Albistea entzun

Katalunia. Erreferendumaren ondorena

Nork bere bide orriari eutsiz

CUP ziur dago hauteskundeetara deitzeko aukera mahai gainean duela Generalitateak. Junts Pel Sik dio independentzia aldarrikatuko duela. Bozak eginda, 155.ak ez du zentzurik PSOErentzat
Carles Puigdemont Kataluniako presidentea, eskuinean Oriol Junqueras presidenteordea duela, atzo Kataluniako Gobernuaren bileran.
Carles Puigdemont Kataluniako presidentea, eskuinean Oriol Junqueras presidenteordea duela, atzo Kataluniako Gobernuaren bileran. MARTA PEREZ / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2017ko urriak 25

Katalunian Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioa adostekoa da senatua, etzi. Paraleloki, egun horretan bertan, Kataluniaren independentzia aldarrikatuko du Kataluniako Parlamentuak, artikuluaren ezarpenari nola erantzun eztabaidatzeko eta bozkatzeko osoko bilkura monografikoan —bihar, 10:00etarako deitu du parlamentuko bozeramaileen mahaiak, eta litekeena da bi egun irautea—. Junts Pel Siren arabera, hala egingo dute, «Espainiako Estatuak» Katalunia «birrindu» ez dezan. Baina CUP ez da fio, eta «ziur» daki Kataluniako Gobernuak beste aukera bat ere baduela mahai gainean: hauteskunde autonomikoetara deitzea. Madrilek jakinarazi du, baina, bozetara deitzea ez dela nahikoa izango 155.a ez aplikatzeko, eta independentistei beste zerbait exijitu die ezarpena bertan behera geratu dadin: orain arte ibilitako bidea «zuzendu» dezatela. Ezustekoetarako geroz eta leku gutxiago dago, hortaz, bakoitzak bere bide orriari eusten baitio oraingoz.

Bien bitartean, Carles Puigdemont Kataluniako Gobernuko presidenteak badu, Jordi Turull Kataluniako Gobernuaren bozeramailearen esanetan, 155.aren aplikazioa lantzen ari den senatuko batzordearen aurrean azalpenak emateko «borondatea». Horretarako bi aukera eman dizkio batzordearen presidenteak, Pio Garcia-Escudero PPkoak: bihar 17:00etan edo etzi 10:00etan; hain justu, Katalunian osoko bilkura erabakigarria egitekoa den egunetan. Senatuak gauzak «zaildu» nahi dizkiela kritikatu zuen atzo Turullek: «Ondorioztatzen ari gara ez daukatela agerraldia posible egiteko asmorik». Kataluniako Gobernuak ez du argitu presidentea senatura joango den ala ez.

Mintzatzekotan, Europara begira mintzatuko litzateke Puigdemont. Izan ere, Nacio Digital eta Vilaweb Kataluniako agerkari digitalek argitaratu dute Junts Pel Sik erabakita daukala sezesioaren bidetik jarraitzea. «Estatuak birrindu ez gaitzan, independentzia aldarrikatu beharra dago estrategia defentsibo moduan», dio alderdiak diputatuen artean banatutako argumentu multzoaren pasarte batek. ANC Biltzar Nazional Katalanak eta Omnium Cultural ehun ekitaldi baino gehiago egingo dituzte Katalunia osoan atzo eta gaur artean. Horietan Junts Pel Siko diputatuak ari dira parte hartzen eta joan den urriaren 1eko galdeketako emaitzak balioztatzen. «Eusteko» eskatu diote herriari. «Orain arte jendearen laguntzarekin lan egin dute instituzioek, eta orain ezingo dute lan hori bakarrik gauzatu. Zure esku dago. Gure esku dago», dio argumentu multzoko beste pasarte batek.

CUPekoak ere ari dira ekitaldi horietan mintzatzen. Antikapitalistek badakite «borroka luzea, gogorra eta zaila» izango dela, eta, gainera, «estatuaren biolentziari» aurre egin beharko diotela. Kataluniak independentzia «ondorio guztiekin» aldarrikatu beharra daukala berretsi zuen atzo Carles Riera diputatuak. Haren hitzetan, «ziur» daki Kataluniako Gobernuak ez duela erabat baztertu bozetara deitzea. «Hori litzateke autodeterminazio prozesua eteteko tresnarik eraginkorrena, hilkorrena eta suntsigarriena», salatu zuen.

155.aren ezarpena eteteko, Madrilek lehengo astean exijitu zion Kataluniako Gobernuari hauteskunde autonomikoetarako deia egin zezala. Hori zen bideetako bat; bestea, joan den urriaren 10ean independentzia aldarrikatu zuela ukatzea. PPko hainbat kidek, ordea, argi utzi zuten atzo bozetara deitzea ez litzatekeela nahikoa izango. «Hauteskundeetara deitzea ez da gauzak konpontzeko modua. Kataluniako presidenteak argitu behar du independentzia deklaratu duen edo ez, legea bete behar du, auzitegien ebazpenak errespetatu... Hauteskunde prozesu batek ez ditu aurreko hilabeteetako irregulartasunak baliozkotzen», nabarmendu zuen Rafael Catala Justizia Ministroak atzo. PSOEk ere 155.aren ezarpena babestu du Ciudadanosekin batera, baina Margarita Robles sozialisten bozeramaileak atzo adierazi zuen bozetara deituz gero artikuluaren ezarpenak ez lukeela «zentzurik».

155.aren ezarpenari dagokionean, iritzia aldatu du PSOEk azken bi hilabeteotan. Senatuak ere hala jokatu du, Turullen ustez. Haren esanetan, Madrildik jakinarazi zitzaien Puigdemontek asteazkenean, gaur, edo «beranduenez» bihar eman ahal izango lituzkeela azalpenak senatuan, 155.a tramitatzeko sortutako batzordearen aurrean.

Horren harira, beste proposamen bat bururatu zaio PPren senatuko presidenteordeari, Pedro Sanzi: Mariano Rajoy Espainiako presidenteak eta Puigdemontek berak aurrez aurreko eztabaida bat edukitzea, bihar arratsaldean edo etzi goizean, senatuan bertan. Kataluniako Gobernuak ez du aukera hori aintzat hartu.

Generalitatearen helegiteak

155.aren ezarpena dela eta nazioarteko istantzietara jo aurretik, Kataluniako Gobernuak «barruko» bide juridikoak «agortu» nahi ditu, Turullen hitzetan. Hasteko, txosten bat eskatuko dio CGE Berme Estatutarioen Kontseiluari, iruditzen zaiolako Madrilek hauspotutako neurriek «muga guztiak» gainditzen dituztela. Gero, eskumen gatazka bat planteatuko du Auzitegi Konstituzionalean, eta, besteren artean, helegiteak aurkeztuko ditu Auzitegi Gorenean, Espainiako Ministroen Kontseiluak joan den larunbatean adostutakoa «baliogabetzeko».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©DANI CODINA

«Ikasleen %100 atzerritarrak direnean, integrazioa ezinezkoa da»

Irati Urdalleta Lete

Katalunian, duela bi urtetik indarrean dago Eskola Segregazioaren Aurkako Ituna. Besaluk uste du orain dela garaia balio al duen ikusteko.
AEBetako Estatu idazkari Antony Blinken eta Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrov, atzo, Genevan. ©MARTIAL TREZZINI / EFE

Errusiak AEBei eskatu die NATO 1997ko mugetara erretiratzeko

Arantxa Elizegi Egilegor

Moskuk ukatu du Ukrainaren aurka jotzeko asmoa izatea. Washingtonek iragarri du datorren astean erantzungo diela Kremlinen galderei, baina urratsak egiteko eskatu dio Putinen gobernuari
 ©NOS DIARIO

«Legez kanporatzen bagaituzte, politikoki erantzungo dugu»

Gorka Berasategi Otamendi

Espainiako justiziak Izca legez kanporatzeko auziarekin segitzea erabaki zuen, Estatuaren Abokatutzaren eta fiskaltzaren iritziaren kontra. Soilik «jarrera demokratiko faltak» azaldu dezake egoera, eledunaren ustez.
Bi emakume eta bi haur, joan den abenduan, Kabulgo ospitale batean. ©MONCHO TORRES / EFE

Norvegia eta «herrialde aliatuak» talibanekin batzartuko dira, Oslon

Igor Susaeta

Norvegiak uste du afganiarrei laguntzeko ezinbestekoa dela nazioartea muturreko islamistekin hizketan hastea. Bihartik asteartera bilduko dira

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.