Erdiz Bizirik-ek manifestazio bat eginen du Iruñean
Apirilaren 22a Landa Eremuaren Nazioarteko Eguna da, eta landa eremutik hirira abiatuko dira, Magna Magnesitas Navarra enpresak Erdizen (Baztan, Nafarroa) egin nahi duen meategiaren kontra protesta egiteko. Hain justu ere, Erdiz Bizirik taldeak manifestaziora deitu du Iruñean egun horretarako, Landa eremuaren defentsan leloarekin. Orain arte Baztanen egin dituzte protestak, baina erakunde nagusiak dauden lekura joanen dira oraingoan. «Berez, guri dagozkigun erabakiak irabazi nahi dituzte [Iruñean], eta, beharbada, bertara joaten bagara, orain arte entzun —nahi izan— ez dutena entzun beharko dute», azaldu dute ohar baten bidez. Salatu dute meategiak Erdizko bazkalekua erabiltzen duten laborarien ogibidea eta etorkizuna «suntsituko» lituzkeela.
«Erdizko parajeak 476 hektarea ditu, eta horietatik 260 azienda bazkatzeko leku hoberena dira. Zehazki, eremu horretan egin nahi da meategia». Gogorarazi dute Baztan dela Nafarroan lehenbiziko sektorea mantentzen ari den eskualdea, eta horretan segitzeko Erdiz «gakoa» dela.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.