Oier Guillan.
Joxan Artze hil da. IRITZIA

… zer duen zuriak, beltzetik argitzeko

2018ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Horrela osatzen zen Nola belztu behar zuria... emanaldiari titulua ematen zion bertsoa. Idazteaz eta sormena sentitzeko moduaz ari zen Artze; elurrak erraiak jan dizkidan honetan, beste bide bat hartu dute hitzok.

Oparia izan zen Usurbilgo lagun talde batek egin zigun enkargua: bere poesian bizi ahal izan ginen puska batez, bere hitzek eta moduek jendearengan eragiten dutena haragian sentituz. Emanaldi haren ostean igaro nituen berarekin bakarka azken uneak, bere etxean, mimoz prestaturiko infusio baten beroan. Mahai horretan bertan hitz egin nuen estreinako aldiz berarekin hogei urte lehenago: inguruan lagunek oparitutako artelanak, liburuak barra-barra, mahai gaineko poema-pleguak artez estalita... itxurazko anabasa modu ezin zehatzagoan antolatua, bizitzako kaosa sormen-lan bilakatu balitz bezala.

Mikelazuloren partez nindoan orduko hartan, herriko antzokian performance bat egin zezan konbentzitu nahi genuen: ez gintuen ezagutzen, ez genuen sosik ordaintzeko, ezezagunak zitzaizkion artista batzuekin elkartuko genuen oholtzan... Baiezkoa eman zuen. Erreskadan datozkit une horretan hasitako adiskidetasunaren geltokiak: No excuse dokumentalean parte hartu zuen, berak animatu ninduen lehenbiziko aldiz poemak argitaletxe batera bidaltzera, Hatsa Eguneko bazkalosteetan egin ohi genuen topo. Senperen Mikelazuloko lagunei poesia bozgoran irakurtzeko oharrak ematen zizkigun urtero: zehatz, maitekor, gupidagabe. Berarekin ikasi genuen gorputz osoarekin esaten. Nekez imajina dezaket errezitaldietatik antzerkira eta poesia beste arte diziplina batzuekin gorpuztera egin genuen jauzia bere eraginik gabe. Artzeri ikasi genion performancea bazenik, guk hitza existitzen zela jakin baino lehen.

Modernitatea aitortzenbazaio ere, postmodernitateak ez dizkio azken liburuetako eduki batzuk barkatu. Nahiz eta jarreraz eta mamiz bizitza oso bateko poema luzea izan berea. Hori dakar zuria ezin belzteak, beltza ezin zuritzeak: zertarako balio du ba kulturak ez bada, norberaren pentsamenduari pasioz fidel izanik ere, bestearena ikusten asmatzeko?Bere keinuetan onena eman zigun beti, eta gaur, gauza bakarra geratu zait esateko: eskerrik asko, Joxan, bihotzez. Bultzadagatik, inspirazioagatik, maitasunagatik. Irakurtzen nekatuko ez naizen poema izateagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.