Kontrakultura uhinetan piztuz

Hala Bedi irratiak 'Erraietatik' saioa estreinatu du asteon. Astelehen gauetan emango dute

Igarki de Robles eta Mikel Saenz de Buruaga Erraietatik saioko esatariak. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2016ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Gasteizko Hala Bedi irratiko entzuleei kulturarekin lotutako gogoetak plazaratzeko asmoz eta etorkizunean horiek kalera zabaltzeko xedez, Erraietatik saioa sortu dute Igarki de Roblesek (Gasteiz, 1988) eta Mikel Saenz de Buruagak (Gasteiz, 1989). Aste honetan estreinatu dute programa, eta denboraldi honetan astelehenero entzun ahalko da, 23:00etatik gauerdira. De Roblesek eta Saenz de Buruagak Hala Bediko Araba hizpide irratsaioan ere kolaborazio bat egiten dute, bi asteartetik behin.

Zinemako eta literaturako ertzetako lanekin eta mugimendu iraultzaileekin adi egon dira azkeneko urteetan de Robles eta Saenz de Buruaga. «Kezka izan dugu halako gaiekin. Hilabeteak ziren proiektuaz hitz egiten ari ginela, eta, aurten, irratsaioa aurrera ateratzea erabaki dugu», azaldu du de Roblesek. «Kultura eta mugimendu iraultzaileen arteko gogoetak egin nahi ditugu. Hausnarketak egiteko baliagarriak diren filmak eta liburuak hartuko ditugu, eta horien inguruan hitz egingo dugu». Halaber, halako gaiekin lotura duten topaketa eta jardunaldien berri emango dute programa berrian. «Errekaleorren [Gasteizko auzoa] topaketa batzuk antolatu dituzte gazte sortzaileen eta literaturaren inguruan, eta antolatzaileak gure saiora etorriko dira». Biharko programan, antolatzaileetako batzuekin honako gai hau aztertuko dute: Literaturaren rola gaur egungo testuinguruan.

«Egungo kultur hegemoniari kontra egiten dioten adierazpen artistikoak izango dira nagusi gure saioan», iragarri du Hala Bediko esatariak. «Kontrakulturan aritu diren mugimendu iraultzaileak ere izango ditugu. Beste kultura eredu bat proposatzen dutenak».

Eragile ere izateko gogoz

Programaren egiturari dagokionez, «askatasuna» gordetzen saiatuko dira. «Une bakoitzean modurik egokiena bilatzen saiatuko gara gaiak lantzeko. Dena den, ia astero film bat eta liburu bat gomendatuko dugu». Lehen atalean, hainbat filmen bitartez, heteroaraua hautsi duten ereduak plazaratu zituzten.

Erraietatik, oraingoz, «oinarri sendotzat» irratsaioa izango duen proiektua da, esatarien aburuz. Interneteko sare sozialetan ere aktibo ibiliko dira, eta, horretarako, Facebookeko orria eta Twitterren @_Erraietatik kontua sortu dituzte. «Behin irratsaioa bera egonkortzen denean, eta ibilian hasten denean, gure asmoa da hainbat egitasmo aurrera ateratzea: jaialdiak, mahai inguruak... Kalean saialdiak egiteko asmoa badugu». Saioari indarra emango diote lehenbizi, eta, etorkizunean, Erraietatik kalera aterako da. «Kolektiboekin ere harremanak sendotu nahi ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.