Elikadura burujabea, orain

2022ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Nafarroa lurralde aberatsa da, badituelako lur emankorrak, ur-erreserbak eta klimatologia askotarikoa; horregatik guztiagatik leku ezin hobea da elikagaien sektorearentzat. Historikoki, landa-eremuko jendeak sorturiko nekazaritza eta abeltzaintza sistema dibertsifikatuek askotariko elikagaiak eman dizkigute Euskal Herriko biztanle guztioi. Baina, zoritxarrez, gaur egun gure erkidegoko baliabide naturalak beste helburu batzuekin ustiatzen dira; azken hamarkadetan, kapitala industrializazioaren eta merkatu askearen logika inposatuz joan da landa-ingurunean, administrazioaren nekazaritza- eta ekonomia-politiken laguntzarekin.

Gaur egun, Nafarroan, laborantza-lurren %75 animalien elikadurarako aleak eta bazka ekoizteko erabiltzen dira, dibertsifikazioa alde batera utzita (besteak beste, lekadunak eta fruta ekoiztea). Eta batez ere AN operadorearen bidez merkaturatzen da mundu mailako merkatu librean; merkatu horretan Nafarroako nekazariek ez dituzte erabakitzen ez erosketa prezioak, ez salmenta prezioak. Labore-lurraren %25 baino ez da giza elikadurarako: barazkiak, fruta, olibondoa eta zerealen zati txiki bat. Baina ekoizpen horren helburua ez da hurbilekoen elikagai premia asetzea. Esaterako, Erriberako lurrik emankorrenetan ekoizten diren barazkien ia %99 Europako iparraldean merkaturatzen dira.

Elikagaien ekoizpen industrial eta intentsiboaren eredu horrek erregai fosilen beharra du, baita ongarri kimikoena eta pestizidena ere, eta horien mendean dago. Datuen arabera, kimikoen eta pestiziden kontsumoa bikoiztu egin zen 2009 eta 2019 artean gure erkidegoan. Bien bitartean, Europatik esaten digute 2030erako murriztu egin behar direla.

Abeltzaintzan ere logika bera nagusitu da. Animalien elikadura, kasu gehienetan, Hego Amerikatik datozen landare proteinetan eta jatorri ezezaguna duten zerealetan oinarritzen da; nagusi da esnetarako behien sektorean, eta txerrien eta hegaztien sektoreetan. Gainera, txerri eta oilaskoen kasuan, integratzaileak makroustiategien ereduaren hedapena bultzatzen ari dira Nafarroan. Biztanle baino txerri gehiago ditugu, eta haien haragia batez ere esportaziora bideratuta dago; aldiz, ekoizpen jasangarrienetan, ardiena kasu, abelburuen kopurua erdira jaitsi da azken hogei urteotan.

Ekoizpen-eredu hori jasanezina da ingurumenari, gizarteari eta herrien ekonomiari dagokienez, eta, horrez gain, elikagaien segurtasunari ere eragiten dio. Aurten inoiz baino hobeto ikusten ari gara gure herritarren beharrak asetzeko elikagai osasuntsuen sistema propioa garatzea eragozten duela. Energiaren garestitzeak eta, horrekin batera, merkatu espekulatiboetako lehengaien prezioaren igoerak estualdi larrian jarri ditu sektore guztiak, batez ere abeltzainak. Gainera, lehorte luzearen ondorioz, udaberri-udan bildutako belarra erdira murriztu da; udan, larre eskasia orokorrak ganadua negurako erreserbatutako janariarekin elikatzera behartu ditu abeltzainak, eta zirkunstantzia horiek guztiek bazka bilatzera bultzatu dituzte guztiak, prezio izugarriak ordainduta. Egoera horretan, entzun behar izan dugu Nafarroan ekoitzitako bazka deshidrataturik eramaten ari dela Saudi Arabiako merkatuetara, edo espekulatzaileak biltegietan gordetzen ere ari direla, oraindik prezio handiagoak lortu arte; bien bitartean, abeltzainen biltegiak negurako erdi hutsik geratu dira. Arautu gabeko merkatu zoro baten bidegabekeriak.

Errealitate horrek guztiak argi uzten du elikaduraren arloan ditugun erronka eko-sozial handiek egiturazko eraldaketa sakona eskatzen dutela. Premiazkoa da merkatuak eta prezioak arautzea eta elikadura sistema osoa modu integralean berrantolatzea, gisa horretan, gure erkidegoan ditugun baliabideetara egokituz eta gure produkzio sektorea planifikatuz, herritarren elikadura beharrak asetzeko. Berrantolaketa horrek, era berean, produkzio eredua aldatzea eskatzen du, hau da, sektore osorako trantsizioa diseinatzea.

Horrela, nekazaritzan, ekoizleei lagundu egin behar zaie, batetik, pixkanaka ongarri kimikoak eta pestizidak erabiltzeari utz diezaioten (lurzorua eta ura bezalako baliabideak kutsaduratik babesteko, eta herriek uraren gaineko burujabetza ez galtzeko), eta bestetik, kimiko eta pestiziden ordez, agroekologian oinarritutako estrategia autonomoak eta iraunkorrak gara ditzaten. Aldi berean, laboreen dibertsifikazioa berreskuratu behar da, besteak beste, frutaren ekoizpena eta lekadunen ekoizpena, bai animalien elikadurarako, bai gizakien elikadurarako.

Abeltzaintzan des-intentsifikazio prozesuei ekin behar zaie, ustiategi bakoitzeko buru kopurua murriztuz eta lurrarilotutako abeltzaintza estentsiboa eginez. Abeltzaintza mota horretan, elikaduraren oinarrian beharko lukete Nafarroan ekoitzitako larreak, bazkak, landare-proteinak eta aleak.

Erabateko aldaketa horrek administrazioaren esku-hartzea eskatzen du, politika publikoen bidez, ingurumena zainduko duten eta Nafarroako gizarte osoarentzat elikagai osasuntsuak ekoitziko dituzten tokiko elikadura sistemak sortzeko. Eta sektorearen finantzaketak eredu aldaketa hori sustatzera jo beharko luke, egoera zaila arintzera eta agonia luzatzera mugatu beharrean. Guztiontzat jakina da instituzioak nekazaritzako industriaren botere ekonomikoek mehatxupean kontrolatuta daudela, eta gehienetan horien zerbitzura egiten dutela politika. Horregatik, herritarrok, tokiko produkzio eta kontsumo sistema alternatiboen inguruan antolatzeaz gain, kalera ateratzeko ordua dugu, ozen eta irmo aldarrikatzeko: elikadura burujabetza, orain!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.