Italiako Giroa

Helmugan da ihesaldia

Eritrean, pobrezia eta gosea bizi izan zituen. Suedian, klandestinitatea. Euskal Herrian, itxaropena. Eta, orain, Italian, umezaroko ametsa ari da betetzen Awet Andemeskel, Giroko tropelaren barruan.

Awet Andemeskel, irribarretsu. BERRIA.
enaut agirrebengoa
2019ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Awet Andemeskelek (Kakebda, Eritrea, 1992) ez du Italiako Giroa irabazteko aukerarik. 135. postuan dago sailkapen nagusian, Richard Carapaz liderrarekiko hiru ordu eta ia hamar minutura. Haatik, eritrearra da lasterketako garaile nagusietako bat. Han egote hutsak kasik maglia arrosaren pareko balioa du harentzat. Izan ere, bide malkartsua jarraitu behar izan du eliteko txirrindularitzara heltzeko. Oso baldintza makurretan hazi zen, abelburu gutxi batzuk besterik ez zituen familia batean. Hark, ordea, ziklista profesional izan nahi zuen, eta edozer egiteko prest zegoen hori lortzeko. 2013an, Suediara alde egin zuen, eta han bi urtez agiririk gabe egon ostean, Idiazabalen (Gipuzkoa) hasi zen bere ametsa gorpuzten.

Txirrindularitza Solidarioa proiektuaren bidez heldu zen Euskal Herrira. Egitasmo hark hainbat errefuxiatu hartzeko proposamena jaso zuen Herbehereetako Marco Polo taldearen eskutik. Hala, Siriatik eta Eritreatik ihes egindako zortzi txirrindulari iritsi ziren Idiazabalera. Haiekin boluntario gisa jardun zuen Aratz Imazek. Andemeskelekin harreman handia du oraindik. Hura Giroan izatea «miraria» dela uste du. «Awetek 11 urterekin hartu zuen bizikleta bat lehenengoz. Eta kasualitatez: aitak bizilagun baten bidez lortu zuen, eskolatik ahalik eta azkarren itzuli eta etxean lagundu ahal izan zezan. Gero, Suedian, kalean jasotako beira saldu, eta diru horrekin bizikleta eta gainontzeko materiala erosi zituen».

Eritrean, etorkizun iluna zuen aurretik. Ziklista gisa maila ona ematen hasia zen, baina hamar urtekoa izan zitekeen soldaduska egitera behartuta egongo zen 24 urte bete bezain laster. Hori horrela, sorterrira ez itzultzea erabaki zuen Florentziako (Italia) 23 urtez azpiko Munduko Txapelketan lehiatu ostean. Suedian apenas izan zuen bizikletan ibiltzeko aukerarik, baina han lausotutako ilusioa berpiztu egin zitzaion Euskal Herrian. Imazek haren portaera goratu du. «Berak izan zuen emaitzarik eta jarrerarik onena. Oso pertsona umila eta garbia da, eta beti dago irribarretsu. Ezer gabe hazitako pertsona bat da, eta, halere, beti dago besteei laguntzeko prest».

Idiazabalera 2016an iritsi zen, eta, lehen urte hartan, udalak utzitako etxe batean bizi izan zen, gainontzeko taldekideekin. Talde hura bertan behera geratu zen denboraldia amaitzean; ez, ordea, eritrearraren ametsa, Kontinental mailako Kuwait-Cartucho.es taldeak fitxatu baitzuen. Baina ez zuen soldatarik, eta Imazen gurasoen etxean hartu zuen ostatu, harik eta 2017ko abenduan Oscar Guerrero, Israel Akademia taldeko zuzendaria, ate joka etorri zitzaion arte. Bigarren taldean zen aritzekoa, baina zortea lagun izan zuen: Ahmet Orken turkiarrak talde nagusia utzi zuen, arrazoi politikoak zirela medio, eta Andemeskelek bete zuen hutsunea.

Iaz, Kontinental Profesional mailari neurria hartuz joan zen, eta, aurten, urrats erraldoia egin du, Giroan aritzeko deitua izan eta gero. Imaz egunero ari da harekin hitz egiten, eta «oso gustura» ikusten du. «Une egokiaren zain dago; ihesaldiren batean sartzeko aginduaren zain. Bi aldiz erori zen bigarren etapan, baina, bestela, gauzak ondo doazkio». Imazen arabera, «amaiera ona» eta indarberritzeko «gaitasun handia» dauzka; hortaz, zeresana eman dezake azken astean. «Taldeak etapa bat irabazi nahi du harekin. Azken asteko ihesaldietarako eraman dute, eta ez sailkapen nagusia lehiatzeko». Eta, aurrera begira, etorkizun oparoa al du? «Ez da punta-puntakoa izango agian, baina lehiakorra izan daiteke. Zorte apur batekin, izango dugu haren berri».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.