Izortze Santin.
ARGI ALDIAN

DNA konpontzeko mekanismoak

2015eko urriaren 25a
00:00
Entzun
Gure informazio genetikoa gordetzen duen zeluletako DNAk ingurunetik erasoak jasotzen ditu etengabe. Erradiazio ultramoreak, zenbait uhin elektromagnetikok edo amiantoaren moduko agente mutagenikoek DNA molekuletan eraldaketak sortzeko gaitasuna dute. Etengabe gertatzen diren eraldaketa horiek konpontzeko, zelulek berezko konponketa-mekanismoak dituzte, eta horien bitartez, DNAren egonkortasuna mantentzeko gai dira.

Aurtengo Kimikako Nobel Saria DNAren konponketa-mekanismoak aztertu dituzten hiru ikertzaileri egokitu zaie; Tomas Lindahl suediarrari, Paul Modrich estatubatuarrari eta Aziz Sancar turkiarrari. Ikertzaile horiek, bakoitzak bere aldetik, DNAren konponketan parte hartzen duten mekanismo ezberdinen oinarri molekularrak deskribatu dituzte.

DNAn eraldaketak edo mutazioak gertatzea eboluziorako beharrezkoa bada ere, belaunaldi bakoitzean izaten den mutazio-kopurua mugatua izaten da; horien eraginez informazio genetikoa ezegonkorra izango balitz, izaki zelulanitzen existentzia ezinezkoa izango bailitzateke. Ideia hori oinarri gisa hartuta, Tomas Lindahlek DNA konponketa-mekanismoaren azterketari ekin zion eta DNA molekulak etengabe eraldaketak eta konponketak jasotzen dituela deskribatu zuen.

Hiru ikertzaileek DNAn gertatzen diren mutazioen konponketarako mekanismoak identifikatu eta karakterizatu zituzten. Lindahlek, esaterako, baseen eszisio bidezko konponketa mekanismoa identifikatu zuen, non glikosilasa entzimak DNA kateko base akastunak mozten dituen. Aziz Sancarek, berriz, erradiazio ultramoreak eragindako mutazioen konponketan diharduten entzimak karakterizatu zituen, eta Modrichek DNAren erreplikazioan gertatzen diren akatsak zuzentzeko makineria identifikatu zuen.

Aurtengo Nobel saridunek deskribatutako mekanismoez gain, gure DNA egonkor mantentzen duten beste hainbat mekanismo daude, zeinak egunero eguzkiak, zigarroen keak edo bestelako substantzia genotoxikoek eragin ditzaketen eraldaketak zuzentzeaz arduratzen diren. Mekanismo horien hutsegite batek informazio genetikoan eraginaizan eta minbiziaren garapena eragin dezake. Beraz, konponketa mekanismoetan eragiten duten botikak minbiziaren tratamendurako ituak izan daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.