Niko Iurramendi.
Arrauna. ARRANPLATIK

Nola aldatzen diren gauzak

2020ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Hamasei urte arraunean ez dira gutxi. Aldaketa handi bat nabaritu dut nire arraun gustuetan: lehen, gustukoago nituen errekako estropadak; orain, aldiz, itsasokoak. Urteek zerbait ematen badute, arraunean egiteko segurtasuna ematen dute. Aurreko urteetan, nire trainerua maila apalagokoa izanik, errekan egiten ziren estropadetan nahikoa egonkor aritzen zen. Baina itsasoaren olatuak eta zailtasunak agertu bezain pronto, ontziko mugimendua ere handituz joaten zen. Paladaren batean itsasoa jo, eta arrauna gaizki sartuz gero, hurrengo palada ere ez zen aurrekoa baino hobea izaten, eta besolanean hasten nintzen: ziurtasunik eza agerian gelditzen zen.

Besolana deitzen diogun horrek erabat kondenatzen du arraunlaria. Hanken indarra eta gorputzaren pisua erabili beharrean, besoen indarra erabiltzen da. Besoen indarra amaitzean, ordea, erabat kontrolaezina bilakatzen den erreminta bat izaten da arrauna. Horregatik, nahiago nituen errekako estropadak.

Baina azken urteotako emaitzarik onenak itsasoan lortu ditut; eta, noski, emaitzek laguntzen dutenean, norbera ere gusturago aritzen da. Itsasoan ibiltzean, taldean erabiltzen dudan hitza jolasa izaten da. Orain olatua, gero pala gaizki sartu, orain arraunketa azkartu, gero gehixeago etzan... Kezka eta larritasuna zena orain jolas bihurtu? Bada, ni ere banoa adinean gora.

Ea berriro ere gustua hartzen diedan errekako estropadei; hori bai, besolanak geldi daitezela duela urte batzuetako memorian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.