FERMIN 'EZ-DEUNA'

Politizatu gabeko festak

Ion Orzaiz.
2020ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Victorrek zapi gorria lotu du, egunero bezala, etxetik atera baino lehen. Nafarroako armarri ofiziala brodatua daramana aukeratu du, normala, koroa duena, ez baskoek astintzen duten beste hori. Atorra, zuri-zuri eta lisatu berria, amak ohe gainean ederki tolestuta utzi diona. Orban beltz bat ikusi du Nike Air zapatila zurietan. Betun zuriz igurtzitxo bat emateko eskatuko dio amari bihar. Orain berandu da.

Azken begiratua eman dio bere buruari, ispiluan. «Hi bai hi, elegante». Maskara hartzeko gogorarazi dio amak, sukaldetik oihuka. Afaria prestatzen ari da. Ukondotik zintzilikatu du eta badoa. Gazteluko plazan gelditua da lagunekin. Donibanen bizi da, baina nagia eman dio billabesa hartzeak. Autoa hartu eta, hamar minututan, Gazteluko plazako lurrazpiko aparkalekuan da. «Bienvenido, retire tiquet», agurtu du metalezko ahots batek, erdara hutsean eta gidaria gizonezkoa dela asumituz. Victorri ez zaio arrotz begitandu.

Lagunak zain dauzka plazan. Udalak aurtengo «ez-sanferminetarako» jarri duen kartel erraldoian geldituak ziren: #LosViviremos irakur daiteke, letra handiz. Victorrek ongi deritzo elkartasunezko mezuari. Leloaren euskarazko bertsioa hain da txikia eta hain dago kartelean zokoratua, ezen ezinezkoa baiten ezer irakurtzea, baina Victorrek ez dio erreparatu ere egin.

Pozoblancoko tabernetara abiatu dira. Bacardi eta kola. Beste erronda bat? Nola ez? Bagara ala ez gara? Algaraka joan dira Caldereria aldera. Han, hainbat pankarta daude paretan zintzilik: Haur eskolak euskaraz irakur daiteke batean. Nagore, gogoan zaitugu, beste batean. Muturra belztu du Victorrek. «Hau nazka. Beti dago festak politizatzen dituen norbait».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.