Zinema. Milos Forman

Boterekeriaren aurkako begirada

Txekoslovakiako sorterrian ondu zituen lehen filmak, baina AEBetan garatu zuen bere ibilbidea, erbesteratu ostean. Bertan hil da 'One Flew Over the Cuckoo's Nest' eta 'Amadeus' filmen zuzendaria.
WALTER BIERI / EFE

Ainhoa Sarasola -

2018ko apirilak 15
Bere filmografiari erreparatuta, lehen kolpean aniztasunak ematen du arreta. Dramak, komediak, musikalak... askotariko gaiak jorratu, eta askotariko moldeekin jantzi zituen kontatu nahi zituen istorioak. Bere film gehienetan, hala ere, bi ezaugarri errepikatzen dira: muturreko pertsonaien gainean eraiki ohi zituela narrazioak, eta boterekeriaren aurkako jarrera antzeman zitekeela sarritan, bere izaeraren isla ere bazena. Narratzaile eta zuzendari aparta izatearen aitortza lortuta, eta hainbat maisulan historiarako utzita, Milos Forman zinemagilea herenegun goizaldean hil zen, 86 urte zituela, Connecticuteko (AEB) bere etxean.

Txekoslovakiako Caslav herrian —egungo Txekian— jaio zen Forman, 1932an. Haren gurasoak nazien Auschwitzeko kontzentrazio esparruan hil zituzten Bigarren Mundu Gerran, eta harrera familia batek hezi zuen. Hasieran aktore izatea pentsatu bazuen ere, Pragako Zinema Ikasketen Goi Mailako Eskolan eman zuen izena, eta bertan graduatu zen.

Bere lehen lanekin jada nazioarteko kritikaren nahiz jaialdien arreta erakarri zuen zinemagileak. Black Peter (1964) izan zuen estreinako film luzea, Txekoslovakiako hiri txiki bateko gazte bat protagonista zuen lana, eta, bere herrialdeko kritikaren saria ez ezik, harrera ona lortu zuen Cannes, New York eta Locarnoko jaialdietan ere —azken horrek sari nagusia eman zion—. Loves of a Blonde aurkeztu zuen hurrengo urtean, ingelesez besteko hizkuntza batean ondutako lanik onenaren Oscar sarirako hautagai izan zena. 1967an, The Firemen's Ball zuzendu zuen, koloretan egin zuen lehena, eta, aurreko lana bezala, Txekoslovakiako Zinema Berriaren Olatuaren ikur nagusietakotzat jotzen dena. Txekoslovakiako herri txiki bateko suhiltzaileen urteko festan girotua, istorioaren atzean ustelkeria, burokrazia eta orduko sistema komunistaren gaineko kritika satiriko gisa ulertu izan da filma. Ordurako, agintarien presioa sumatzen eta zentsura pairatzen hasia zen zinemagilea, gerora azaldu izan zuenez. Suhiltzaileen istorio hura izango zen, denboraldi luze batez behintzat, sorterrian filmatuko zuen azkena.

1968ko Pragako Udaberria eta ondorengo errepresioa iritsi ziren handik gutxira. Abuztuan sobietar tropak Txekoslovakian sartu zireneko albisteak Parisen harrapatu zuen zinemagilea, AEBetako ekoiztetxe batekin negoziazioetan ari zela. Ez itzultzea eta AEBetara erbesteratzea erabaki zuen.

Hollywooden, arrakasta

Hollywoodeko hastapenak ez ziren errazak izan Formanentzat, baina ez zituen urte asko behar izan arrakasta ezagutzeko. 1971n Taking Off zuzendu ostean —kritika txarrak jaso zituena—, One Flew Over the Cuckoo's Nest (1975) filmarekin iritsi zitzaion nazioarteko ospea, bost Oscar sari lortuta —tartean, film eta zuzendari onenarenak—. Ken Keseyren izen bereko nobelan oinarrituta, eta Jack Nicholson protagonista duela, sistemaren zapalkuntzaren eta boterekeriaren aurkako aldarria egin zuen film hartan.

Oso bestelako bi lanekin ausartu zen ondoren: Hair (1979) musikal antibelizistaren moldaketarekin lehenbizi, eta Ragtime (1981) dramarekin ondoren. Urte gutxiren buruan, 1984an, bere filmografiako pieza esanguratsuenetako bat dena aurkeztu zuen: Amadeus. Wolfgang Amadeus Mozarten bizitza Antonio Salieri konpositorearen ikuspegitik eraiki zuen film hartan, eta One Flew Over the Cuckoo's Nest-ekin lortutako arrakasta errepikatu —are gainditu— zuen: zuzendari onenaren bere bigarren Oscar saria eta beste zazpi garaikur lortu zituen, baita nazioarteko beste hainbat sari ere.

Film harekin, beste amets bat bete zitzaion zinemagileari: bere herrialdean grabatu zuen. Ordurako AEBetako naziotasuna zuen. Gerora adierazi izan zuenez, zentsura zen harentzat «gaitzik okerrena». Erbesteratzeaz ere mintzatu izan zen. «Nahiago dut herrialde libre eta gustu txarrez betetako bat, herrialde mokofin baina askatasunik gabekoa baino (...). Zentsura ideologikoaren presioa zegoen erregimen totalitario batean bizi izan nintzen. Orain bizi naizen herrialdean, presiorik bada, hori komertziala da. Eta zalantzarik gabe, nahiago dut azken hau; gutxienez, milaka pertsonak erabakitzen dute, ez bakarrak».

Amadeus-en ondotik, askotariko filmak sortzen jarraitu zuen Formanek. Haren filmografiako aleen artean daude, besteak beste, Valmont (1989), Pierre Choderlos de Laclosek 1782an idatzitako Les Liaisons dangereuses nobela oinarri duen drama; The People vs. Larry Flynt (1996), zeinetan Hustler aldizkariaren jabearen bizitza kontatu zuen; eta Man on the Moon (1999), Andy Kaufman umorista estatubatuarraren bizitzan inspiratutako tragikomedia. Aktore lanetan ere aritu izan zen azken urteetan. Goya's Ghosts izan zen zuzendu zuen azken lan luzea, 2006an, baina haren ondotik ere izan zuen proiekturik esku artean: A Walk Worthwhile jazzeko operan eszena zuzendari jardun zuen, bere bi semerekin batera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna