Lehen kandela itzaliko du, baina surik ez

Susperraldi ekonomikoa lagun izan du Trumpek, baina boto emaile asko haserretu ditu aberatsenen aldeko zerga erreformarekin. Oraingoz, ez du muturrera eraman agindutako protekzionismoa.
Zerga erreformaren kontrako manifestariak New Yorkeko finantza distritoan, joan den abenduan.
Zerga erreformaren kontrako manifestariak New Yorkeko finantza distritoan, joan den abenduan. JUSTIN LANE / EFE

Jon Fernandez -

2018ko urtarrilak 19
Apokalipsirik ez du ekarri. Ez, behintzat, zoritxar iragarle batzuk hauteskunde kanpainan aurreikusitako globalizazioaren apokalipsirik. Azken batean, 2016ko azaroan bi aukeraren artean hautatu zuten estatubatuarrek: neoliberalismo progresista (Hillary Clinton) ala populismo erreakzionarioa (Donald Trump). Bi-biak globalizazioaren barruko joerak, edonola ere.

Trump magnatearen anti-establishment eta protekzionista irudiak elikatu zuen apokalipsiaren teoria, eta irudi horren alde bozkatu zuten globalizazioak hondatutako klase ertain eta apaleko herritar askok. Baina kataklismo iragarpenak urtu egin ziren Etxe Zuria zapaldu bezain laster: AEBetako burtsak aparra legez igo dira, neurri protekzionista gehienak ez ditu gauzatu, eta «historiako zerga jaitsierarik handiena» egin du, baina batez ere aberatsen mesederako. Botere ekonomikoen azote zelakoan itsu-itsuan botoa eman ziotenentzat, beraz, ezer gutxi.

Eta, hala eta guztiz ere, agintaldiko lehen urtebetetzearen balantzea egiterakoan, ekonomiarena da paparra ateratzeko aukera gehien ematen dion arloa; makroekonomiarena, hobeto esanda. Baina ez horrenbeste bere merezimenduz, ezpada Barack Obamaren garaitik zetorren susperraldi ekonomikoari galgarik jarri ez diolako.

AEBetako hazkunde ekonomikoak %3ko langa gainditu zuen 2017ko bigarren eta hirugarren hiruhilekoan. Ekonomia globalaren olatua alde izan du —munduko BPGa %3,6 haztekoa zen iaz—, eta olatu gainean joan da. Aurten ere, haizea alde du, ekonomia globala %3,7 haziko dela uste baitu NDFk.

Hazkunde ekonomikoak, gainera, eragin logiko bat izan du: AEBetako fabriketako langileen soldatak igotzea ekarri du, eta kontsumitzaileen konfiantza handitzea. Agintea hartu zuenerako minimoetan eta beherako bidean zegoen langabezia tasa (%4,8), eta %4,1eraino txikitu da.

Desberdintasunak puzten

Goraldi ekonomiko betean onartu du Trumpek zerga erreforma, bi neurri gakorekin: batetik, konpainien gaineko zerga %35etik %21era jaistea —berez, %15era txikitu nahi zuen—; bestetik, errentaren gaineko zergaren tasak ere txikitzea, bereziki, tipo maximoa, %39,6tik %37ra jaitsiko baitu. Oparia enpresei eta aberatsenei.

Soilik hamar herritarretik bi daude erreformaren alde, eta lau kontra, bereziki klase apalekoak. Baina goxoki bat eman die Trumpek, hurrengo bozetarako ostera ere seduzitzeko: errenta zerga pixka bat apaldu du langile gehienentzat, nahiz eta aberatsenei baino gutxiago izan. Tranpa zera da: errenta zergaren jaitsiera 2025ean agortuko da; aldiz, enpresen zerga jaitsiera mantendu egingo da. Balizko bigarren agintaldirako hautesleak limurtzeko jokaldiatzat jo daiteke.

Erreformaren ondorioak sakonak dira. Herritar pobreenentzat mehatxu bat dela salatu du NBE Nazio Batuen Erakundeak: «AEBak muturreko desberdintasunaren mundu mailako txapeldun bihurtzeko ahalegina da». NBEk kritikatu du gaur egungo babes sozialeko programa ugari desegingo dituela, txiroenak babes gabe utziz. Herritarren %12,7 bizi dira pobrezian AEBetan: 40,6 milioi pertsona. Gainera, arraza faktore pisutsua da pobrezia arriskurako: zuri ez hispanoen artean %8,8 da pobrezia tasa; aldiz, beltzen artean %22, eta hispanoen artean %18,4.

Merkataritza arloari dagokionez, bete ditu promesa batzuk, baina ez du bururaino eraman America first leloa. Asian, zakarrontzira bota du TPP ituna, Lankidetza Transpazifikoa. Alabaina, azkenean ez du hautsi NAFTA —Mexikorekin eta Kanadarekin daukan merktaritza ituna—, nahiago izan du ituna birmoldatzea. Eta, ez, ez die %45eko muga zergarik jarri Txinako inportazioei. Gau-gaurkoz, behintzat.

Asian bakarka dabil negoziatzen merkataritza itunak, aldebiko akordioak sinatuz herrialde bakoitzarekin, AEBentzat joko arau mesedegarriagoak bilatzeko. Horixe zen America first, alegia. Bere sokakoek diote %45eko muga zergena harropuzkeria zela, joko estrategia bat, orain merkatu globaleko herrialde-lehiakideekin indartsu negoziatzeko.

Merkataritza defizit handiak dauzkan herrialdeekin dabil itunak egiten, haietan AEBetako esportazioak handitzeko. Esaterako, Washingtonek puntako teknologiadun armak saltzeko kontratu handiak sinatu ditu Hego Korearekin eta Japoniarekin.

Eta, bitartean, agintaldiko urteurrenaren kandela itzaltzeko egunaren bezperan, gobernuko gastuaren iturria ixteko arriskuan dago Trump, gastu sabaia gainditu duelako. Demokratak prest daude gastu publikoaren luzapen bat onartzeko, baina baldintza batekin: AEBetara adingabeko zirela ailegatutako paperik bako etorkinak ez deportatzeako legea onartzea. Urteurreneko kandela itzaliko du bihar Trumpek, baina, sua, itxurarik itxura, ez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria