Menuan bada beste platerik

Eusko Jaurlaritzaren 2000. urteko dekretu batek jantokiak catering bidez kudeatzera derrigortzen ditu ikastetxe publikoak. Ikastetxeko jangelak beste modu batera antola daitezkeela uste dute, baina, askok eta askok.
Hala, eskoletako jantokiko egungo eredua aldatzeko nahitik sortu zen Gure Platera Gure Aukera plataforma. Gurasoek, ikastetxeek, ekoizleek, sindikatuek eta gizarte eragile ugarik osatzen dute plataforma. Eta eskaera argiak dituzte: «Jangela osasuntsuak, hurbilak, justuak eta hezitzaileak nahi ditugu. Harremanak errekuperatu nahi ditugu ekoizleekin, eta eskolan jaten denaren kontrola berreskuratu nahi dugu», kontatu du Lurdes Imaz Euskal Herriko Ikastolen Guraso elkarteko koordinatzaileak, plataformaren izenean.
Egungo araudiaren ondorioz, «ikastetxeek ez dute inolako aukerarik erabakitzeko nola kudeatu nahi dituzten jangelak; aldaketarik ere ezin dute egin, zerbitzuarekin gustura ez badaude», gaineratu du Imazek.
Plataformaren ustez, «ikastetxeek ahalmena izan behar dute erabakitzeko nola kudeatu nahi duten jangela». Horretarako, «araudia malgutu eta aldatu» behar dela uste dute.
Jangelak beste era batera antolatzeko moduak badaudela erakutsi dute Bizkai aldeko hainbat ikastetxek. Orain bi urte, probako proiektuak martxan jartzeko baimena eman zien Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak lau ikastetxeri: Markinako Bekobenta, Mungiako Laukariz, Gernikako Allende Salazar eta Urduñako Herri Ikastetxea. Gernikako ikastetxearen kasuan, guraso elkartearen ardura da jantokia, 2016ko irailetik.
Sukaldea eta sukaldaria Jaurlaritzak jartzen ditu, baina hezitzaileak kontratatzeaz eta elikagaiak erosteaz guraso elkartea arduratzen da. «Bertoko elikagaiak erabiltzen ditugu, eta, horietako asko, ekologikoak. Ekoizleak ingurukoak dira», ziurtatu du Dabid Zelaia Allende Salazar eskolako Guraso elkarteko kideak. Eta, hala ere, familiek berdin ordaindu behar dute: 4,60 euro. «Ez dago gainkosturik. Nola da posible? Ez dugulako irabazi asmorik, eta ez dugulako bitartekarik erabiltzen. Hortxe dago miraria».
Urtebeteko esperientziaren ondotik, proiektua «erabat bideragarria eta egingarria» dela uste du Zelaiak, eta «onura sozialak, ekonomikoak eta elikadurari dagozkionak izugarriak» direla.
Berez, Gernikako eredua sukaldea duten ikastetxeetan soilik aplika daiteke, baina badira beste aukera batzuk: udal sukaldeak, esaterako. Horixe da Urduñaren kasua. Ikastetxeak ez du sukalderik, baina zaharren egoitzan bada udalak kudeatzen duen sukalde bat. 2015etik, han egiten dira egoitzarako bazkariak, inguruko ekoizleen produktuekin. Mari Jose Colomino Guraso elkarteko kideak kontatu duenez, eskola egoitzaren albo-alboan dagoela baliatuz —bost metro baino ez—, azpiegiturak aprobetxatu, eta eskolarako bazkariak hantxe ekoizteko eskatzen dute.
Probako proiektua orain bi urte onartu zieten, baina Osasun sailak «arazoak, oztopoak eta ezinezko baldintzak» baino ez dizkiela jarri, eta orain arte ezin izan dutela proiektua abian jarri kexu dira guraso elkarteko lagunak. Hainbat obra egitera behartu dituzte orain, baina, badirudi, proiektua probatzeko moduan izango direla, martxotik aurrera.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.