Javier Ollo. Altsasuko alkatea

«Terrorismo gisa zigortu ez arren, proportzio falta nabaria da»

Olatz Enzunza Mallona.
2019ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Javier Ollo (Altsasu, Nafarroa, 1991) 2015etik da herriko alkate, eta karguan egongo da beste lau urte, maiatzeko udal hauteskundeetan irabazi baitzuen. Geroa Baik zinegotzi kopurua bikoiztu zuen bozetan, eta alderdiaren aurpegi ezagunetako bat bilakatu da Ollo; hein batean, Altsasuko auzian izandako rola dela eta.

Mila egun pasatuta, nolako giroa dago herrian?

Lasai gaude, baina, aldi berean, herritarren gehiengo batek nolabaiteko frustrazioa duela esango nuke. Epaitegiek kasuaren aurrean nolako joeraduten ikusi dugu, eta, sententzia terrorismo gisa zigortu ez arren, proportzionaltasun falta nabaria da.

Zer irabazi du Altsasuk ia hiru urte hauetan?

Zerbait positiboa aipatzekotan, herritarren gehiengo baten artean sortu den batasuna esango nuke. Altsasu oso herri plurala da ideologikoki, eta uste dut zenbait puntu adostu eta amankomunean jarri ditugula; hau da, aniztasun ideologikoaren gainetik herritar bezala funtzionatu dugula.Egoera honek kalte egin dio herriari, kasua bere osotasunean zerbait negatiboa izan delako eta ondorio nabariak utzi dituelako.

Auzian inplikatze horrek nolako eragina izan du zugan?

Hasieratik kontziente nintzen halako egoera konplexu baten aurrean posizio instituzional bat mantendu behar nuela, hainbat ideologiatako altsasuar guztien alkatea naizelako. Aurreneko momentutik gertakariak gaitzetsi nituen, eta udalak ere hala egin zuen. Giza eskubideen defentsan oinarritutako posizioa hartu dugu, eta gaur egun ere jarrera hori mantentzen dut. Hala ere, ez da mutur politiko guztien gustukoa izan, eta kritikak jaso ditut.

Udal hauteskundeak irabazi dituzu. Hartutako rolari esker, konfiantza irabazi duzu herrian?

Agian eragina izan du, hainbat ezaugarriren artean, azkeneko hauteskundeak oso bereziak izan direlako. Udalbatzan bost alderdi politiko izatetik bi izatera igaro gara —Geroa Bai eta EH Bildu—, eta gu, bost zinegotzi izatetik hamar izatera. Egindako gestioa baloratu egin da, eta gestio horretan alkate moduan izan dudan rolak ere eragina izan du, beste ezaugarri askoren artean.

Irailaren 18ari begira, esperantzarik baduzu?

Egia esan, ez daukat esperantza handirik. Auzitegi Gorenean gauzak bere horretan mantenduko direla uste dut. Halere, espero dut berriro ere probak ikusi, eta juridikoki aztertzea. Europara begira esperantzak ditut, baina, zoritxarrez, urteak pasatuko dira Estrasburgoko epaitegiak bere posizioa plazaratu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.