BBCk aitortu du 'Human Planet' saioko eszenak faltsutu zituela

Papua Ginea Berriko tribu batek etxeak egin zituen zuhaitz batean, propio dokumentalerako

Papua Ginea Berriko tribu bat zuhaitzen goienean bizi zela filmatu zuten BBCn, baina faltsua zen. BERRIA.
urtzi urkizu
2018ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Mundu osoan prestigio handikoak dira Erresuma Batuko BBC katearen dokumentalak. Sari asko jasotakoak dira lan horiek, eta eredutzat jo ohi dira. Dena ez da hain eredugarri, ordea: BBCk aitortu du Human Planet dokumental saioko zenbait eszena faltsu egin zituela. 2011. urtean estreinatutako atal batean, Papua Ginea Berriko tribu baten bizimodua kontatzen zen. Zuhaitzen goienean zeuden etxe batzuetan nola bizi ziren ageri zen dokumentalean. BBC2rako egindako My Year with The Tribe (Nire urtea leinuarekin) dokumental berriagoan, tribu hartako gizonbatek kontatu du nola eraiki zituzten etxeak zuhaitzetan, programako arduradunen kontakizunaren mesedetan. BBCk hala aitortu du: «Human Planet dokumental saioko sekuentzia bat aztertu dugu, eta ikusi dugu zuhaitz baten goieneko etxera bizitzera joaten den tribuaren irudia ez dela benetakoa». Human Planet dokumental saioak zortzi atal izan zituen. Discovery katearekin elkarlanean ekoitzi zuen BBCk, eta 2011ko urtarrilean hasi ziren ematen. BBC Worldwide sailak 2012an iragarri zuen munduko 22 merkatutan saldu zutela ekoizpena. Jatorrizko bertsioan, John Hurt aktoreak jarri zien ahotsa dokumentalei; AEBetan, Discovery katean, ingelesezko bertsioan Mike Rowerena zen ahotsa, eta gaztelaniazkoan, Gael Garcia Bernalena. Programako ekoizle eragileak, berriz, Brian Leith eta Dale Templar izan ziren.

Eszena faltsu gehiago

Ez da Papua Ginea Berriko tribuarena Human Planet saioan faltsutu zuten atal bakarra. 2015. urtean jakin zen ekoizpen taldeak etxekotua zegoen otso bat erabili zuela otso basati bat izango balitz moduan. Deserts: Life in The Furnace (Basamortuak: Bizitza labean) izenburuko atala zen, eta gameluen bi artzain otso bati tiro egiten agertzen ziren, Gobiko basamortuan (Mongolia). BBCk aitortu behar izan zuen etxekotutako otso bat askatu zutela pista batean, eta grabatu zutenean, animaliaren jabearenganantz zihoala korrika. Kameraren planotik at zen jabea.

Beste kasu bat Venezuelako oihaneko naturaren ingurukoa izan zen: Hego Amerikako herrialde horretako basa bizitza ingurune naturaletan grabatu zuela eman zuen aditzera telebista kateak. Baina jakin zenez, tarantula armiarma baten eszenak estudio batean grabatuak izan ziren.

Etorkizunean halako faltsutze gehiago ez egiteko nahia azaldu du BBCren zuzendaritzak: «Human Planet saioa 2011. urtean emititu zen, eta ordutik hona derrigorrezko prestakuntza indartu dugu alor guztietan eta lantalde guztientzat. Balioen, eredu estandarren eta editorialen irizpideetan eragingo du horrek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.