KRITIKA. Musika

Bi erregina

2020ko otsailaren 16a
00:00
Entzun

Capella Neapolitana



Zuzendaria: Antonio Florio. Sopranoa: Leslie Visco. Kontraltoa: Marta Fumagalli. Egitaraua: J. A. Hasseren Marc'Antonio e Cleopatra. Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Otsailak 13.

Johann Adolph Hasseren izena, tamalez, bakan agertu ohi da inguru honetako esku-programetan. Horrexegatik bakarrik, Marc'Antonio e Cleopatra bezalako obra bat entzun ahal izatea oparitzat baino ezin da hartu. 1725ean estreinatu zen, eta baiezta daiteke Hasseren obra hau Napolesen zeuden Nicola Porpora eta Domenico Scarlatti maisuengandik jaso zituen ezagutzen lehen fruitua izan zela. Eta baita lehen arrakasta handia ere, bi izen handiren laguntzaz: Vittoria Testi kontraltoa Marco Antonioren rolean, eta Farinelli castratoa Cleopatrari ahotsa jarriz. Gaur egun arrotza litzatekeen gurutzaketa hori garai hartan antzezlanaren izaera artifiziala indartzeko ohiko baliabidea zen.

Donostiako Kursaalari XVIII. mendeko musikak eskatzen duen hurbiltasuna falta bazaio ere, Cappella Neapolitanako kideen eta abeslarien iaiotasunari esker, Hasseren musikak bihurgune loretsuz betetako bidea egin zuen. Osaera murriztuan instrumentuak biluzik, denak ziren aldi berean goi-mailako bakarlari eta talde; hasierako sinfonian, obra osoan iraungo zuen gardentasuna eta zorroztasuna iragarri zuten.

Haatik, obraren izenburuak dioenez, bi pertsonaiek daramate garapenaren zama dramatikorik handiena. Leslie Visco soprano napolitarrak ahots garbi eta argitsua du, aiurri bizia eta indartsua aurkeztea ahalbidetzen diona. Bere patuaren jabe den Cleopatra agertu zuen taulan, Morte col fiero aspetto arian maitasunaren eta minaren gainetik ohorea ere gordetzen duena, arintasunak ez baitu kemena ezabatzen. Marta Fumagalli kontraltoak tinbre aberatsez eta distiratsuz jantzi zuen Marco Antonio, liho samurra bailitzan. Izaeraz zintzo, Là tra I mirti degl'Elisi aria heriotzaren onarpen dotorea suertatu zen, pasioz betea. Alberto Guerreroren biolontxeloaren eta Andrea Perugiren klabearen sostengu bikainez, bi ahotsek errezitatibo biziak eskaini zituzten, libretoaren estatismoari hatsa emanez. Bi ekitaldiak ixten dituzten duoetan, oreka samurrean batu ziren Visco eta Fumagalli erreginak. Artea ez baitago inolako inperioren menpe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.