'Gailurra Xtreme' bueltan da, euskal kirolari eta pertsona ezagunekin

Ostegunean hasiko da, eta bederatzi saio izango ditu. Mendiko erronkak egingo dituzte
Uxoa Irigoien eta Ibon Gaztañazpi, <em>Gailurra Xtreme</em> saioko lasterketa batean.
Uxoa Irigoien eta Ibon Gaztañazpi, Gailurra Xtreme saioko lasterketa batean. ETB

Izaro Zinkunegi Barandiaran -

2018ko apirilak 1
Apirilaren 5ean hasiko da berriro Gailurra Xtreme telebista saioa ETB1 katean. Euskal kirolari eta jende ezaguna lehiatuko da. Ibon Gaztañazpik aurkeztuko du, baina lehiakidea ere izango da zenbait saiotan. Mendia eta korrika uztartuko dituzten hainbat proba egingo dituzte lehiakideek. Bederatzi saio izango dira, eta Zegama-Aizkorri mendi maratoiarekin bukatuko da.

Euskal kirolari eta pertsona ezagunek hartuko dute parte. Besteak beste, Alex Txikon mendizalea, Sara Gandara kazetaria, Joseba Llorente futbolari ohia, Aitziber Ibarbia lasterkaria, Joseba Usabiaga aktorea, Uxoa Irigoien mendi lasterkaria eta Xabier Orbegozo Arria V.a aizkolaria agertuko direla esan du Gaztañazpik.

Abentura, desafio edo apustu bat egingo dute astero lehiakideek. «Probak askotarikoak izango dira: mendi maratoia, kilometro bertikala, ultratraila, Monte Perdidoko igoera...», azaldu du Gaztañazpik. Iazkoak baino «gogorragoak» izango direla aurreratu du. Bizpahiru proba ofizial ere egingo dituzte; tartean, Goierriko Bi Handiak. Goi mendiak ere izango du tartea Gailurra Xtreme-n: «Neguan 3.000 metroko tontorrak egingo ditugu».

Gailurra Xtreme Perdido amaitu eta hilabete eskasera hasiko da programaren hurrengo aldia. Oso erantzun ona izan du Perdidokoak, Gaztañazpik azaldu duenez: «Grabaketatik oso gustura etorri ginen, han sumatu genuen ondo muntatuz gero produktu ona aterako zela. Audientziak ere erantzun egin du; prime time-an eman dute. Osteguna, gainera, egun zaila omen da».

Reality kutsua izan du martxoan amaitu den Gailurra Xtreme Perdido-k. Orain, lehenengo denboraldi hartako formatura itzuliko da berriro programa; proba bakoitzak atal bat izango du gehienetan, eta atalek ez dute elkarrekin loturarik izango. Ibon Gaztañazpi bakarrik arituko da aurkezle lanetan; Irati Anda eta Gaztañazpi bera aritu ziren orduan.

Bizi eta kontatu

«Oraingoan ez naiz izango aurkezle hutsa, desafioak bizitzen eta horiek kontatzen arituko bainaiz», esan du Gaztañazpik. «Batzuetan neuk lagunduko diet lehiakideei erronkak egiten, beste batzuetan eurak izango dira niri lagunduko didatenak», adierazi du. Erronka handia dela azpimarratu du, iazkoa «oso gogorra» izan baitzen harentzat. Aurkezleak azaldu duenez, ez zegoen sasoi onenean: «Aurten sasoikoago nago. Programa ondo ateratzeko ezinbestekoa da ni fisikoki oso ondo egotea».

Ordea, hori baino gogorragoa egin zitzaion Gaztañazpiri aurkezle eta lehiakide lanak uztartzea. «Biluztea» izan zen kazetariarentzat: «Aurkezteko gutxieneko patxada behar duzu, baina gorputza urduri dago lehiatzerakoan. Mendian gora korrika noanean, barrez, oihuka, maldizioka... hori da benetako Ibon. Neure burua horrela ikustea gogorra da». Datozen saioetan ere biak uztartu beharko ditu, horretara oraindik ez dela ohitu aitortu duen arren.

Zegama-Aizkorri proba izango da Gailurra Xtreme berriaren azken atala. Gonbidatu bereziren bat ere izango da atal horretan. «Euskal Herrian, mendi lasterketen inguruan, sukar baten erdian gaude. Eta erreferentziazko proba nagusia Zegama-Aizkorri izan da», adierazi du Gaztañazpik. Halaber, antolatzaileekin harreman zuzena dutela gaineratu du; Alberto Aierbe mendizaleak parte hartu du Perdidokoan.

Martxoaren 22ko saioa «aurrerapen modukoa» izan zen. Hainbat kirolari bildu zituen Gaztañazpik saio hartan, afariaren bueltan: Aitzol Atutxa, Sara Gandara, Oinatz Bengoetxea, Joxe Mari Olasagasti, Irati Astondoa... Amaitu berri zen Perdidoko lehiaz gain, hastear diren desafioak ere izan zituzten hizpide. Datozen saioetako irudi batzuk ere eman zituzten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna