martxelo otamendi
HIZPIDEAK

Trump, Nixon gogoan

2018ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Munduko filmik onenak estatubatuarrak, estatubatuar izate hutsagatik, ez diren bezala, munduko egunkaririk ausart eta kritikoenak ere ez dira herrialde horretakoak, herrialde horretakoak izate hutsagatik. Baina, onar dezagun, film bikainak eta egunkarien jarrera ausartak eskaini dizkigute zinema zuzendari eta kazetari estatubatuarrek. Areago, bi esparruak uztartuz, kazetaritzari buruzko film biribilak egin dituzte herrialde horretan.

Gaur egun, zoritxarrez, badaude AEBak baino herrialde askoz arriskugarriagoak zinemagile eta berriketari konprometituentzat; heriotza eta kartzelarekin ordaintzen baitute ausardia herrialde horietan profesional askok. Konstatazio horrek, hala ere, ez dio larritasunik kentzen AEBetako 300 egunkarik baino gehiagok Trump presidentearen jarrera erasokorra salatzeko abiatu duten egitasmoari. Nixon gogoan, harekin daukaten jarrera kritikoaren mendekuz, etengabe ari da Trump komunikabide eta kazetarien aurka, eta «herriaren etsai» deitu izanak bultzatu egin ditu egunkariak salaketa egitera. Trumpek marra gorria igaro duelakoan, «Inoren etsai ez» lelo hartuta, adierazpen askatasunaren eta kazetaritza jardun librearen aldeko editorialak argitaratu dituzte egunotan The Boston Globeren kanpainarekin bat egin duten egunkariek.

Bakoitzak bere lana ondo eginez gero, zaila izan behar du, definizioz, botereen—edozein dela— eta komunikabideen arteko harremanak, lehenaren gehiegikeriak kontrolatu eta haien berri ematea baita bigarrenaren zeregin nagusia. Harreman zaila, baina ez suntsikorra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.