ETB2k 'Tribuaren berbak' saioaren hiru atal emango ditu, gaur hasita

Reyes Prados izango da aurkezlea.Euskaraz ez dakiten gurasoengana gerturatuko dira gaur

Kike Amonarriz, Reyes Prados, Jokin Azkue eta Itziar Azpeitia, saioaren atal berrien aurkezpenean, Miramonen. ETB.
urtzi urkizu
Donostia
2015eko azaroaren 29a
00:00
Entzun
ETB1erako Tribuaren berbak saioaren 60 atal zuzendu eta aurkeztu ditu Kike Amonarrizek. Irailean Aprender euskera. Misión posible berezia eman zuen ETB2k, eta, orain, gaztelaniazko katerako beste hiru atal ekoitzi ditu Orio Produkzioak etxeak. Gaur, 19:55ean emango dute atal horietako lehena: Si yo no sé ¿Como les puedo ayudar? (Nik ez badakit, nola lagun ditzaket?). Euskaraz egiten ez duten gurasoei zuzenduta dago, haien seme-alabei nola lagun diezaieketen erakusteko asmoz. Amonarrizen arabera, saioa «praktikoa» izango da. Euskal Herriko Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta adituekin hitz egingo dute gaiaz. Euskaraz ez dakiten gurasoak dituzten lagunen bizipenak ere bilduko dituzte.

Datorren igandekoa, berriz, programa «deigarria» izango da, «ezustekoz betea»: El euskera, referente mundial (Euskara, erreferentea munduan). Munduan badira 7.000 hizkuntza, eta euskarak sailkapenean zer leku duen argituko dute. Itziar Laka EHUko katedradunak aniztasun soziolinguistikoaren esanahia eta garrantzia azalduko du. Halaber, honako hauek ere hitz egingo dute, besteak beste: Josu Waliño Puntueus fundazioko presidenteak; Jon Andoni Duñabeitia Basque Center on Cognition, Brain and Language ikerketa guneko kideak; Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak eta Soziolinguistika Klusterreko kide Belen Urangak.

Hirugarren atalak Migraciones y convivencia de lenguas (Hizkuntzen migrazioak eta elkarbizitza) izenburua izango du—abenduaren 13an—. Amonarrizek iragarri duenez, «hunkigarria» izango da, «bihotzera iritsiko da». Atal horretan Euskal Herrian erabiltzen diren hizkuntza guztietan jarriko dute arreta, eta hizkuntz aniztasunaren ezaugarriak aztertuko dituzte. Amelia Barquin Mondragon Unibertsitateko irakasleak migrazio berrien inguruko ikuspegi zabala emango du. Jon Maia bertsolaria ere azalduko da atal horretan, eta harekin izandako solasaldian «oso hunkituta» sentitu zela azaldu du Prados aurkezleak.

Pradosek nabarmendu du proiektuarekin «oso identifikatuta» dagoela. «Saioa grabatzen ari ginela, neure burua islatuta ikusi dut egoera askotan».

Amonarrizen arabera, saioko lantaldearentzat «ametsa» zen ETB2rako atal batzuk egitea. «Interesa piztu nahi dugu euskararen inguruan, jendea motibatu eta harritu, eta ikusleek ondo pasa dezatela euskararekin». Kasu honetan, euskaraz ez dakiten herritarrengan pentsatuz.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntza izan du saioak. Ondotik atal gehiago iritsiko diren erabakitzeko «goiz» dela uste du ETBko entretenimendu saioen buru Itziar Azpeitiak. «Ikusiko bagenu tokia egokia dela eta interesa pizten duela, gustura jarraituko genuke saioa ematen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.