Golden Statek bigarren aldiz irabazi du finalean (122-103)

Julen Etxeberria.
2018ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Golden State Warriorsek gero eta gertuago dauka NBAko eraztuna. Oaklandeko taldeak 122-103 irabazi zion atzo Cleveland Cavaliersi finaleko bigarren partidan, eta 2-0 da kanporaketan. Bigarren urtez jarraian txapeldun izateko lan erdiak egin ditu jada.

Lehen partidan baino alde handiagoa izan zen atzo. Aurrenekoan, Clevelandek oso estu hartu zuen Golden State, eta azkenean, luzapenean nagusitu zen etxeko taldea. Atzo, ordea, nagusitasunez lortu zuen garaipena.

Bi faktorek izan zuten zerikusia Golden Statek irabaz zezan: batetik, Stephen Curry ikusgarri aritu zen. 33 puntu, zortzi asistentzia eta zazpi errebote lortu zituen. Curryk txikitu egin zuen Cleveland hiruko marratik, bederatzi hiru sartu baitzituen. Inork ez zuen halakorik egin NBAko finalean. Gainera, laguntza handia izan zuen taldekideen artean: Kevin Durantek 26 puntu, bederatzi errebote eta zazpi asistentzia lortu zituen, eta Klay Thompsonek beste hogei puntu. Bestetik, Clevelanden, LeBron James ohi baino apalago aritu zen: 29 puntu, hamahiru errebote eta bederatzi asistentzia. Kevin Lovek 22 punturekin lagundu zion. Baina kito. Beste inor ez zen gai izan erasoan nabarmentzeko. Ataka estuan da Cleveland. Etxean jokatuko ditu hurrengo bi partidak. Aprobetxatu beharra ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.