ziztada bat sentitu nuen iskioaren aldean. Momentuan bazirudien ez zela ezer izango, baina ezkerreko hanka mugitzen hasi nintzenean min handia sentitu nuen. Zuntz haustura bat zela esan zidaten helmugara iritsi eta hozten hasi nintzenean.

Igandean ez parte hartzea erabaki zenuen. Garbi al zeneukan?

Azken momentura arte ez nuen erabaki. Jende askorekin hitz egin ondoren, gehienek ez irteteko aholkatu zidaten, lesioa larritzeko arriskua zegoela eta onena ez ateratzea zela. Pena handiz hartu nuen erabakia, baina erabaki zentzuzkoena izan zen.

Aurtengo denboraldian daramazun ibilbide arrakastatsua ikusita, pentsatzen dut ilusio handiarekin izango zinela Altitoy Ternuara etortzeko.

Bai, ikaragarrizko ilusioarekin etorri naiz. Etxean bezala sentitzen gara, etxekoak ere hemen dira, prentsa… Pena handiarekin gelditu naiz. Gogorra izan da hemen urteko lasterketa txarrena egitea eta, gainera, bigarren egunean ez irtetea.

Nolako balorazioa egiten duzu aurtengo denboraldiaz?

Ez sinesteko denboraldia izaten ari da niretzat. Oso pozik nago. Asko ikasten eta asko gozatzen ari naiz. Aurten entrenatzeko askoz ere denbora gehiago hartu dut, eta hori asko nabaritzen ari naiz.

Datorren astean, Pierra Menta.

Bai, ea osatzeko denbora ematen didan. Oraintxe bertan hori dut buruan. Handik aurrera, Munduko Kopako banakako azken proba jokatuko dut lehenik. Hiru diziplinak egiteko asmoa dut, bertikala, banakakoa eta esprinta.

Non amaituko duzu denboraldia?

Pierraren ostean, Tour de Rotour egiteko asmoa dut. Hiru eguneko lasterketa da, eta ez dut inoiz egin. Handik aurrera, ikusiko dugu.

Eta udan? Mendian korrika ikusiko al zaitugu?

Oraindik ez dakit zer egingo dudan. Nire pasioa negua da, eta udan ikusiko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.