Ordu aldaketa ezbaian. Osasuna. Antoni Diaz Noguera. Fisiologian katedraduna

«Organismoak goizeko argia baliatzen du barruko erlojua orduan jartzeko»

Gorputzaren barruko erritmoen eta gizarteak markatutakoen arteko desorekek eragina dute osasunean, Diaz Noguerak azaldu duenez. Epe luzekoek are handiagoa izaten dute; gaueko lan txandek, adibidez.

BERRIA.
Jon Rejado.
2018ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Udako eta neguko ordutegiak izatearen aurka dago Antoni Diaz Noguera (Bartzelona, 1973). Fisiologian katedraduna da, eta Bartzelonako Unibertsitateko Kronobiologia Taldeko arduraduna. Nabarmendu du ordutegi aldaketa ez dela osasungarria fisiologiaren ikuspuntutik: «Ezin da esan nahasmendurik eragiten duenik, baina bai ondoeza». Ordea, gaineratu du ez dagoela «irizpide objektiborik» ordu eremu bat aukeratzerako orduan.

Zer irizpide balia daitezke ordu eremu bat aukeratzeko?

Eman daitezkeen irizpide guztiak eztabaidagarriak dira. Argiaren zikloarena litzateke irizpide indartsuena. Gure neguko ordutegian, Greenwicheko ordua gehi ordu bat, argiaren ziklotik gertuago joango ginateke. Eguzkia lehenago aterako da, eta hori osasungarria da gorputzarentzat. Are gehiago, ohera joateko ordua ere aurreratuko genuke, eta hori ere mesedegarria da fisiologikoki.

Nola eragiten du?

Eskumuturrean daramagun erlojuak markatzen digu noiz egin behar dugun zer, maila sozialean. Erloju hori atzeratzen bada, berandu helduko gara lekuetara. Bada, gorputzak erloju bat garatu du: erritmo zirkadianoa. Gorputzaren zuzendaria da, eta organismoaren gorabeherak markatzen ditu, hamaika modutan. Ordea, gorputzaren erloju hori, guztiak bezala, orduan jarri behar da, eta horretarako, kanpoko erreferentziak baliatzen ditu. Argia da erreferentzia nagusia.

Zer esan nahi duzu «orduan jarri» behar dela diozunean?

Barruko erlojua aske utziz gero, 25 ordu inguruko zikloen arabera funtzionatuko luke. Beraz, 24 orduko egunetara egokitzeko orduan jarri behar du, egunero-egunero.

Nola egiten du?

Jasotzen duen argiaren eta unearen arabera. Organismoak goizeko argia baliatzen du barruko erlojua orduan jartzeko. Beraz, udako ordutegia mantenduz gero, Greenwicheko ordua gehi bi, geroago argituko luke egunak, eta, ondorioz, gorputza geroago jarriko litzateke orduan.

Erritmo zirkadianoaren eta gizarteak zehazten duenaren artean aldea egoteak eragiten du?

Gorputzaren funtzionamenduari eragiten dio. Barruko erloju horretan eragina duen edozerk ondorioak izan ditzake; pertsonaren arabera larriagoak edo arinagoak izango dira. Desoreka horiek zenbat luzatzen diren ere eragiten du.

Adibidez?

Txandaka lan egiten dutenek desoreka larriak bizi dituzte. Egun bateko aldaketa gertatzen bada ez da ezer gertatzen. Urteetan mantentzen denean, egoera horretan daudenek patologia larri gehiago izaten dituzte.

Aldaketa horiek bereziki nabaritzen dituen kolektiborik ba al dago?

Umeak eta adinekoak aipatu ohi dira, ordutegi berrietara egokitzeko zailtasun handienak dituztelako. Erlojua gutxien begiratzen dutenak dira, nolabait esateko: barruko erlojuak gehiago markatzen du erritmoa, eta zailagoa zaie bestelako erritmoetara egokitzea. Ordutegi aldaketaz hitz egitean abeltzainak ere aipatu ohi dira: behi batek ez du ulertzen egunari ordu bat kendu diotela.

Gorputzaren erritmoaren eta erritmo sozialaren arteko aldea ezagutzerik dago?

Desoreka maila zehazteko 'jet lag' soziala izeneko kontzeptua garatu dute. Lanegunetan, lanak eta bestelako eginbeharrek markatzen dute gure erritmoa: noiz jaiki, noiz jan... Asteburuetan, berriz, ez dago ordutegia baldintzatuko duten horrenbeste aldagai. Bi erritmo horien arteko desorekari 'jet lag'soziala esaten zaio. Desorekarik badago, hausnar daiteke gizarteak pertsona hori behartzen duela lan egitera dagokion erritmotik kanpo.

Eguzkiarena ez diren beste argiek ere eragiten diote barruko erlojuari?

Gai konplexua da. Goizez jasotako argiak erlojua aurreratzen du, eta hori da komeni zaiguna. Gauez jasotako argiak, ordea, erlojua atzeratzen du, eta gure berezko ordutegitik ateratzen gaitu. Are gehiago, argi artifizial guztiek ez dute eragin bera. Argi urdina da barne erlojua gehien baldintzatzen duena.

Telebista edo sakelako telefonoen pantailek eragin al dezakete?

Ez da larria, eta pertsonaren eta denboraren araberakoa da eragina. Baina, bai: argi urdin asko emititzen dute. Beraz, iluntzen duenetik aurrera dispositibo horien erabilera handiak nolabaiteko atzerapena eragin dezake erloju biologikoan. Dena den, aplikazio batzuk ere sortzen ari dira argi urdin hori murrizteko.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.