Miren Josune Ariztondo Akarregi.
ARKUPEAN

Zaharrak berri?

2021eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Itxura batez euskara gaietan etengabeko errotari biraka gabiltzala ematen du, arazoei soluziorik aurkitu ezinean. Halere, hizkuntza gaiak asmoz eta jakitez joan behar dira, pazientzia eta ekina batera erabili eta nekeari leku izpirik eskaini barik.

Euskaldun bakoitzak bere erara egin du topo euskararekin. Hiru erpin bakarrik hartuz, batzuk ez dugu gogoratzen noiz ez genekien euskaraz eta bai ostera gaztelania nola eta noiz joan ginen ikasten; gure eremu emozionala euskara-duna da. Beste batzuk nerabezaroan edo beranduago aurkitu eta dastatzen hasi ziren euskara. Gutariko askok inoiz ez dugu jakingo ze esfortzu eta diziplina ezarri zioten euren buruari, agian batere laguntzen ez zieten testuinguruan. Hirugarren batzuk soilik eskolako euskara dute. Gazteak dira gehienak eta horrek esan nahi du egungo bizitasuna eta etorkizunerako itxaropena eta kezka.

Hainbat dira euskararen erabilera suspertzeko garatzen diren jardun lerroak: publizitate kanpainak, ekitaldi jendetsuak, jai bikainak eta egitasmo iraunkorragoak sarri dira gure artean. Denak izaten dituzte antolatzaileak, parte hartzaileak, zaletuak eta bezeroak.

Igo bolumena!! izeneneko egitasmoak zarata handirik atera ez badu ere, interesa duela iritzi eta lerro hauetara ekarri nahi izan dut. Barakaldon eta inguruko herrietan dabilen egitasmo honek hainbat eragileren esku-hartzea du: Bizkaiko Foru Aldundia, Berritzeguneak, Ikastolen Elkartea, Loraldia festibala, Mondragon Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, udaletako euskara batzordeak eta euskaltegiak. Ez zen erraza izan horrenbeste eragile biltzea Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren inguruan, baina asko kostatzen denak balio berezia hartzen daki.

Gure gazte gehienek euskaraz badakite, baina erabilera ez da ugaltzen. Kezka honetatik, Barakaldo, Getxo, Portugalete, Leioa eta Bilboko 15-18 urte bitarteko gazteei galdetu zaie euskararekiko dituzten jarrera eta praktikaz. Jasotako erantzunek dionez, gazteok euskara euren hizkuntzatzat dute, euskararekiko lotura afektiboa eta ideologikoa dute, baina ez zaie praktikoa egiten. Familia erdaldunetakoak direnak ere, haurtzaroan euskararen munduarekiko lotura izan zuten. Beren iruditerian euskarak lekua dauka, familian zein kalean euskararen mundua presente dago. Baina nagusitu ahala, zirkuitu horiek ahuldu eta lausotu egin dira; apenas duten euskaraz sozializatzeko biderik.

Igo bolumena!! programak pilotaje izaera du. Orain arteko esku hartzea, inkestaren prestaketa eta garapen lanak, periferiako kontzeptuarekin lotzen diren hirigune erdaldunetan egin dira. Azken urratsa Euskara Ikas Unitatea osatu eta hedatzea da. Ikastolen Elkartearen esku jarri da sortu den lehen materiala, ikuspegi pedagogikotik landu eta hezkuntza mundura bideratzeko forma eman diezaion.

Egitasmo honek noraino ematen duen eta bere emaitzak orokortzeko moduak eta aukerak aztertzea da hurrengo eginkizuna. Euskararen mundua deitzen dugunaren periferian zentratzea bereziki egokia deritzot. Arrazoia, agian hortxe jokatzen dugula euskararen etorkizuna, bertan bizi baita gure herriko biztanleriaren—gazteriaren— gehiengoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.